Albistea entzun

Europako Batasuna. Europarlamentarien begirada

Orainetik geroari so

Ukrainako gerrak zuzenean eragin die Europako Batasunaren planei. BERRIA hiru euskal europarlamentarirekin aritu da gatazka hartaz eta Europako Parlamentuaren gainerako erronkez.
Europako Parlamentua, Estrasburgon, artxiboko irudi batean.
Europako Parlamentua, Estrasburgon, artxiboko irudi batean. RONALD WITTEK / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2022ko apirilak 15

Ukrainako gatazkak eta, nagusiki, hark energia lehengaien prezioan eragindako gorakadak ondorio larriak izan ditu EB Europako Batasuneko ekonomian. Giza krisiak, berriz, milioika ukrainar hartzera behartu ditu estatu kideak. Hala, euskal eurodiputatuak batasunaren ekialdeko mugara begira daude, aferak datozen urteetan Europa eraikitzean izan ditzakeen ondorioei so. Ez da hura, baina, nazioarteko erakundearen etorkizuna markatuko duen gertaera bakarra, eta gertutik erreparatzen ari zaizkio Next Generation funtsen banaketari eta eskuin muturraren gorakadari ere.

GERRAREN ONDORIOAK

«Pandemiak brexit-a jan zuen, eta Ukrainako gerrak pandemia jan du», azaldu du EH Bilduko eurodiputatu Pernando Barrenak. Izan ere, krisiz krisi doa Europako Batasuna azken urteetan, eta, oraindik ere COVID-19ak eragindako ondorioak gainditu gabe, bete-betean jo du kilometro gutxira piztutako gatazka armatuak. Bruselak Moskuren aurkako zigor ekonomikoekin erantzun du, baina batasuna bera ere «egoera delikatu samarrean» utzi du egoerak, Barrenaren hitzetan: «Gerra hau nola bukatuko den jakin gabe, jende gehiena bat dator honek nazioarteko egoera berri bat sortuko duela». Ikusteko dago, baina, zer rol izango duen EBk hartan.

EAJko parlamentari Izaskun Bilbaok pandemiaren eta gerraren ondorioetan jarri du begia. Hark EBren erreakzio «azkarra» nabarmendu du, erantzunak 2008ko krisiari emandakoarekin zerikusirik ez duelakoan. Hala, erakundeak azken urteetako eskaerari erantzun diela uste du, instituzioei «utilitatea» emateari: «Arazoak ikusten ditugu, baina ziur gaude elkarlanarekin hemendik aterako garela».

Gerraren eragin nabarmenetako bat energia lehengaien prezioen igoera izan da; batez ere, petrolioarena eta gasarena. Aurrez ere EBko instituzioetan bolo-bolo zebilen gai hori, eta horren lekuko dira Europako Batzordeak 2050erako jarritako helburuak, Itun Berdea deritzonaren barruan. «COVID-19ak indartu egin du ekonomiarekin eta ingurumenarekin bestelako harremana izan behar dugulako ideia», argudiatu du jeltzaleak, eta gehitu gatazka armatuak are beharrezkoago egin duela aldaketa.

Bat egin du Eider Gardiazabal sozialistak ere, helburuetako bat Errusiarekiko dependentzia energetikoa murriztea dela esanez. Izan ere, Moskurekiko harremanak «inoiz baino gehiago gaiztotu» dira azken asteetan, eta ez dute konponbide errazik. Haren hitzetan, pandemia osteko planek jada indar egiten zuten trantsizio ekologikoan, eta egungo egoerak hura azkartzeko balioko du: «Energia berriztagarriak bultzatzeko». Era berean, behin-behinean hartutako neurriak txalotu ditu; besteak beste, Iberiar penintsularako ezarritako salbuespen neurriak. «Europako Batasuna aterki moduko bat da, herritarrak babesteko beharrezko neurriak hartu dituena».

Barrena, ordea, tentu handiagoz mintzo da gerrak Itun Berdean izan ditzakeen eraginez: «Kontra dauden indarrak lobby-en bidez ari dira eztabaidan zalantzak zabaltzen». Hala, uste du hainbatek trantsizioa «mantsotzeko» baliatu nahi dutela Ukrainako afera, «deskarbonizazio prozesua birpentsatu dadin». Horren aurrean, eredu aldaketa defendatu du, epeak murriztu eta erregai fosilekiko menpekotasuna eteteko.

GIZA KRISIA

Gerraren ondorio bakarra ez da ekonomikoa. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, 4,5 milioi ukrainarrek egin dute ihes, eta horietako askok Batasunerako bidea hartu dute. Hiru eurodiputatuak bat datoz EBk jarrera egokia izan duela giza krisian. Barrenak, baina, martxan jarritako politiken «kontraesana» nabarmendu du, neurriek ez dutelako bat egiten azken urteetako migrazio eta asilo politikekin.

Bilbaok ere «hipokrisia puntu bat» ikusten du halako jarrera aldaketetan, eta Afrikatik iristen diren migratzaileentzat ere babeserako zuzentaraua aktibatu beharko litzatekeela adierazi du. Gardiazabalen esanetan, berriz, iparraldeko eta ekialdeko zenbait estatuk euren «interes eta beharren ondorioz» egin dute oraingoan errefuxiatuak hartzearen alde. Halere, uste du Ukrainako aferari emandako erantzunak eragina izango duela etorkizunean antzeko neurriak hartzeko orduan.

Visegradoko taldearen —Hungaria, Polonia, Txekiar Errepublika eta Eslovakia— jarrera da aldatu direnetako bat. EBra iritsitako migratzaileak kuoten arabera banatzearen aurka egin dute azken urteetan. Orain, baina, kontrako jarrera erakutsi dute mugakide duten herrialdearekin. «Hungaria errefuxiatu asko hartzen ari da, baina gutxi batzuk geratzen dira han. Pasaeran doaz, eta pixkanaka banaketa homogeneoago bat ari da gertatzen», azaldu du Gardiazabalek. Barrenak, berriz, horien «jarrera arrazista eta xenofoboa» kritikatu du, eta, hein handi batean, haiek egin ditu EB «migrazio eta asilo itun aurrerakoi eta humanitario bat» prestatzeko gai ez izatearen erantzule.

MENDEBALDEKO SAHARA

Ukrainako gerra lehertu eta gutxira, EBren mugetan eragina izan dezakeen beste gai batek ere hartu du indarra, nahiz eta Gardiazabalek uste duen Estrasburgon oihartzun txikia izan duela aferak, erakundeak «pandemiari eta gerrari begira daudelako». Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Saharako gatazkari erantzuteko hartutako azken erabakia da: hark «bideragarritzat» jo zuen Marokok lurralde hartarako eginiko autonomia proposamena. Sozialistaren hitzetan, ordea, «Espainiaren posizioa aurrez defendatutako bera da», eta gehitu du Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburu ohiak ere hala adierazi duela. «Saharako herriak sufritzen duenari konponbide errealista bat eman behar zaio, eta aztertu egin behar da gaia», azaldu du Gardiazabalek.

Bestelako ikuspegia dute EAJko eta EH Bilduko kideek. «Onartu ezina da», esan du Bilbaok, Madrilen erabakiaz mintzo. Gainera, Gardizabalek ez bezala, jeltzaleak uste du aferak eragina izango duela Estrasburgon ere: «Nekazaritza eta arrantza akordioak kili-kolo daude».

Ukrainako aferarekin alderatu du gaia Barrenak, eta salatu du batean «nazioarteko legearen errespetuaren apologia egin» dela eta bestean, berriz, «lurralde bat indarrez anexionatzea» onartu dela. Eurodiputatua Tindufeko kanpalekuetan (Aljeria) egon berri da, Europako Parlamentuko beste zenbait kiderekin, eta azaldu du han «haserrea» nabarmena dela: «Espainiaren bigarren traizio bat iruditu zaie».

Are gehiago, erabakia «justifikaezina» dela uste du, eta ondorioak izango dituela: besteak beste, Aljeriatik estatura iristen den gasaren prezioan. «Aljeriarentzat, segurtasun nazionaleko kontu bat da sahararrena».

ESKUIN MUTURRA

Batasunaren lurretara itzulita, eskuin muturraren gorakada da europarlamentarien kezka nagusietako bat. Viktor Orbanek oraintsu irabazi ditu Hungariako presidentetzarako bozak, eta emaitza «arduraz» begiratzen du Bilbaok, uste baitu halako mugimenduek ez dutela bat egiten Europako «bake proiektuarekin».

«Eskuin muturrak Europako Batasunak defendatzen duenaren kontrako guztia defendatzen du», gehitu du Gardiazabalek. Hark ere «kezka» adierazi du Hungariako emaitzen ostean, baina gogoratu Europaren batasunaren aldekoek «gehiengo argia» dutela Estrasburgoko parlamentuan. Izatez, Gardiazabal bera da batasuneko funtsetarako sarbidea zuzenbide estatuaren defentsari lotzeko eskaera egin zuten europarlamentarietako bat, Poloniako eta Hungariako gobernuen zenbait jokabide aldatzeko asmoz: «Hungariaren arazoa ustelkeria da, eta Poloniarena, justiziaren independentziarik eza».

Baina, Barrenaren hitzetan, arazoa sakonagoa da, eta EBk «munduan jokatu beharreko rolarekin» lotuta dago. Europa «integrazio politikora iristea nahiko luketenen» eta «estatuei eskumenak bueltatu behar zaizkiela diotenen» arteko talka bat dago: «Eskuin muturreko taldeek EB desagertzea nahi dute, estatuetan sinesten dutelako eta munduko botere banaketan rolik ez duen Europa bat nahi dutelako».

NEXT GENERATION

Europar proiektuaren zutabeetako bat Next Generation funtsen banaketa izango da. Europako Parlamentuko Alderdi Sozialistaren Aurrekontu gaietarako eledun gisa, gaia gertutik aztertzen ari da Gardiazabal, eta haien balioa nabarmendu du. Halere, uste du Ukrainako gerrak eragina izango duela haietan, datorren urteetako kontuetan izango duen bezala. Bilbaorentzat, berriz, funtsak «mirari baten antzeko» dira. Jeltzalearen hitzetan, «elkarrizketaren indarrez» lortu dira, eta esanguratsua da funtsen erdiak inguru zuzeneko laguntzak izatea.

Bien artean, baina, badira ikuskera ezberdinak, diru horiek jasotzeko moduari dagokionez. Jeltzaleak kritikatu du Espainiako Gobernuak «gehiegi zentralizatu» dituela, eta gehitu erkidegoek eta udalek protagonismo handiagoa izan beharko luketela plangintza osatzeko garaian. Sozialistaren hitzetan, berriz, estatu planen arabera bideratzen dira funtsak, eta, beraz, Madrilek izan behar du agintea. Halere, defendatu du Espainia dela funts horiek modurik deszentralizatuenean kudeatu dituzten estatuetako bat: «Programa asko daude diputazio, autonomia eta udalei zuzenduak. Oinarrizkoak dira errekuperazio planean».

Funtsen kudeaketak beste kezka batzuk eragiten dizkio Barrenari. Batetik, zati bat itzuli egin beharko dela, eta, beraz, estatu kideak zorpetu egingo direla: «Doikuntza ekonomikoak mahaigaineratuko zaizkigu, eta badakigu halakoak non egiten diren. Prebentzioa izan behar dugu 2008ko zor krisian gertatutakoa berriz ez gertatzeko». Horrekin batera, Ibex 35eko enpresentzako diru sail handiak eta «iraganeko proiektuak finantzatzeko» asmoak ere kritikatu ditu, hala nola funtsak abiadura handiko trenera bideratzeko aukera.

EUSKAL ERAKUNDEEN ROLA

Hiru parlamentariek ere Europa federalago bat irudikatu dute etorkizunerako. Bilbaok eta Barrenak, ordea, uste dute euskal erakundeek rol handiagoa izan beharko luketela hartan. Jeltzalearen hitzetan, «beste gobernantza mota bat» behar du EBk: «Espero dugu askoz federalagoa izatea, eta guk ahots propioa izatea. Subiranotasun konpartituak dira bidea». Izan ere, ikuspuntu ekonomiko batetik begiratuz gero, «Euskadi estatu bat da», Bilbaoren arabera.

Euskal Herriak, izan beharreko lekua izan dezan, estatu egiturak behar ditu Barrenaren esanetan, eztabaidei «baldintza berdintasunean» heltzeko: «Gure europazaletasuna ez dago zalantzan, baina zehaztu nahi dugu ea etorkizuneko Europak zer balio izango dituen». Hala, estaturik gabeko nazioak jokatzen ari diren rola nabarmendu du, nazio horiek direlako «europar proiektua sendo ainguratzeko lotura».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iruñeko zezen plaza, uztailaren 14ko arratsean. ©Iñigo Uriz, FOKU

Aske utzi dituzte Mutilzarra peñaren salaketaren harira Iruñean atxilotuak

Uxue Rey Gorraiz

Poliziak bost lagun atxilotu zituen atzo, uztailaren 14an Iruñeko zezen plazan izandako istiluekin lotuta. Aske dira, baina epaileak deklaratzera deituko ditu. Gorroto delitua egozten diete. Mutilzarraren arabera, hainbat pertsonak eraso egin zieten peñako zenbait kideri.

Antonio Caño 2018an, 'El Pais' egunkarik zuzendari zenean. Don Mitxelen albiste faltsua sinistu duenetako bat da. ©Fernando Villar / EFE

Arralderi buruzko txio batek agerian utzi du albiste faltsuen ahalmena

Paulo Ostolaza

Fikziozko herri horretako udalak Miguel Angel Blancoren hiltzailea seme kutun izendatu duela idatzi du Twitterreko Don Mitxel erabiltzaileak. Besteak beste, Daniel Lacalle ekonomialariak eta Antonio Caño El País-eko zuzendari ohiak sinistu eta zabaldu dute mezua.

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Torturak erabat baldintzatu du ihes egiteko erabakia»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

1960tik gaur egun arte arrazoi politikoengatik ihesean bizi izan diren euskal herritarren historiak bildu dituzte Doraik eta Pratek 'Bestaldean' liburuan. Nabarmendu dute askotarikoak direla bildutako bizipenak.
Foro Sozialaren agerraldi bat, uztailean. ©Monika del Valle / Foku

Foro Sozialak «etsigarritzat» jo du Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko proposamena

Iosu Alberdi

Kritikatu du aurreproiektuak biktimen «birbiktimizazioan» sakontzen duela. Moncloari eskatu dio inbestidurako blokearekin akordioak lortzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...