Katalunia. Diada

Bidean aurrera jarraitzeko deia

ANCk eta Omniumek «zatiketa» gainditzera deitu dituzte indar independentistak. Ohartarazi diete herritarren mobilizazioak gain hartuko diela hala egin ezean

ORIOL CLAVERA.
Gorka Berasategi Otamendi.
Bartzelona
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
«Ezohikoa». Denen ahotan zebilen hitza. Koronabirusak ez du aukerarik eskaini aurtengo Diada, Kataluniaren ospakizun nazionala, iragan urteetakoa bezain jendetsua izateko. Hala, eragile independentistek egoerari egokitutako ekitaldiak antolatu behar izan dituzte: segurtasun neurriak bete, eta parte hartzea mugatu. Baina pandemiak bakarrik ez, giro politikoak ere baldintzatu zuen atzoko Diada. Indar independentistak ez datoz bat prozesu subiranista garatzeko jarraitu beharreko estrategian, eta, hain justu, batasun falta hori kritikatu dute Omnium Culturalek eta ANC Biltzar Nazional Katalanak.

«Ezin dugu zain jarraitu atzera goazen bitartean. Nazkatuta gaude zatiketarekin eta taktikekin», mintzatu zaie Elisenda Paluzie ANCko presidentea indar independentistei. «Estrategia bat exijitzen dugu. [Oriol] Junqueras presidenteorde zilegia, [Carles] Puigdemont presidente zilegia, hitz egin zuen artean. Irakurri nahi dugun liburuak zuen bion sinadura izan behar du».

Paluzieren aurretik, Marcel Mauri Omniumeko presidenteordeak hartu du hitza, eta, haren esanetan ere, independentismoak «nahikoa borroka eta eztabaida antzu izan du. «Horixe nahi du [Espainiako] estatuak». Prozesu subiranista burutzeko «ortzimuga» zehazteko eskatu du. Alderdiei ohartarazi die adostasunik lortu ezean herritarrek aurre hartuko dietela.

Paluziek gogorarazi du ANCren bide orria zein den: independentismoak hauteskundeetan botoen %50 baino gehiago lortzea, «urriaren 1eko agintea» errespetatzea eta independentzia deklarazio bati eusteko prestatzea.

ANCk, Omniumek eta AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien elkarteak 131 elkarretaratze antolatu dituzte Katalunian barrena. «Europan COVID-19 garaian egin den mobilizaziorik handiena», antolatzaileen esanetan. Orotara, 59.500 manifestari baino gehiago bildu ditu.

Ekitaldi nagusia antolatzeko boluntario lanetan aritu zen atzo Carles Alvarez. Haren iritziz, zenbaitek independentismoaren mobilizatzeko ahalmena ahuldu egin dela dioten arren, ez da halakorik gertatu. «Jendea mobilizatzeko gogotsu dago. Batez ere Espainiak arrazoiak ematen dizkigulako etengabe». Indar independentisten artean estrategia adostu bat ez egoteak kezkatu arren, uste du «gertaera garrantzitsu baten aurrean» herrialdearen interesak jarriko lituzketela alderdi interesen aurretik.

Ez dator bat Angels Noguera, ekitaldira iristen lehenetarikoa: «Herriak aurrera egingo luke, baina ez dago lidergo sendorik». Alderdien interesak «oso handiak» direla dio, eta soilik «gizartea mobilizatuta» behartuko dituztela estrategia bat adostera.

ANC, Omnium eta AMIko buruen hitzaldiak bildu zituen ekitaldia Bartzelonako Letamendi plazan egin zen, Espainiako Ogasunaren parean. Hain justu, Paluziek jakinarazi du hemendik gutxira «zerga subiranotasun kanpaina» bat jarriko duela abian ANCk, jendeak erabaki dezan nori ordaindu nahi dizkion bere zergak. «Ez dizkiogu ordaindu nahi espoliatzen gaituen estatu bati». Paluzieren esanetan, autodeterminazioa herritar bakoitzean hasten da, eta gizarteak egin dezakeen presioaren testuinguruan kokatu zuen «zerga subiranotasun kanpaina».

Ia 3.000 «errepresaliatu»

Beste hainbat ekitaldi izan ziren atzo Katalunian. Horietako bat Omniumek antolatu zuen Bartzelonako Lluis Companys pasealekuan. 2.850 aulki hutsekin hartu zuten pasealekua; aulki bat prozesuarekin lotutako «errepresaliatu» bakoitzeko. «Milaka herritar anonimo, urriaren 1ean hautetsontziak babestera irten zirenak, edo Jonqueran, Ampostan edo Bartzelonan protesta egitera irten zirenak», adierazi du Maurik. Ohartarazi du ez dutela sekula normalizatuko errepresioa. CUPek eta CDRek mobilizazioak egin zituzten iluntzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.