Argentina. Abortuaren legea

Garaipena gertu dute

Argentinako Senatuak gaur bozkatuko du abortuaren lege proiektua; emaitzaren inguruan zalantza handiak daude. Emakumeen mugimenduen presioa oinarrizkoa izan da proiektuak aurrera egin dezan

Abortuaren aldeko mugimenduaren protesta bat Buenos Airesen, Kongresuaren egoitzaren parean, hilabete hasieran. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2020ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Duela ia ehun urte, Argentinak Zigor Kodean sartu zuen abortatzea ezingo zela zigortu kasu hauetan: emakumearen bizia edo osasuna arriskuan zegoenean, eta emakumea bortxaketa baten ondorioz zegoenean haurdun. Duela egun gutxi batzuk, berriz, lehen onespena eman zion Haurdunaldia Norbere Borondatez Eteteko Legeari, eta funtsezko pausoa izan da emakumeen gorputzaren autonomiarako. Ez da 2018an bezainbeste eztabaida izan —gehiegi ez atzeratzeko—, eta kalean ere mobilizazio askoz gutxiago egin dira —pandemiaren ondorioz—, baina, itxura guztien arabera, aurten, doi-doi bada ere, behar diren baldintzak betetzen dira Senatuan behar adina boto bildu eta proiektua lege bihur dadin.

2018ko abuztuaren 8an, Argentinako Senatuak abortuaren legea onartzearen kontra bozkatu zuen; bi hilabete lehenago, ordea, diputatuen ganberak aldeko botoa emana zuen. Kalean mobilizazio erraldoiak izan ziren bi bozketak egiteko garaian, eta eztabaidak gizarte osoa zeharkatu zuen. Orain, badirudi bestelakoa dela jokalekua; hasteko eta behin, bozketa batetik bestera hemeretzi egun baino ez direlako pasatu, eta pandemiaren eraginez askoz ere mobilizazio txikiagoak izan direlako kalean. Eztabaidak berak ere, ganberen barrukoak zein kanpokoak, ez dira izan duela bi urtekoen tamainakoak.

Lehen aldiz, gobernuak, Alberto Fernandez buru duela, abortuaren lege proiektu bat egitea agindu du, eta Kongresuan haren inguruan eztabaidatzea sustatu. Abenduaren 1ean, bi proiektu aurkeztu zituzten diputatuen ganberako batzordeetan eztabaidatzeko: bata, gobernuarena, eta bestea, Abortatzea Segurua eta Doakoa Izateko Eskubidearen Aldeko Kanpaina Nazionalarena. Duela bi urtetik hona, diputatuen botoa bera ere aldatu da, garaiak aldatu diren erakusgarri. Mariana Carbajal kazetariak ederki azaldua du: «2018an baino %20 emakume gehiagok bozkatu dute abortua legeztatzearen alde». Ganberan emakume gehiago daude orain, eta horrek ere izan du zerikusirik boto aldaketan.

Talde feministek eta emakumeen mugimenduek bultzatu dute kanpaina. Leloa hauxe dute: Sexu heziketa, erabaki ahal izateko; antisorgailuak, ez abortatzeko; legezko abortua, hilda ez bukatzeko. Bereizgarri nagusia, berriz, zapi berdea (Maiatzeko Plazako Amen eta Amonen sinboloaren antzekoa), zeina ehunka mila argentinarren janzkeraren parte bilakatu baita. Kanpainak borrokan daramatzan urte guztietan sekula izan ez duen ikusgaitasuna lortu du.

Datuak

Gobernuaren bultzada funtsezkoa izan da legea mamitzeko bidean, baina, bereziki, emakumeen mugimenduek oinarritik egindako presioa izan da funtsezkoa. Alberto Fernandezek joan den martxoan egin zuen lehen hitzaldia Kongresuan, eta orduan iragarri zuen proiektu bat aurkeztuko zuela abortua legeztatzeko; bada, haren agintaldi osoan, feministek egunero gogorarazi diote esan zuen hori. Pandemia baliatuz jarritako aitzakiak eta berrogeialdiak eragindako oztopoak ez dira aski izan dozenaka urte borrokan daramaten horiek geldiarazteko: borrokan, ez daitezen milaka emakume hil modu klandestinoan abortatzeagatik eta abortu horien ondorioengatik. Datuek diote Argentinan 370.000-520.000 abortu egiten direla urtean, eta 39.000 emakume ospitaleratu behar izan dituztela abortatu osteko konplikazioengatik. Gainera, 1983an demokrazia berriz ezarri zenez geroztik, 3.000 emakume hil dira halako konplikazioen ondorioz.

Gaur jorratuko dituzte Senatuan bai abortuaren lege proiektua —zeinak despenalizatu eta legeztatu egiten baitu haurdunaldiaren lehen hamalau asteetan abortatzea— eta bai mila egunen lege proiektu delakoa —parlamentuaren ekinaldi bat, ezartzen duena estatuak laguntza eman behar diela emakume haurdun kalteberei—; biei ere lehen onespena eman zien diputatuen ganberak joan den abenduaren 10ean.

Gobernuak abortuaren legeari buruz egindako ekinbidea moldatu egin zuten Kongresuan, segurtatzeko babes handiagoa izango zuela Senatuan: instituzioetan kontzientzia eragozpena adieraztearen inguruko artikulu bat gehitu zitzaion, ezartzen duena ezen, erakunde jakin bateko langile guztiak eragozle eginez gero, «aurreikuspen eta prestaketa lanak» egin beharko dituztela abortatu nahi duten emakumeak «zerbitzu hori emango duen beste norbaitengana» bideratzeko. Beste bi aldaketa ere egin zitzaizkion testuari, 16 urtez azpikoei eman beharreko arretari buruzkoak.

Bozketa estua

Baliteke Senatuko bozketa are estuagoa izatea Diputatuen Ganberakoa baino: azken horretan 131 boto izan dira abortuaren legearen alde, 117 kontra, eta sei abstentzio. Hala ere, duela bi urte baino handiagoa da aldea, orduan 129 boto izan baitziren aldekoak, eta 125 kontrakoak.

Egia esan, batzu-batzuk gustura irudikatzen ari dira zer gertatuko litzatekeen senatarien ganberan berdinketa aterako balitz, zeren hala gertatuz gero Cristina Fernandez Kirchner presidenteordeak ebatzi beharko bailuke bozketa, eta uste izatekoa baita alde bozkatuko duela. 2018an, Senatuko 38 ordezkarik bozkatu zuten kontra, eta 31k alde.

Hala ofizialismoak nola oposizioak nabarmendu izan dute eztabaidak errespetuz egin direla, baina batzuk salatu egin dituzte estutzeagatik eta mehatxatzeagatik. Abortuaren legearen aurkako sektoreetako zenbait kidek prebentzioaren eta Sexu Heziketa Integralari Buruzko Programaren alde egin zuten 2018an, hari buruzko legea eztabaidatu zenean, baina, gero, ahal zuten guztia egin zuten aurrera atera ez zedin.

2021aren atari-atarian, berriro ere hesituko dute Kongresuaren inguruko plaza. Pandemiagatik hartutako neurriak zirela medio, jende gutxiago agertu zen hara diputatuen bozketa egin zenean, baina, saio amaigabe hark ia hogei ordu iraun zuen arren, halako ekitaldietan ohikoa ez den jendetza batek ikusi zuen zuzenean, eta goizaldeko ordu txikiak arte geratu ziren zain botoak zein ziren jakiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.