I-11k hogei urte

20 urteko atzera begirakoa

Hogei urte pasatu dira New Yorkeko Dorre Bikien kontrako atentatua egin zutenetik. Pandemiak baldintzaturiko oroimenerako ekitaldiez gain, hausnarketarako eta analisirako deia ere zabaldu dute Ameriketako Estatu Batuetan.

NEW YORK CITY POLICE / HO / EFE.
urtzirrutikoetxea
Washington
2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Jende asko ibili da joan den asteburuan Washingtonen eta New Yorken (AEB). Labor Day edo langileen egunaren zubia izanik —AEBetan iraileko lehen astelehenean da, ez Maiatzaren Lehenean—, udako azken oporraldi laburrerako baliatu dute estatubatuarrek. Manhattan hegoaldeko ohiko bisitetako bat, irailaren 11 hurbildu ahala urtero, luzaroan «zero gunea» zeritzon lekua izan ohi da, World Trade Center dorre bikiak egon ziren tokia.

Hantxe galdu zuten bizia duela hogei urteko atentatuetan hildako ia 3.000 lagunen %90ek.AEBetako hiriburuan ere ez da jenderik falta izan egunotan; hiriko museotan, eraikin historikoetan, Etxe Zuriaren edo Kapitolioaren inguruan. Baita Potomac ibaiaz beste aldean dagoen Arlingtoneko hilerrian ere. Hilerriaren hego-ekialdean, 64. sekzioan, American Airlinesen 77. hegaldiko 184 biktimen omenezko granitozko oroitarria dago. Bost alde ditu, eta kanposantua Pentagonotik hurbilen dagoen eremuan ezarri zuten, erasoetatik urtebetera.

Pentagonoa bera, AEBetako Defentsa Departamentuaren egoitza eta armadaren sinbolo, hilerriaren parean dago, eta biak bereizten dituen autobidetik irteera zuzena dago Irailaren 11ko biktimen oroimenezkora. Ez Manhattanen beste, baina ohiko bisita guneetako bat izan ohi zen, eta hala izango zen egunotan ere ziur aski... Baina pandemia hasi zenetik ez dago gunea bisitatzerik. Joe Bidenek bai, etzi egingo duen itzulian pasatuko baita Pentagonotik ere, New York eta Pennsylvaniako Stoystown herriarekin batera. AEBetako Kapitolioan jotzea asmoa omen zuen United Airlinesen 93. hegaldia bertan jausi zen, itxuraz bidaiariek eurek, ordurako gertatzen ari zenaz jabetuta, bahitzaileekin borroka egin eta lurreratzen saiatu ostean.

Gune nagusi horiez gain, herrialde osoan prestatzen ari dira larunbat goizean erasoen une berean egiteko omenaldiak eta minutuko isiluneak. Washingtongo ikastetxeetan, esaterako, larunbatean 09:37an dute ordua jarria, Pentagonoaren aurkako hegazkina jausi zen unean, hain zuzen ere.

AEBetako leku gehienetan antolatu dira antzeko ekitaldiak, baina COVID-19aren delta aldaera gogor ari da jotzen herrialde guztian, eta zenbait lekutan mugatu ere egin dute omenaldia.

Ispiluaren aurrean

Oroimenerako ekitaldiez gain, hausnarketarako eta analisirako deia ere zabaldu da. Afganistango erretiratzeak jende asko jarri du ispiluaren aurrean, azken hogei urteotan gertatutakoa ulertzeko. Inkestek diotenez, Bidenekiko iritzi kritikoa da nagusi Afganistandik irteteko moduari buruz. Edozelan ere, moduarekin kritiko baina erretiratzeko beharrarekin ados direnak gehiengo dira.

Horrek, ezinbestean, nekea eta aldaketa ageri du: besteak beste, pandemiaren ondorioei aurre egiteko 2,96 mila milioi euroren egitasmoak aurrera atera nahi ditu Bidenek, hezkuntzan, osasunean eta azpiegituretan. Afganistanen xahututako dirutzaz hausnartzera darama horrek bat baino gehiago.

Presidenteak etxeko auzietara itzultzeko erabakia ere hartu du, baina hor ere Irailaren 11ko familien presioa sentitu du: haiek eskatu bezala, zenbait dokumentu desklasifikatzea onartu du, orain egin ezean biktimen senideek presidenteak omenaldian parte hartzearen aurka egingo zutelakoan.

Mundua eraldatu zuen Irailaren 11k, eta, horretarako, estatubatuarren jarrerak muturreraino eraman zituzten. Erasoaren osteko hilabeteetan, estatubatuarren %55 ados zeuden zenbait eskubide zibil galtzearekin «terrorismoa geldiarazteko»; 1997an, % 29 baino ez ziren iritzi horretakoak.

Pew Research think tank-ak gogora dakarrenez, XXI. mendean estatubatuarren ardura handiagoa izan da gobernua ez dela behar bezain urrutira joan herrialdea babesteko, eskubide zibilak murrizten urrunegi joan ote den baino.

Bide horretan babestu dute herritar gehienek Irak edo Afganistango gerrei ekitea, eta ez hasieran bakarrik: duela sei urte ere, «terrorismoaren aurka tortura erabiltzea» justifikatuta ote zegoen 40 herrialdetan galdetuta, gehiengoak baietz erantzun zuen hamabi estatuetako bat izan ziren AEBak.

Konspirazio teoriak

Hasieratik izan dira 2001eko Irailaren 11n mundu guztiak telebistan ikusi zuena gezurra zela esan dutenak. Lehendik ere baziren, nola ez, John F. Kennedyren hilketa edo Ilargira iritsi izana gezurtatzen zutenak, eta duela hogei urte ere berehala piztu zirenAl-Qaedaren egiletza gezurtatu eta bestelako bertsioak hedatu zituztenak.

Horietako ezagunenak dira Dorre Bikiak aurretiaz prestatutako leherketek bota zituztela edo Pentagonoa misil batek jo zuela eta ez hegazkin batek, biak ere hainbat aldaera eta ñabardurarekin. Konspirazio teoria horiek behin eta berriz gezurtatu dira, gertatu zenaren lekukoak ere milaka dira, baina uste horiek bolo-bolo jarraitzen dute zenbait eremutan.

Are gehiago, inoiz ezkerreko sektore txiki baten teoriak baziren, QAnon teorien jarraitzaileek are gogo handiagoz heldu diote azkenaldian eskuin muturretik. Al-Qaedak antolatu eta egin beharrean erasoak, AEBetako Gobernuak berak prestatutako ekintza izan zen, uste horren arabera, gerora etorri diren gerrei eta eskubide murrizketei ekiteko.

Marjori Taylor Greene kongresukide errepublikanoak, esaterako, 2018an bertan esan zuen zalantzazkoa iruditzen zitzaiola hegazkin batek Pentagonoa jo izana. Kongresurako hautatzerakoan, bere modura egin zuen atzera: okertu zela aitortu zuen, baina gobernuari egotzi zion gezurra esan izana.

Hala, Interneten hedapenak, Youtubek eta sare sozialek hurrena eta, azkenean, Donald Trumpen agintaldian nagusitutako fake news ideiari pandemiaren inguruan sortu diren korronteak gehitu zaizkio.

Horietan sinetsi nahi duenak nahi adina materiale dauka sarean eskuragarri bere sinesmenetan tematzeko. Bost axola teoria bakoitza nahiko nabarmen desmuntatu izana, gehienetan ideiok bota eta denbora gutxira; horietan sinetsi nahi duenak horri helduko dio.

Adierazpen askatasunak ideia horiek ere askatasunez plazaratzeko eskubidea dakar —baita horiengatik sekulakoak entzun beharra ere, noski—. Spike Lee zinema zuzendariak, esaterako, Irailaren 11ri buruzko konspirazio teorien zatia kendu du HBOrako egin duen lau ataleko dokumentalean, piztutako kritiken ondorioz.

Edozelan ere, aitortu beharko da, moralak askotan eremu politikora jauzi egiten duen herrialde honetan, adierazpen askatasuna oso errotutako askatasunetako bat dela. AEBetako bandera erretzea debekatuta ez dagoen legez, biktimentzat mingarri izan litezkeen adierazpenak egitea ere libre da.

Sarritan, lege bidezko zigorrak baino, gizartearen gutxiespena bera eraginkorragoak baitira, askatasun pertsonalik murriztu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.