Donostiako metroa. Lur azpiko lanak

Metroaren obrak eraikinei eragin diezaiekeela dio ETSk

Donostiako metroaren Mirakontxa-Easo tartearen zulaketa lanak berriz hastear dira. BERRIAk ETSren eraikuntza proiektuaren zenbait atal eskuratu ditu, lur azpiko egoera azaltzen dutenak. ETSk dio orain «seguruago» egingo dutela lan

Metroaren obrako langileak Morlanstik Mirakontxara doan tunelean lanean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Iñaki Agirre Perez.
Donostia
2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Ekainean Donostiako metroaren Mirakontxa-Easo tartearen eraikuntza lanak berrartuko dituzte, lur azpiko zulaketek eragindako konplikazioen ondorioz obra hainbat hilabetez eten eta proiektua gainkostuarekin berriz esleitu eta gero. Bigarren fasea deritzonak metroaren ibilbidea osatzeko falta diren 400 metroak zulatzea du helburu: Kontxako hondartzaraino eta Urbieta kaleraino eginiko bi tunelak elkartuko dituen zatia. Lur azpiko lan horrek, ordea, oso aurkakoak diren baldintza geoteknikoei egingo die aurre, zulatuko den eremuan lur gainean ere eragin dezaketen haustura zonak daudelako, batik bat Kontxako hondartzaren inguruan.

ETS Euskal Trenbide Sareak fase honetarako idatzitako eraikuntza proiektuaren zenbait atal kontsultatzeko aukera izan du BERRIA-k, eta, besteak beste, Kontxako tunelaren inguruan elkarri konektaturiko hutsune sistema bat dagoela berretsi du. Hutsuneak «karstifikatutako edo apurtutako» kareharri geruzetan daude, eta 35 metroko sakonerandagoen tunelaren kota lurrazalarekin konektatzen dute. Sistema horren luzera handiaren ondorioz, «tunela egiteak ezegonkortasunak sorrarazi ditzake lurrazalean ehunka metroko distantzian, eta eraikinen integritateari eragitera iritsiz», ETSren txostenaren arabera.

Baldintza geotekniko horiek Kontxako frontearen hurrengo 70 metroetan mantenduko lirateke, «hutsune sistema tunelaren trazadurarekiko paraleloa izan bitartean». Orain, identifikaturiko hutsunerik handiena tunelaren ezker hormatik «hiru edo lau metrora» dagoela uste du ETSk, eta harekiko gertutasun puntu handiena oraindik heltzear dagoela aurreikusten du.

Zuloen eragilea

Ekainaren 5eko 02:00etan, Kontxako zulaketa lanak «karstifikatuta edo apurtuta» dauden geruzetara heldu ziren. Orduan, tunelaren ezkerreko aldean lur jausi bat gertatu zen, «emari handiko ur jario bat eta material solido lodien arrastea» eragin zuena.

Gertakari horrek lotura zuzena du hortik ordu gutxira Zubieta kaleko 8. zenbakiko soto batean agertu zen zuloarekin, ETSren arabera. Izan ere, luiziaren ondorioz, tunel alboko hutsunean zehar «ehun metro inguruko distantziatik» garraiatutako 200 metro kubiko material arrastatu ziren, gutxi gorabehera.

Zubieta kaleko lehen zulo hura Kontxako frontetik 110 metrora agertu zen, eta, ETSk eraikuntza proiektuan aitortzen duenez, «gerora, eremu berean tamaina txikiagoko zuloak aurkitu dira». Publikoki, ordea, soilik azaroaren 17an eta maiatzaren 7an ETSren txostena idatzi ostean agerturiko zuloen berri eman du Jaurlaritzaren menpeko erakundeak.

Ofizialki ezagutu diren hiru zuloak ekainaren 5eko «gertakariarekin» erlazionaturik daudela aitortu du ETSk; hau da, hirurak lur azpiko hutsune sisteman izan diren material mugimenduen ondorioz sortu dira. Eraikuntzako enpresak 20-30 metro kubiko hormigoi erabili zituen lehenengo bi zuloetako bakoitza estaltzeko. Azkenekoa, aldiz, besteak baino lau aldiz handiagoa izan zen, eta 138 metro kubiko hormigoi sartu behar izan zituzten Kontxako kabinen forjatuaren azpian sorturiko hutsune hura betetzeko 55 metro karratuko etxebizitza bat goraino betetzeko adina hormigoi.

Urbietan ere zailtasunak

Mirakontxa-Easo tartearen beste aldetik hasitako zulaketek ere zailtasunak agertu dituzte Urbieta kalearen ingurura iritsi direnean. Izan ere, Kontxako frontean bezala, tunelak «oso apurtuta» dagoen eta «iragazpen altua» duen mazizo arrokatsu batekin egin zuen topo ekainean puntu horretara heldu zenean.

Horri dagokionez ere, tunelaren barrura «ur emari handia» sartzen zela aitortzen du ETSren beste txosten batek, ur hori apurturiko arrokaren gainean dauden alubioi metakinetatik zetorrela zehaztuz. Hain zuzen, testuan, Urumea ibaiaren lurpeko «material alubialei» buruz hitz egiten da, Kontxako kasuan ez bezala, Urbietako tunelean sarturiko ura geza baitzen.

Horiek horrela, obrako zuzendariak fronteko zulaketa lanak gelditzea agindu zuen uztailaren 1ean, «obraren segurtasunari eta inguruan kokaturiko eraikinen egonkortasunari eragin liezaiekeen ur jarioa mugatzeko».

ETSren jarraibidea

Irailetik geldirik egon den Mirakontxa-Easo tartearen obraren bigarren fasea abenduan esleitu zuten, proiektuaren hasierako aurrekontuarekiko %56ko gainkostuarekin, eta eraikuntza lanei ekainaren erdialdean berrekingodie enpresa esleipendunak. BERRIA harremanetan jarri da ETSrekin proiektuaren lehen fasean jazotako gertakarien nondik norakoen berri izateko, baina erakunde publikoak erantzun du ez zaiola beharrezkoa iruditzen obraren arduradunek orain arte eskaini dituzten azalpenetan sakontzea.

Joan den astean, Donostiako Udalean metroaren obren bilakaera aztertzeko egin zen batzordean, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari nagusiak lasaitasun mezu bat zabaldu zuen: «Proiektu berria aurrekoa baino seguruagoa da. Poliki joan behar dugu, eta kontrol nahikoa egongo da». Iñaki Arriola Garraio sailburua ere antzera mintzatu da aste honetan Euskadi Irratiko mikrofonoetan: «Iraganeko bizipenen ostean, asmoa ez da azkar joatea, seguru joatea baizik».

Zulaketekin jarraitzeko metodoei dagokienez, Antonio Lopez ETSren Eraikuntza zuzendariak zenbait azalpen eman zituen maiatzaren 5ean metroaren Bentaberriko geltokian eginiko agerraldian, eta egiteke dauden eraikuntza lanentzat «prozedura berriak» garatu dituztela jakinarazi zuen. Hala, hondartzako tunelean hemendik aurrera zulaketa «txikiagoak» egingo dituztela iragarri zuen: «Ezkerreko aldea sostengatzeko, galeria estuago batekin egingo dugu aurrera, eta gero zabaldu egingo dugu».

Urbietako fronteari dagokionez, berriz, «iragaiztatze infiltrazioen, mikropiloteen eta zertxen babespean» lan egingo dutela azaldu zuen Lopezek, eta proiektuaren jarraibidea irmoki babestu zuen: «Metodo berriak orain arte eginiko ikerketa guztiekin diseinatu dira, eta ziur gaude ondo funtzionatuko duela».

Ez dute sinesten

Metroaren aurkako Satorralaia taldeak, ordea, ez ditu ETSko arduradunen hitzak sinesten, eta obrak kautelaz bertan behera uzteko agindua emateko eta eragin diren «ondorio kaltegarrien» ardurak argitzeko eskatu dio Itsasertzetako Zerbitzuari: «Maiatzaren 7koaren moduko zulo bat orain agertu izanak erabat zalantzan jartzen ditu ETSk azken hamar hilabeteetan egin dituen porlan injekzioen eta azterketa geoteknikoen emaitzak. Gertaera honek erakusten du egoera ez daukatela kontrolpean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.