Latinoamerika. Urteak utzi duena

Aldaketarako lehen urratsak

Latinoamerikan aberatsenen %20ren esku dago diru guztiaren erdia. Finantzetatik haratago, adituek gobernu aurrerakoien beste olatu bat iragarri dute; Bolivia da horren adibiderik argiena

David Choquehuanca Boliviako presidenteordea eta Luis Arce presidentea. MARTIN ALIPAZ / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Latinoamerikan, lehendiko ezberdinkeria estrukturalari eta zenbait herrialdetako krisi ekonomiko eta politikoei gehitu zitzaien iaz koronabirusaren pandemia. Oraindik ez dago datu fidagarririk erakusten duenik proportzioan zenbaterainoko eragina izan duen pandemiak herritarrengan, baina argi dago egoera honek kalte egin diela hango biztanlei, batez ere sektorerik pobretuenetan. Bestalde, badirudi hango mapa bestela egituratzen ari dela. Bolivian alde handiz irabazi du MASek, eta Txilen konstituzioa aldatzearen aldeko plebiszitua egin dute. Baliteke garai aldaketa baten iragarleak izatea, edo Latinoamerikako beste olatu aurrerakoi baten erakusgarriak.

PANDEMIA

Estatuek gutxi-asko esku harturik, zenbait herrialdek bizi-bizi eta sendo buru egin diote pandemiari, plan sozialak onartuz, zuzeneko diru transferentziak eginez, tarifen eta alokairuen prezioak izoztuz eta abar. Bizilekuen baldintzak eta oinarrizko zerbitzuak, ordea, direnak dira, eta lan merkatua, aski informala: horrek denak izugarri eragin die askori, eta oso modu ezberdinean bakoitzari. Izan ere, ezin da Latinoamerikaz hitz egin, ezin da hango egoera deskribatu aintzat hartu gabe alde handiak daudela hango biztanleen bizi kalitatean. Halaber, zaila da Latinoamerikaz mintzatzea kontuan hartu gabe zer-nolako errealitate ekonomiko, politiko eta sozial ezberdinak dauden hango herrialdeen artean. Herrialde batzuetan osasun eta hezkuntza zerbitzu publikoak eta doakoak dituzte; beste batzuetan, aldiz, ez. Eta, gaur egungo egoeran, alde izugarria egiten du horrek. Horretaz gainera, pandemiaren eragina beste modu batean leundu ahal izan dute, eta leundu dezakete, pentsio plan unibertsalak dituzten herrialdeek eta fortuna handiei zergak ezarri ahal izan dizkietenek ere.

Desoreka norainokoa den neurtzeko, ordea, ez dago formula bakarra. Latinoamerikan, diru sarrera guztien %4 daude herritarren %20 pobreenen esku; aberatsenen %20k, berriz, diru guztiaren ia erdia bereganatzen dute. Hori bada modu bat desberdinkeria neurtzeko, baina badira beste mekanismo batzuk ere, hala nola aztertzea zenbateko aberastasuna dagoen pilatuta piramidearen gorenean. Oro har, Giniren indizearen bidez neurtu ohi da herrialde bateko desoreka: diru sarreren arteko aldeak zenbatekoak diren neurtzen du indize horrek, eta, hortaz, beste alderdi batzuk ez dira aintzat hartzen, esaterako, aberastasunaren pilaketa. Nolanahi ere, Giniren indizeari bakarrik erreparatuta, eta Munduko Bankuaren txosten baten arabera, 1990etik hona herrialde hauetan arindu da gehien desoreka 30 urtean: El Salvadorren, Bolivian eta Guatemalan, hurrenkera horretan. Hiru herrialde horietan, lan merkatua dela-eta leundu da desberdinkeria hori, ez aberastasuna bestela banatu delako. Gainerakoan, indize horren arabera, herrialde hauetan dago desorekarik txikiena: El Salvadorren, Uruguain eta Argentinan. Laburbilduz, esan daiteke Latinoamerikan daudela oraindik ere desorekarik handienak munduan, eta hazkunde ekonomikoa ez dela aski desoreka hori arintzeko.

Txileren kasua paradigmatikoa da: diru sarrerak hobeto banatuta daude orain, eta pobrezia murriztu egin da, baina herritar asko eta asko ez daude batere pozik, eta sentipen hori zabalduz doa; izan ere, pentsio sistema pribatizatu egin zuten duela berrogei urte eta pentsioen ia %80 gutxieneko soldata baino apalagoak dira.

JOKALEKU POLITIKOA

Eskualdeko jokaleku politikoa ez dago soilik nazioarteko finantza erakunde handien perspektiba eta analisien mende. Eskualdean ezkerreko gobernuen edo gobernu aurrerakoien beste olatu bat izango balitz analista batzuek iragarri duten moduan, estatuek esku hartzeko beste estrategia batzuk ezarriko lituzkete segur aski. «Aldaketarik adierazgarriena Bolivian gertatutakoa izan da», azpimarratu du Alfredo Serrano Mansillak, ekonomialari eta Latinoamerikako Geopolitikako Estrategia Zentroko (Celag) zuzendariak. «Ezkerreko politikaren itzulera adierazten du, iraultza demokratiko eta kulturalarena, han deitzen dioten moduan esanda. Uste dut horrek azaltzen duela zer gertatu den Latinoamerikako parte handi batean. Batetik, erakusten du zer zaila den gobernu neoliberalentzat hauteskundeak demokratikoki irabaztea gobernu aurrerakoiak dauden jokalekuetan. Bestetik, ikusarazten du zer zailtasun dituzten zenbait arlo ondo kudeatzeko, hala ekonomiari dagokionez nola egonkortasun politiko eta instituzionala bermatzeko orduan. Horrez gainera, erakusten du konbikzio politikoak errentagarriak direla, eta komunikabideetan edo sare sozialetan esaten dena eta herritarrek pentsatzen dutena askotan ez datozela bat.

Andres Manuel Lopez Obrador Mexikon (2018ko abenduan) eta Alberto Fernandez Argentinan (2019ko abenduan) garaile atera ondoren, jende askorentzat erakargarria izan da progresismoa eskualdera bueltatzeko aukera. Beste gertakari batzuek ere hauspotu dute egoera hori: besteak beste, Peruko matxinadek, baita Txilen inoiz ez bezala izandako mobilizazioek ere, zeinek plebiszitu batera deitzea eragin baitzuten.

«1999 eta 2016 bitartean, gobernu alternatibo guztien asmoa zera zen, AEBen eredu ekonomikoaren eta politikoaren aurka borrokatzea», adierazi du Enrique Daza Gamba ekonomialari kolonbiarrak. «Gero, atzeraldi kontserbadore moduko bat egon zen, eta jarrera kontserbadoreen gorakada ekarri zuen: Trump harroputz agertu zen, harreman onak eta hurbilekoak zituelako Argentinako [Muricio] Macrirekin, Brasilgo [presidente Jair] Bolsonarorekin, Txileko [Sebastian] Piñerarekin eta Kolonbiako [Ivan] Duquerekin. 2019 eta 2020 bitartean, demokraziaren aldeko borrokak hartu du indarra, ikuspegi burgesetik begiratuta: botere banaketa eta hauteskunde gardenak. Aldaketarik garrantzitsuenak Bolivian izan dira batez ere, baina baita Txilen, Brasilen, Kolonbian, Ekuadorren eta Perun ere; herrialde horietan guztietan mobilizazioak egon dira».

Daza Gambaren ustez, kontserbadoreen porrotak baditu zenbait kausa: politika neoliberalak ez dira gai ekonomia suspertzeko; gizarte mugimenduak, berriz, kalean daude; Washingtonen mende daudenak banaturik daude; eta AEBen nagusitasuna ahultzen ari da. Horrek guztiak martxan jarri du kontinentean aldaketa handiak eragin ditzakeen dinamika bat.

ERAKUNDE MULTILATERALAK

«[Eskuinerako] Biraketaren adierazle garbia izan zen politika neoliberalak berrezarri izana, hainbat gobernu berriz Washingtonekin elkartu izana, Amerikako Estatuen Erakundea aktibatu izana, Unasur desagertu izana, Mercosur ahuldu izana eta Nazioarteko Diru Funtsa eskualdean berriz esku hartzen hasi izana», dio Daza Gambak.

Amerikako Estatuen Erakundea (AEE) eta haren ordezkari nagusi Luis Almagro erabakigarriak izan ziren Bolivian Evo Morales kargutik kentzeko prozesuan. Duela egun batzuk, Hego Amerikako Parlamentuko (Parlasur) presidente Oscar Labordek jakinarazi zuen erakunde horrek Luis Almagro iker zezan bultzatuko duela, 2019ko Boliviako krisian izandako eraginagatik.

«Gobernu alternatiboak erori zirenean, AEBek AEE berrezartzea bultzatu zuten, Latinoamerikarako erakunde integratzaile nagusi gisa, eta horrek ez zuen funtzionatu Almagroren AEE beti izan zena bihurtu zelako: AEBen gehigarri bat. Horren guztiaren gailurra da Almagroren kudeaketa, eta garbi erakusten du ez dela erakunde integratzaile eta demokratiko bat».

«Uste dut Latinoamerikan, neurriz kanpoko liskarren garai honetan, zaila dela integraziorako mekanismoak ordenatzea. Garai batean, horrelako mekanismo asko zabaldu ziren, zeinek bere helburua zuela, baina herrialde batzuentzat oso zaila da nazioarteko aliantzak planteatu ahal izatea, barne arazo handiak dituztelako, egoera ekonomiko kritikoek are larriago bihurtuak. Darwinismo politiko moduko bat ere badago, 'ahal duenak ospa, eta besteak hor konpon' moduko bat, eta ez da bloke handien araberakoa: lotuago dago indibidualismoarekin, Latinoamerikari dagokionez batzeko irizpidearen kontuan. Horrek agian ulertaraziko digu gune horiek zergatik ez diren sendotu, bakoitzak bere berezitasunak gordeta».

Badago zalantzarik gabe baiesteko moduko zerbait: integrazio mekanismo horien porrota edo sendotu ezina ez da saiatu ez izanaren ondorio. «Unasurrek porrot egin eta Celac ez aurrera ezatzera geratu ostean, eskuina behin baino gehiagotan ahalegindu zen koordinazio mekanismoak ezartzen, hala nola Pazifikoko Aliantza eta Limako Taldea. Limako Taldea geldirik geratu zen ez zirelako ados jarri Trumpen agendari segitzeko, ezta setio bat egin eta Venezuela inbaditzeko ere. ALBA, berriz, Venezuelako krisiak eta petrolioaren garestitzeak ezereztu zuten. Celac baino ez da geratzen, erretorikoki esanda behintzat», adierazi du Daza Gambak. Serrano Mansillak, berriz, badu horri buruzko esperantza: «Zaila da denak zaku berean sartzea; izan dira huts egindako saiakerak, adibidez Limako Taldea eta Prosur, baina Pueblako Taldea ere indartsu azaleratu da, Latinoamerikako progresismoari dagokion topagune modura, eta sendotuz doa».

BESTE OLATU BAT

Eskualdera beste olatu aurrerakoi bat iritsi dela diotenen ustez, Luis Arce (Bolivia), Fernandez (Argentina) eta Lopez Obrador (Mexiko) dira belaunaldi horren ordezkariak, eta Txile, Peru eta Ekuador, aldiz, porrotaren erakusgarri dira: agerian geratu da ez dutela batere gaitasunik hegemonia eskuratzeko, oreka lortzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak behar bezala zaintzeko.

Aurrera begira, zenbait politikariren proposamenetan sumatzen hasia da olatu berri horren esperantza: Ekuadorren, Arauz-Rabascall bikoa; Peruren Alde Baturik alderdian, Veronica Mendoza; Colombia Humanan, Gustavo Petro; Txilen, sortu berri diren alternatibak, plebiszituan baztertu egin baita Pinochetengandik jasotako konstituzioa; Brasilen, agertu berri diren lider batzuk, hala nola Guilherme Boulos eta PSOL. «Horiek guztiek olatu aurrerakoi bat dakarte, eta olatu hori nabaritzen hasia da gobernura iritsi ez diren tokietan ere», bota du, gogo beroz, Serrano Mansillak. «Nire ustez, gauza askotan igartzen da eskualdeko olatu aurrerakoia, eta duela hilabete batzuk hasi zen, duela urte batzuk beharbada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.