Koronabirusa

Pertsiana, koska bat beherago

Nafarroako Gobernuak ostalaritzako eta merkataritzako neurriak gogortu ditu. 21:00etara aurreratu dute tabernak ixteko ordua, saltoki handien edukiera mugatu dute, eta terrazetan erretzea debekatu

Ostalari bat Iruñeko San Nikolas karrikako taberna batean, lanaldiaren ostean pertsiana jaisten. Aurrerantzean, 21:00etan itxi beharko dute atea. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Gogorrago, atzera ere. Gabonak bukatu zirenetik COVID-19aren transmisio kurba etenik gabe hazten ari dela ikusita, orain arteko neurriei eustea eta murrizketa gehiago ezartzea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Osasun kontseilari Santos Indurainek sinatutako foru agindu batean zehaztu dituzte betebehar berriak, eta bihartik aurrera izanen dira indarrean.

Neurriok ostalaritzari eta merkataritzari eragiten diete, batez ere. Hala, taberna eta jatetxeetako edukierei eutsiko diete —% 100 kanpoan eta % 30 barruan—, baina ixteko ordua 21:00etara aurreratuko dute —orain arte baino ordubete lehenago—, eta debekatu eginen dute terrazetan erretzea.

Merkataritzari dagokionez, berriz, hipermerkatuek, saltoki ertain eta handiek eta merkataritza guneetako establezimenduek ezinen dute gainditu edukieraren %30. Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Javier Remirezek atzo azaldu zuenez, erabaki hori hartu dute «merkealdiari lotutako arriskuak murrizteko eta mugikortasuna arintzeko». Hala ere, neurri horrek ez dio txikizkako merkataritzari eraginen, saltoki txikietan orain arteko gehienezko edukierari eutsiko baitiote: % 50ekoari, alegia. Bestalde, gobernuak enpresei eskatu die langileen ordutegiak «malgutzeko» eta sartu-irtenak mailakatzeko, garraio publikoan eta lantegi handien ingurumarietan jendea pilatu ez dadin.

Ostalaritza, merkataritza eta lan eremuetatik kanpo, baina, beste jarduera bat ere arautu du Nafarroako Gobernuak, COVID-19aren transmisio iturri izan daitekeelakoan: kalean erretzea. Ez da debeku izanen espazio publikoetan erretzea, baina zenbait baldintza jarri dizkiete erretzaileei: hala, toki batean geldi egon beharko dute, alde batetik bestera mugitu gabe, eta, une oro, beste pertsonekiko bi metroko segurtasun tartea mantenduz.

Neurri berriak hilaren 28ra arte izanen dira indarrean, baina, gobernuak azaldu duenez, «astean behin» berrikusiko dituzte, eta arindu, gogortu edo bere horretan utzi, osasun adierazleen arabera. «Datorren astean, ikuspegi zabalagoa izanen dugu Gabonetako harreman sozialak areagotzeak ekarri dituen ondorioei buruz», azaldu du Remirezek.

Gabonen aurretik ezarritako neurri nagusiei ere eutsiko die Maria Txibiteren gobernuak, urtarrilaren 28ra arte: lurraldearen itxiera perimetralari, 23:00etako etxeratze aginduari eta bilkurak sei pertsona eta bi bizikidetza unitatera mugatzeari, alegia. Azken puntu horri dagokionez, ordea, bizikide ez direnen arteko bilkurak «ahal bezainbeste» murrizteko gomendioa egin zuen Remirezek: «Etxekoak bakarrik elkartzen badira, hobe».

Arrisku handiko egoeran

Izurria hedatzeko arriskua neurtzen duten adierazleen arabera, Nafarroa 3. alerta mailan dagoela gogorarazi du Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Javier Remirezek. Guztira, lau eremu edo arrisku maila ditu «COVID-19aren semaforoak». Horren arabera, Nafarroa ez dago alerta handieneko multzoan—«muturreko arriskua»—, baina bai hurrengoan. Remirezen esanetan, horrek esan nahi du izurria ez dagoela kontrolpean eta arriskua «handia» dela oraindik.

Izan ere, azken hamalau egunetan, izurriaren intzidentzia 192 kasutik 301 kasura igaro da 100.000 biztanleko —«arrisku handikotzat» jotzen dira 250 kasutik gorako egoerak—. Gainera, ospitaleetako oheen eta ZIUen okupazioa «apala» izanagatik, kasuen hazkundea hasia da osasun sisteman ere nabaritzen. Osasun kontseilari Santos Indurainen esanetan, horrek eraman du gobernua «prebentzio neurri gehiago adostera».

Maria Txibiteren gobernuak abenduaren 26an onartu zuen azken neurri sorta, Gabon zahar gaueko eta Urteberri eguneko bilkurak mugatzeko eta erkidegoen artean mugitzea debekatzeko. Indurainen irudiko, murrizketa horiei esker lortu du Nafarroak «[Espainiako] Estatuko batezbestekoaren azpitik egotea» hamalau eguneko intzidentzia metatuari dagokionez —Espainian, 454 kasu dira 100.000 biztanleko—. Adierazle horiek okerrera eginen balute, neurri «are gogorragoak» hartzeko prest azaldu da: «Arrisku handiko eremutik muturreko arriskura hurbiltzen ari gara, eta horrek ekarriko du neurriak gogortzea, baina hori datuek esanen digute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.