Koronabirusa

Maskaren erabilera orokorturantz

Hego Euskal Herrian maskara nahitaez erabiltzea agindu dezakete aste honetan. Iparraldean, leku itxietan jantzi beharko da. Kezka areagotzen ari da, kasuen gorakadarekin eta agerraldi berriekin

Hiru pertsona maskarak jantzita, joan den astean, Orion (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Maskararen erabilera geroz eta ohikoagoa da, batik bat, koronabirus kasuak nabarmendu diren tokietan, baina herritarren artean erabilera oraindik ez dago orokortuta. Hala ere, badirudi joera aldatu egingo dela. Hego Euskal Herrian maskara derrigorrean erabili behar izatea geroz eta gertuago dago, nahiz eta segurtasun distantzia mantendu. Ipar Euskal Herrian, oraingoz, 11 urtez gorakoek erabili behar dute nahitaez maskara, baina, soilik, garraio kolektiboetan, museoetan eta monumentuetan. Gainontzeko leku publikoetan maskara erabiltzea gomendatuta dago. Halere, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ohartarazi du abuztuaren 1etik aurrera maskara jantzi beharko dela leku itxietan. Gainera, hala nahi duten herritarrek PCR proba bat egiteko aukera izango dute.

Nafarroako Gobernuak gaur onar dezake maskara nahitaez erabiltzeko araua. Birusaren agerraldi berrien ostean, barne prozesu bat abiatu zuen Osasun Sailak, eta kanpoko aholkulari batzuekin ere hitz egin dute. Are, baliteke beste neurri batzuen berri ere ematea. Jaurlaritzak ere esku artean du arau berbera ezartzea. Nekane Murga Osasun sailburuak jakinarazi du neurri sorta bat aztertzen ari direla, eta maskaren erabilera orokortua horietako bat dela. Hala ere, erantsi du «zehaztasunez» ikertu nahi dutela: «Egoera epidemiologikoak justifikatzen dituen neurriak jarri nahi ditugu, baina baita prebentziozkoak eta egoerak okerrera egitea eragotz dezaketenak». «Analisi sakon bat» egiten ari da Osasun Saila, eta sailburuak nabarmendu du aste honetan aurkeztuko dituztela horren ondorioak eta haien harira ezar daitezkeen neurriak.

Gobernuek ez ezik, foru aldundiek eta udalek ere geroz eta beharrezkoagotzat jotzen dute maskarak erabiltzea. Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailearen ustez, prebentzio neurriak direla eta, herritar batzuk «erlaxatu» egin dira. Gogorarazi du herritarrek maskara erabili behar dutela metro eta erdiko distantzia mantentzen ez denean, baina aitortu du ez dela egiten. Beraz, dei egin die herritarrei: «Eusko Jaurlaritzak beste neurriren bat hartu aurretik, indarrean dauden arauak betetzeko erantzukizuna eskatzen dut». Eudel Euskal Udalen Elkarteak ere ohartarazi zuen maskarak erabili behar direla, eta, hain zuzen, udal batzuek gogoan izan dute haren esana. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eskatu du maskara «babes indibidualerako» erabiltzeko, izurritea gainditzen lagundu dezakeela iritzita.

Kasu positiboak: 42

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak azken kasuen berri eman zuten atzo. Guztira, 42 positibo berri atzeman dira Hego Euskal Herrian, herenegun baino bederatzi gehiago. Hildakorik ez da egon. Murgak eskainitako datuen arabera, Araban bi kasu erregistratu dituzte. Bizkaian, berriz, 11 atzeman dituzte, eta horietatik sei, Bilbon. Herenegun ere 11 positibo jaso zituzten hiri horretan, baina azaldu zuten ikertzen ari direla zein den kasu horien sorburua; oraingoz, ez dago berri gehiagorik. Gipuzkoan hamalau dira kasu berriak, eta horietatik sei Tolosan atzeman dituzte. Osasun sailburuak ohartarazi du Ordiziako agerraldiarekin lotura dutela, eta inguruko herrietan «adar posibleak» aztertzen ari direla. Guztira, 75 dira agerraldi horri lotutako positiboak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ohartarazi du gizarteratzeko baliabideen sarean sei positibo atzeman dituztela, eta fokuaren sorrera prestakuntza gela batean dagoela.

Nafarroan, beste hamazazpi positibo egon ziren atzo. Horietako batzuk aurrez identifikatuta zeuden agerraldiekin daude lotuta: Iruñeko sanferminetan eginiko gosari batekin. Bi dira berriak, eta dagoeneko 23 dira agerraldi horrekin harremana duten positiboak. Beste lau Iruñerriko fokuarekin daude lotuta, eta guztira zortzi identifikatu dituzte. Are, azken positiboetako zazpik harremana dute beren artean, familia ingurukoak baitira. Azken laurak ez daude aurretiko agerraldiekin lotuta. Gainera, Tuterako agerraldiarekin harremana duen positiborik ez da egon; 37 dira kasuak.

Kezka, areagotuta

COVID-19aren kasu berrien agerpenarekin, oro har, kezka areagotu egin da azken egunotan; adibidez, Azpeitian (Gipuzkoa). Udalak adierazi du «kezkatuta» dagoela asteburuetan gertatzen ari den jende pilaketekin, eta, nahiz eta neurriak adostu tabernariekin, ez dela «nahikoa» izan. Egoera aztertu eta neurri berriak hartuko ditu aste honetan. Are, erantsi du ezin daitekeela ahaztu osasun larrialdia dagoela oraindik, eta guztien ardura dela neurriak hartzea. «Guztion osasuna dago jokoan, egizu zugatik eta herritar guztion osasunagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.