Albistea entzun

Medikuen greba Nafarroan. Eztabaida politikoa

Sindikatu Medikoaren hordagoari men egiteko prest azaldu da Txibite

Lehendakariak justifikatu du Osasunbideko sendagileei aukera ematea osasun pribatuan ere jardun daitezen: «Profesionalak erakartzeko bidea da». Erabakiaren aurka azaldu dira EH Bildu eta Ezkerra

Maria Txibite lehendakaria eta Ramon Alzorriz PSNko bozeramailea, Nafarroako Parlamentuan.
Maria Txibite lehendakaria eta Ramon Alzorriz PSNko bozeramailea, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2023ko urtarrilak 27 - Iruñea

Otsailaren 1ean greba mugagabea hastekoak dira Osasunbideko sendagileak, Nafarroako Sindikatu Medikoak deituta. Osasun sistema publikoa kinka larrian zen aspalditik, eta COVID-19aren izurriak presioa gehitu zion lehendik ere lehertzeko zorian zen eltzeari. Sektoreak behin baino gehiagotan eskatu ditu neurri eraginkorrak osasun langileen lan baldintzak hobetzeko, itxaron zerrendak murrizteko eta, oro har, osasungintza publikoa indartzeko. Nafarroako Sindikatu Medikoak, baina, ez du beste sindikatu eta eragileekin bat egin, eta bere kabuz deitu ditu langileak grebara. Aldarrikapen polemiko bat ere jarri du mahai gainean: Osasunbideko medikuei aukera emateko klinika pribatuetan ere lan egiteko, baina esklusibotasunagatik kobratzen duten diru sariari uko egin gabe. Puntu horrek hautsak harrotu ditu herrialdean, eta parlamentura ere heldu da eztabaida. Atzo, Maria Txibite lehendakariak berretsi zuen prest direla sindikatu medikoaren eskaera horri men egiteko.

Ikusi gehiago: «Pribatuaren interesak babestea» egotzi dio LABek Sindikatu Medikoari

«Mahai gainean dauden proposamenetako bat da, eta ezohiko egoera bati erantzuteko bide gisa ulertu behar dugu: medikuen eskasia dagoen honetan, aukera eman dezake profesionalak Nafarroara erakartzeko», esan zuen lehendakariak, atzoko osoko bilkuran. Ez da aukera horren alde azaltzen den lehen aldia: iragan astean ere, esklusibotasunaren auzia aztertzeko prest azaldu zen Txibite, «greba saihesteko balio badu».

Izan ere, maiatzeko hauteskundeen aurretik heldu da greba deialdia, eta gobernuak ahalik eta azkarrena konpondu nahi du auzia, kanpaina zamatu ez dezan. Atzoko saioan, baina, inoiz baino sutsuago egin zuen lehendakariak esklusibotasuna kentzearen alde, eta Nafarroa mediku gazteentzat «erakargarri» eta «lehiakor» bihurtzeko estrategiaren barruan kokatu zuen. Gogoratu zuen, gainera, «esklusibotasunari eusten dion erkidego bakarrenetakoa» dela Nafarroa, Galizia eta Asturiasekin batera.

Antzeko argudioak eman zituen Osasun Departamentuko kontseilari Santos Indurainek ere: ukatu zuen medikuen esklusibotasuna kentzea «pribatizazioaren aldeko neurria» dela, eta, are, osasun sistema indartzeko neurri gisara aurkeztu zuen: «Aintzat hartu behar dugu osasun profesionalen kopurua mugatua dela, eta autonomia erkidego guztiak lehian direla profesional horiek erakartzeko. Egoera horretan, Nafarroako osasun sistema erakargarriago egin behar dugu». Osasunbideko medikuak sare pribatuan aritzeko trabak kentzea «fakultatiboak fidelizatzeko bide bat» izan daitekeela gaineratu zuen.

Indurainek «ikuspegi orokorragoa eta sosegatua» eskatu zuen, esklusibotasunaren gaiari heltzeko eta, Txibitek ez bezala, ez zuen greba deialdiarekin lotu: «Mahai gainean diren proposamen guztien artean bat besterik ez da esklusibotasunari buruzkoa. Asmo handiko neurri sorta aurkeztu dugu, herritarrei eskainitako zerbitzua eta, batez ere, Lehen Arreta indartzeko. Hortaz, ez dezagun eztabaida distortsionatu, proposamen hau ez baita greba deialdiarekin hasiko ezta bukatuko ere».

Praxi txarren arriskua

Nafarroan, 1992. urtean erabaki zuten Osasunbideko sendagileei esklusibotasun klausula bat ezartzea eta, horren truke, soldata osagarri bat ematea. Diru hori ez da huskeria bat, gainera: medikuen oinarrizko soldataren %45-55 artekoa izan daiteke, kasuan-kasuan. Ordutik, sistema publikoan bakarrik egin dezakete lan, edo soldata osagarri horri uko egin —oso gutxi dira aukera hori hobetsi duten profesionalak—.

Hainbat sindikatuk eta Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak behin baino gehiagotan azaldu dutenez, esklusibotasun hori beharrezkoa da praxi txarrak eragozteko: adibidez, pazienteak sistema publikoan artatu eta gero, sare pribatuetara bideratzea, edo klinika pribatua ordaintzen zuten pazienteei lehentasuna ematea kontsulta publikoan.

Hain zuzen, Osasun Departamentua hasia da esklusibotasunaren gaineko diskurtsoan ñabardurak egiten, halako egoerak saiheste aldera. Atzo bertan, Indurain kontseilariak ziurtatu zuen esklusibotasunari eutsiko diotela «dedikazio osoa beharrezkoa den postuetan»; hala nola Osasunbideko zerbitzuburu eta zuzendarien kasuetan: «Ulertzen dugu halakoetan erabateko dedikazioa saritu behar dela, eta hala eginen dugu».

Edonola ere, Nafarroako Sindikatu Medikoaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko negoziazioak zabalik dira oraindik: sindikatuak esana du otsailaren 1eko deialdiari eutsiko diola oraingoz, baina «interesgarritzat» jo du Osasunbideak helarazi dion azken proposamena. Diario de Navarra egunkariaren arabera, bilera egin zuten bi aldeek atzo, eta «jarrerak hurbiltzeko» balio izan zuen hartu-emanak.

Ezkerreko alderdiak, aurka

Hauteskundeen aurretik sindikatu ultrakontserbadore baten eskaerei men egiteak, baina, beste arrakala bat ireki dezake Nafarroako Gobernuari eusten dioten alderdien arteko harremanetan. Izan ere, medikuen esklusibotasuna arautzen duen legea aldatu nahi badu, Navarra Sumaren makulua erabili beharko du PSNk, oraingoz, koalizio eskuindarra baita proposamenari baiezkoa eman dion talde bakarra. Auzi honetan, bazkide guztiak kontra ditu Txibitek.

Atzoko eztabaida parlamentarioan ere kritika gogorrak entzun behar izan zituen lehendakariak, ezkerreko taldeetako bozeramaileen ahotik. EH Bilduko bozeramaile den Bakartxo Ruizek «umekeriatzat» jo zituen Txibitek parlamentuak emaniko azalpenak: «Beste erkidegoetan ere hala egiten dela esatea infantila da. Beste erkidegoetan esklusibotasuna kendu izanak ez du ezertarako funtzionatu, mediku eskasia berbera baitute; hortaz, funtzionatu ez duen neurri bat hemen aplikatu nahi izateak ez du zentzurik». Are: esklusibotasuna kentzea «medikuen elkarte jakin bati bidesaria ordaintzea» dela gaineratu zuen Ruizek.

Koalizio independentistako bozeramaileak gaineratu zuen ezinezkoa dela neurri hori aurkeztea «osasun sistema publikoaren pizgarri» gisa: «Ez dago pisuzko argudiorik esateko esklusibotasuna kentzeak osasun publikoari mesede egiten diola».

Ezkerra koalizioko bozeramaile Marisa de Simonek ere «kezka» agertu zuen, gobernuak «sindikatu korporatibista baten nahiei men» egin dielako, «gainerako sindikatu, elkarte eta eragileen gainetik».

Horri erantzunez, Txibitek eta Indurainek esan zuten «eragile guztiekin» hitz egin dutela, eta auzia Osasunbideko sindikatuen mahaira ez ezik, Mahai Orokorrera ere igorriko dutela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

UEMAko herrietarako udalen ordezkariak, atzo, Azpeitian. ©JON URBE / FOKU

UEMAk egiturazko neurriak eskatu ditu euskararen erabilera sustatzeko

Irati Urdalleta Lete

Ehun herriko langa gainditu du, beste lau herri onartuta: Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria. UEMAk Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzeko konpromisoa hartu du
Hezkuntza Plazara elkarteko ordezkariak, atzo, Donostian eginiko agerraldian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Plan pilotu bat» galdegin dute, euskal hezkuntza sistemaren bidean

Ion Orzaiz

Hezkuntza Plazara-k elkarlana sustatuko du, hezkuntza proiektua, euskalduntzea eta euskal curriculuma bilduko dituen bide orria lantzeko
Ekitaldia atzo, Azpeitian. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Pasaiako segada argitzeko eskea egingo diote Jaurlaritzari

Gurutze Izagirre Intxauspe

Biktimen senideek sumina adierazi dute «hiru urteko lana lapurtu dietelako». Etzi, sarraskian parte hartu zuten polizietako bat identifikatzeko proba egingo dute auzitegian
Immigrazio lege proposamen berriaren aurkako afixa itsatsi zuten Baionako herriko etxe aitzinean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Dozenaka lagun bildu dira Baionan immigrazio lege berriaren aurka

Garazi Aduriz Zuñeda

Legeak ukango lituzkeen ondorioen berri eman, eta zakarrontzi batera bota dituzte. Migrazio politika duin bat» ukan dute aldarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.