Siriako gerra. Turkiaren inbasioa Rojavan

Erdoganek, kritikak gaitzetsi, eta Siriako kurduen aurkako erasoak gogortu ditu

Turkiako presidenteak mehatxu egin dio EBri «3,5 milioi siriar» bidaliko dituela Europara. Ankarari aire eremua debekatzeko eskatu dute kurduen ordezkariek Bruselan

Turkiaren inbasioaren aurkako manifestazio bat Qamixli hirian. Ankarak bonbardatu dituen hirietako bat da. KHABAT ZAN.
mikel rodriguez
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Turkiatik kanpo ia babesik gabe gelditu da Recep Tayyip Erdogan presidentea, Siriako Kurdistanen hasi duen inbasioari dagokionez. Kritika anitz egin dizkiote, eta Siriako gatazkan esku hartu duten ia herrialde guztiak agertu dira inbasioaren aurka. Baina inork ez du jakinarazi Erdoganen plana geldiarazteko pauso eraginkorrik, ezta horretarako borondate zehatzik ere, eta, atzo, bigarren egunez, lurreko indarren operazioekin eta aireko nahiz artilleria bidezko bonbardaketekin jarraitu zuen Turkiak. Gainera, Erdoganek argi utzi du ez dituela kritikak onartzen, ez kanpotik eginak, ezta etxekoak ere. Horren adibide, EB Europako Batasunari atzo egin zion ohartarazpena: «Europa! Gure operazioari okupazio erraten badiozu, eginen duguna sinplea da: ateak ireki eta zuri bidaliko dizkizugu 3,5 milioi siriar».

3,5 milioi siriar horiek errefuxiatuak dira Turkian, eta Erdoganen planaren helburuetako bat da Siriako Kurdistanen inbaditu nahi duen eremura bidaltzea horiek. Horrek aldaketa demografiko bat eraginen luke, errefuxiatu horietako gehien-gehienak arabiarrak baitira. 2015eko errefuxiatu uholdearen ondoren, EBk akordio bat egin zuen Turkiarekin, Ankarak migratzaileei Europarako bidea oztopa ziezaien. Orain, Erdoganek mehatxu egin dio errefuxiatuei Europara joaten utziko diela inbasioa kritikatuz gero.

EBko kideen artean Frantzia izan da inbasioa ozenen kritikatu duena. Erresuma Batuarekin batera, Sirian presentzia militar handiena izan duen kidea da. EBko 28 estatuetako Atzerri ministroak etzi elkartuko dira Bruselan, egoera aztertzeko. Sirian Eufrates ibaitik ekialdera agintzen duen SDC Siriako Kontseilu Demokratikoak ordezkaritza bat bidali zuen atzo Bruselara, EBko ordezkariekin elkartzeko —kurduen alderdiak dira SDCko indar nagusiak—. «Premiazko esku hartze bat nahi dugu krisian, eta erasoak berehala gelditu beharko lirateke», adierazi zuen Ilhan Ahmed SDCko ordezkariak. «Aire eremua itxi beharko liekete Turkiaren hegaldiei, aire erasoak geldi daitezen».

Ahalegin diplomatikoek, ordea, oraingoz ez dute fruiturik eman. NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak ez zuen EBko herrialdeek aurkeztu zuten gaitzespen adierazpen bat onartu, atzo, AEBak eta Errusia ez zirelako ados paratu.

AEBek Siriako Kurdistanen zituzten tropak erretiratu ondoren hasi zuen Turkiak inbasioa. SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizio militarrak —kurduen miliziak dira indar nagusia— traizio egitea egotzi die AEBei, EI Estatu Islamikoaren aurkako gerran aliatu izan baitira. Donald Trump presidenteak kritikak jaso ditu, baina Trumpek inbasioaren erantzule dela ukatu du, eta Turkiari zigorrekin mehatxu egin zion atzo ere. Lindsey Graham senatari errepublikanoak eta Chris Van Hollen demokratak zigor ekonomikoak eta diplomatikoak ezartzeko ekinbide bat aurkeztu dute Kongresuan. Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak erantzun du haiek ere neurriak hartuko dituztela AEBen aurka, zigorrak jasoz gero.

Errusiak, berriz, elkarrizketarako bide bat ireki nahi du Turkiako eta Siriako gobernuen artean. Ria agentziaren arabera, hori da Sergei Lavrov Atzerri ministroaren asmoa. Lavrovek lehenago errana zuen Damaskoren eta SDFren arteko elkarrizketa bultzatuko zuela, baina, atzo, Faisal Mikdad Siriako Atzerri ministrordeak baztertu egin zuen, eta «traizioa» leporatu zion SDFri.

Halaber, elkarren aurkako akusazioak egin dituzte Ekialde Hurbileko herrialde nagusiek eta Ankarak. Saudi Arabiak, Israelek eta Iranek, hirurek kritikatu dute Turkia —Irango Parlamentuko presidenteak asteburuan Istanbulera egitekoa zuen bidaia bertan behera utzi du—. Oraingoz, Turkiaren aurkako neurriak hartu dituzten herrialde bakarrak Finlandia eta Norvegia dira, arma esportazioak etenda —Norvegia eta Turkia NATOko kide dira—.

Turkiaren helburua da 480 kilometro luze den mugan 30 kilometro hegoaldera hedatuko den eremu bat inbaditzea. Ankarak laguntzen duen Siriako Armada Nazionala talde islamistak atzo erran zuen Ras al-Ain (Serekaniye, kurdueraz) eta Tel Abyad (Gire Spi, kurdueraz) hiriak inguratzea lortu zuela, mugatik hegoaldera zortzi kilometro barneratuz. Ilargi Gorriaren arabera, bi hiri horietako ospitaleak ez zeuden zerbitzuak emateko moduan.

Desplazatuak eta hildakoak

Erasoaldiak eragindako biktimen inguruan, hainbat datu eman zituzten atzo hainbat eragilek. Errate baterako, Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, bi egunetan 60.000 herritarrek alde egin dute etxetik. Zibilen heriotzei dagokienez, Ilargi Gorriak jakinarazi zuen Tel Tamer herriko ospitalean hamar gorpu jaso zituztela, eta SDFk erran zuen bederatzi zibil hil zirela bonbardaketen ondorioz. Turkiako agintarien arabera, berriz, miliziano kurduek sei zibil hil zituzten mugaren bertzaldetik artilleriarekin tiro eginda. Akçakalen, eta Turkiako Kurdistango Ceylanpinar eta Nusaybin hirietan gertatu ziren bonbardaketa horiek, iturri horren arabera.

Borrokaren parte direnei, dagokienez, alde bakoitzak bertzeari eragin dizkion galeren inguruan solas egin du, baina bertze aldeak ez du datu hori berretsi. Erdoganek atzo goizean erran zuenez, «174 terrorista neutralizatu» zituzten; kurduen miliziek, berriz, «22 jihadista baino gehiago» hil zituztela adierazi zuten.

Turkian bertan, gobernuak eta justizia sistemak operazio militarraren kritikak isilarazi nahi dituzte. 21 pertsona atxilotu dituzte sare sozialetan «propaganda» eta «gezurrak» idazteagatik, eta Fiskaltza HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa ezkerreko koalizioko bi buruzagiak, Sezai Temelli eta Pervin Buldan, ikertzen hasi da gerraren aurka egin dituzten adierazpenengatik.

Gerrak jaialdia eten du

Meryem Kobane: «Atzo arte heroiak zirenak gaur ezin dira ikusezinak izan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.