2023ko gertakari politikoak

Bozen gurpila abiatzeko urtea

Udal eta foru hauteskundeak izango dira 2023ak politikaren arloan izango dituen deialdi nagusietako bat. Ikusteko dago taldeen sorrerak nola eragingo duen Euskal Elkargoan

Presoen aldeko manifestaziora Bilbora itzuliko da urtarrilaren 7an. E. P. / FOKU.
jon olano
2022ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
«Urte berri, asmo berri», dio esaerak. Politika arloan, erantsi dakioke: gehiengo, udalbatza eta mobilizazio berri. Baita dosier zahar ere. Arlo horretan gertakari ugariko urtea izango baita 2023a. Segidan bildutakoak dira batzuk.

HAUTESKUNDEAK
Udalak, Nafarroa... eta Espainia?

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, PSNk eta Nafarroako Ahal Dugu-k iaz egin zituzten biltzar nagusi, kongresu edota hauteskunde primarioak, eta 2020an gauza bera egin zuten UPNk eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-k. Etxeko lanak eginda eta norabideak zehaztuta, hauteskundeak izango dira urteko gertakari politiko nagusietakoak Hego Euskal Herrian; udal eta foru hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, udaletakoez gain, parlamentukoak Nafarroan. Herrialde horretan, hauteskundeetako joko zelaia dezente argitu da azken asteetan: atomizaziora joko du eskuin espainolistak, UPNk, PPNk, Voxek eta Ciudadanosek zerrenda bana aurkeztuta, eta kontrako joera hartu dute Ahal Dugu-k, Nafarroako Ezker Batuak eta Batzarrek, Zurekin Nafarroa zerrenda bateratua osatuta. Zerrendaburuen artean apenas egongo den berritasunik; Maria Txibite izango da PSNrena, eta Javier Esparza UPNrena, eta, sorpresarik ezean, Uxue Barkos izango da Geroa Bairena. Aldiz, EH Bilduren lehendakarigaia Laura Aznal izango da, Bakartxo Ruiz 2019ko zerrendaburua ordezkatuta.

Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietan, ziurra da aldaketa haizeak joko duela; EAJk Bizkaian duen nagusitasunari eutsi nahi dio Elixabete Etxanobek Unai Rementeria ahaldun nagusi karguan ordezkatuta, eta Gipuzkoan lehia estua espero da EAJren eta EH Bilduren artean; bi alderdiek zerrenda berritua osatuko dute, eta buruz buru ariko dira Eider Mendoza eta Maddalen Iriarte. Araban, berriz, hiriburuan egongo da berritasun nagusia; Gorka Urtaranek (EAJ) ez du Gasteizko alkatetzan jarraituko, eta ziurra da aurreneko aldiz emakume batek hartuko duela aginte makila, hautagai guztiak andreak baitira: Beatriz Artolazabalek (EAJ), Rocio Viterok (EH Bildu), Maider Etxebarriak (PSE), Ainhoa Domaikak (PP) edo Garbiñe Ruizek (Elkarrekin Gasteizek).

Horiez gain, udal mailan indarrak neurtzeko eguna izango da maiatzekoa. 2019tik, EAJ da alkate gehien dauzkan alderdia (133), eta bigarrena da EH Bildu (118). Bi indarrek udaletan daukaten hegemoniaren isla da zinegotzi kopurua: koalizio subiranistak 1.247 lortu zituen orain dela hiru urte eta erdi, eta EAJk eta Geroa Baik, 1.104.

Maiatzekoa ez da izango botoa emateko aukera bakarra Hegoaldean. Espainiako Gorteetan, legealdia abenduan amaitzekoa da, eta zalantza da ea Pedro Sanchezek urte amaierara arte luzatuko duen legealdia edo hilabete batzuk lehenago deituko duen bozetara. Bada elementu bat aintzat hartzekoa: 2023ko bigarren seihilekoan, Espainiaren esku egongo da Europako Batasuneko Kontseiluaren presidentetza.

Hauteskunderik gabe ere, euskal ordezkari batzuk aldatzeko tenorea izango da Frantziako Senatuan ere. Ganbera horretako ordezkarien erdiak aldatuko dituzte irailean —hiru urtean behin egiten dute horrela; diputatuek eta beste senatariek, eskualdeetako eta departamenduetako kontseilariek eta herrietako ordezkariek hautatzen dituzte—. Pirinio Atlantikoetako hiru ordezkarietatik bi Ipar Euskal Herrikoak dira: Frederique Espagnac eta Max Brisson.

Eusko Legebiltzarraren jardunerako ez da hauteskunde urtea izango, sorpresarik ezean. Baina urteko jardun parlamentarioan aintzat hartzekoa izango da Hezkuntza Legearen bilakaera. Jaurlaritza lege proiektua taxutzen ari da, eta dokumentua Eusko Legebiltzarraren esku utziko du ondoren, ohiko tramite parlamentarioari bide emateko. Asmoa da lege berria indarrean egotea 2023-24ko ikasturtea hasterako.

AUTOGOBERNUA
Eskumenak eta herri mugimendua

Autogobernuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskumenak eskuratzen jarraitzeko urtea izan beharko luke hastear denak. Nafarroan luzaroan eskatutakoa da bat: trafikoa. Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk azaroan adostu zuten eskumen hori martxoaren 31 baino lehen uztea Nafarroako Gobernuaren esku, Foru Hobekuntzan jasoa dagoena betetzeko. Horretarako, Transferentzien Batzordeak Urtezahar eguna baino lehen batzartu beharko luke, eskumenaren eskualdaketa negoziatzeko. Oraingoz, ordea, bilera horrek ez du datarik.

Eusko Jaurlaritzak ere eskumenen transferentzian jarria du bere jarduna, eta datozen asteetan beharko luke haren esku aldiriko trenen konpetentziak. Hala ere, Jaurlaritzak nahi baino motelago ari da Espainiako Gobernua; Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak abenduaren 19an eta Olatz Garamendi Autogobernu sailburuak atzo Espainiako Gobernuari egotzi zioten emandako hitza ez betetzea, Espainian gehienez ere legealdia amaitzeko urtebete falta den honetan oraindik 25 eskumen baitaude transferitzeko. Bi gobernuek 2020ko otsailean adostu zuten transferentzietarako egutegi bat, eta 32 ziren bertan jasotakoak. Beraz, ia hiru urtean zazpi eskumen baino ez dituzte eman.

Bestalde, sei urte dira Euskal Hirigune Elkargoa eratu zutela, eta, zazpigarrenerako, ikusgai egongo da Ipar Euskal Herriko instituzioak nola funtzionatzen duen behin bere barnean talde politikoak antolatuta. Oraingoz, bi baizik ez dira sortu: ezkerreko abertzaleak bilduko dituen Bil Gaiten, eta Peio Etxeleku Kanboko (Lapurdi) hautetsi eta Errobi lurralde eremuko erreferentearen inguruan elkartu den Elkarrekin Herriarentzat. Aurrerantzean batzarretako dinamikan eragingo duela espero da.

Alor sozialean, berriz, urteurren eta eraberritze urtea du erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak. Ekainaren 8an hamar urte beteko dira Gure Esku Dago plazan aurkeztu zenetik, eta orain Gure Esku denak gogoeta prozesu bat abiatu du, tesia eta ildoak gaurkotzeko. Egutegiari dagokionez, martxoaren 25ean bazkideen ezohiko batzar bat egingo dute, eta orduan aurkeztuko dute proposamen politiko eguneratua. Batzar horretan zein Plaza online plataformaren bidez bozkatu ahalko dute kideek. Prozesuan, lau mahai inguru ere egingo dituzte, eta, azkenik, apirilaren 22an, nazioarteko konferentzia bat egingo dute. Konferentzia horretan gizarteratuko dituzte Itsasargia prozesuaren ondorioak. Gainera, mobilizazioei begira, uztail hasieran Frantziako Tourrak Euskal Herria zeharkatuko duela baliatuko dute ibilbidean zehar «ekintza deigarriak» egiteko.

GATAZKAREN ONDORIOAK
Presoak, Euskal Herrian?

Gatazkaren ondorioen konponbideari lotuta ere, gertakari ugari izango dira datorren urtean. Urterokoa: Sarek manifestaziora deitu du Bilbon urtarrilaren 7rako, euskal presoen eskubideen alde. Bilboko Autonomia kaleko ohiko irudia errepikatuko da; La Casillan jarri dute hitzordua, 17:00etan. Goizean, berriz, ETAren, GALen, torturen eta presoen sakabanaketa politikaren biktimak bilduko dituzte.

Mobilizazio sozialarekin batera, litekeena da presoen alorrean mugarri garrantzitsua uztea 2023ak: presoen sakabanaketa eta urruntze politiken amaiera Espainian. Gaur-gaurkoz, hamar preso daude Euskal Herritik 300 kilometro baino urrunago dauden kartzeletan. Halere, ikusteko dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzeletan dauden motibazio politikoko zenbait presoren gradu progresioa zer-nolakoa den; orain arte, Jaurlaritzak emandako hemeretzi gradu progresioren aurka egin du gutxienez fiskaltzak, eta Auzitegi Nazionalak hamar ebazpen eman ditu oraingoz. Seitan —Arregi, Aitor Esnaola, Mikel San Argimiro, Xabier Atristain, Gorka Martinez eta Iñaki Bilbao Gaubeka— aintzat hartu du fiskaltzaren eskea, eta presoek kartzelara itzuli behar izan dute. Beste lautan, hirugarren graduaren alde egin du.

Gainera, presoen auziari lotuta, otsailaren 2an epaituko dituzte 11 bakegile, uztailaren 23an autobidea blokeatzeagatik. Egun horretan, Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatu zuten, Jakes Esnal eta Ion Parot euskal presoak baldintzapean aske utz zitzatela eskatu eta Frantziako Gobernua gatazkaren konponbide prozesuan urratsak egitera bultzatzeko, eta horietako bederatzi abenduaren 15ean epaitu zituzten.

Gatazkaren ondorioen konponbidearen barruan, beste gertakari batek ere arreta bereganatuko du urteko lehen egun edo asteetan: 1978tik aurrera Nafarroan gertatutako tortura kasuak jasotzen dituen txostena Nafarroako Gobernuaren esku utziko du EHUko Kriminologia Institutuak. Horrekin, Hego Euskal Herrian azken sei hamarkadetan gertatutako torturen argazki zehatzagoa osatuko dute, institutu horrek berak jasoak baititu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatutako 4.113 kasu eta Nafarroan 1960tik 1978ra bitartean izandako 169.

Atzera eginda, berriz, martxoaren 14an eta 15ean izango dira hamar urte lehenbiziko Foro Soziala egin zutela. Orduko hartan, gatazkaren ondorioen konponbidean aurrera egiteko eta prozesu horretan herritarren parte hartzea sustatzeko hamabi gomendio zabaldu zituzten; besteak beste, ETAren armagabetzeari eta desegiteari, presoen eta iheslarien itzulerari, egia jakiteko mekanismoei eta estatuetako segurtasun indarren dimentsio eta eginkizunei lotuta.

MOBILIZAZIOAK
GKS, Bagira...

Luze gabe egingo diren mobilizazioen arloan, Gazte Koordinakunde Sozialistak ere manifestazioak egingo ditu; urtarrilaren 28an, Bilbon eta Iruñean elkartuko dira, «enpresari eta agintariek zuzenduriko erasoaldiaren aurrean» gazte langileen artean «antolakuntza eta borrokarako grina» zabaltzeko.

Bagira ezagutarazteko eta haren lehen pausoei behatzeko urtea ere izango da 2023a; Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen oinarriak gaurkotzeko prozesua abenduaren 14an aurkeztu zuten, lau helburu nagusiri erantzuteko: mugimenduaren oinarriak eguneratzea, epe ertaineko helburu eta etapa partekatuak kokatzea, mugimendu gisa antolatzea eta artikulatzea, eta belaunaldi transmisioa bultzatzeaz gain publiko berriei zabaltzea. Otsailean hasiko dute prozesua, eta apirilaren 8an eta 9an bi eguneko Aberri Eguna antolatuko dute Itsasun. Ondotik, diagnostikoari ekingo diote, apiriletik uda arte. Azken fasea heldu den ikasturte hasieratik 2024ko apiril arte luzatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.