Etxebizitza, larrialdian

Manifestazioa eginen du gaur Herrian Bizi plataformak Baionan, etxebizitzen eta lurren merkatuaren erregulazioa eskatzeko. Azken urteetan egoera okertu dela erakusten dute datuek

Etxebizitza multzo bat Angelu eta Miarritze artean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Milaka herritar espero dira gaur Baionako karriketan etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioan. Ipar Euskal Herriko berrogei bat eragile biltzen dituen Herrian Bizi plataformak antolatu du, etxebizitzaren krisiari aurre egiteko neurri eraginkorrak hartzea eskatzeko. Europa mailako mobilizazio zabalaren barruan kokatu dute protesta. 2021eko azaroan 8.000 pertsona elkartu ziren Baionan; hein bereko mobilizazioa kausitu nahiko lukete antolatzaileek.

Aspalditik sortzen du kezka etxebizitzaren egoerak Ipar Euskal Herrian, baina datuek erakusten dute COVID-19ak eragindako pandemiaren ondotik gauzak okertu direla: populazioa azkarki emendatu da azken urteetan, eta etxebizitza arloko eskaera eskaintza baino handiagoa bilakatu da. Espekulazioa handia da, eta alokairuen prezioak ere igo egin dira. Bigarren etxebizitzen eta turismorako alokairuen emendatzeak arazoa indartu besterik ez dute egin.

Ikusi gehiago:Gabi Arestegi: «Etxe batzuen erabilpenak ez dira gehiago onargarriak»

Egoerari buru egiteko «politika ausartak» ezartzeko eskatu du Herrian Bizi plataformak, hala nola etxebizitzen eta lurren merkatua erregulatzea, kudeaketa publikoa edo kolektiboa lehenestea, alokairuen prezioa mugatzea, etxebizitza sozialak azkar garatzea, eta laborantza lurrak, biodibertsitatea eta klima babestea.

Bizitegien Tokiko Plana onartu zuen 2021eko udaberrian Euskal Hirigune Elkargoak, eta etxebizitzaren bilakaera aztertzeko behatokia sortzea erabaki zuen bertan. Audap Hirigintza Agentziak du horren ardura. Zabaldu dituzten datuek eta eragileek helarazitakoek egoeraren ikuspegi zabala ematen dute.

ESKAINTZA

INSEE, Frantziako Estatistika eta Ekonomia Azterketen Institutuaren arabera, 315.673 herritar zeuden Ipar Euskal Herrian 2019an. Azken 50 urteetan, kasik %40z emendatu da kopurua. Euskal Hirigune Elkargoaren datuen arabera, urtero 3.000 herritar berri etorriko lirateke Lapurdira, Nafarroa Beherera eta Zuberoara.

Gaur egun, 200.000 etxebizitza baino gehiago lirateke lurralde guzian zehar, baina horien laurdenak bigarren etxebizitzak eta etxebizitza hutsak dira, 2019an egindako zenbaketen arabera. 1990etik 80.000 etxebizitza sortu dira Ipar Euskal Herrian.

PREZIOEN EMENDATZEA

Azken urteetan salgai ezarriak diren etxebizitzen kopurua anitz apaldu da, eta horrek prezioen emendatzea eragin du. Euskal Elkargoak emandako datuen arabera, 2015ean 3.609 euroan saltzen zen metro koadroa batezbeste; 2022 hasieran, berriz, 5.398 euroan. Zazpi urtean 1.789 euroko igoera izan da.

Gisa bereko igoera ikus daiteke alokairuekin ere. Gainera, gero eta baldintza zorrotzagoak eskatzen dituzte higiezin agentziek: maizterrak alokairuaren prezioa baino hiru aldiz lansari handiagoa izatea jartzen dute baldintza gisa gehienek.

Gaur egun, alokairuen prezioak mugatzeko aukera dago Frantziako Estatuan. Dispositibo horretan sartzeko hautagaitza ezarri zuen iazko azaroan Euskal Elkargoak. Hirigintza Agentziarekin batera alokairuen heina hobeki ezagutzeko datuak biltzen ari dira orain. Neurria 2025erako indarrean izatea espero dute.

BIZITEGI SOZIALAK

Gaur egun, Ipar Euskal Herriko biztanleen gehiengo batek bizitegi sozial baterako eskubidea izan lezake, horiek kudeatzen dituen HSA Habitat Sud Atlantic egituraren arabera. Baina ez dago nahikoa etxebizitza eskaera horri erantzuteko, eta itxarote zerrendak biziki luzeak dira. 2019an, bizitegien %11 baizik ez zegoen alokairu sozialean, Euskal Hirigune Elkargoaren arabera.

Frantziako etxebizitza legearen arabera, 3.500 biztanle baino gehiagoko herrietan, etxebizitzen %25ek bizitegi sozialak izan beharko lukete. Baina neurriak bizitegi nagusiak bakarrik hartzen ditu kontuan kalkulurako. Herrian Bizi plataformaren iritziz, bigarren etxebizitzak eta etxe hutsak ere kontuan hartu beharko lirateke bizitegi sozialen proportzioa are gehiago emendatzeko.

Bizitegien Tokiko Planean azpimarratua zen bizitegi sozialen eskasia: urtero 2.600 etxebizitza sortzea aurreikusi zuten, horien erdiak bizitegi sozialak. Aurtengo aurrekontuan, bost milioi euroko laguntza bozkatu dute HSArentzat.

BIGARREN ETXEBIZITZAK

INSEE institutuaren arabera, 42.743 bigarren etxebizitza zeuden Ipar Euskal Herrian 2019an; Herrian Bizi plataformak zabaldutako datuen arabera, 2023an 44.963 lirateke. 1968tik hona %84ko emendatzea izan da; bizitegi nagusiek izan duten bilakaera baino handiagoa. Etxebizitza bat izateko eskubidea bi izatekoa baino garrantzitsuagoa dela defenditzen du gaurko manifestaziorako deialdiak, baina badira urrunago doazen eragileak. Izan ere, gaur egun, Ipar Euskal Herriko etxebizitzen %20tik gora dira bigarren etxebizitzak, eta Lapurdi kostaldeko herri batzuetan goren mailara heldua da arazoa: Miarritzen eta Donibane Lohizunen %40 bigarren etxebizitzak dira; Getarian, bizitegi nagusiak baino gehiago dira.

Orain dela aste batzuk, hainbat proposamen plazaratu zituen EH Baik egoerari aurre egiteko. Batetik, etxebizitzaren tentsio eremua Ipar Euskal Herri osora zabaltzea —gaur egun, Lapurdi kostaldeko 24 herri biltzen ditu—, herriko etxeek neurri gehiago hartzeko parada izan dezaten. Bestetik, bigarren etxebizitzei begirako zerga berezitu bat sortzea. Azkenik, egoiliar estatutuari buruzko azterketa bat abiatzea nahi dute ezkerreko abertzaleek. Etxebizitza baten jabe izateko baldintza gisa aitzitik lurraldean epe batez bizi izatea eskatuko luke neurri horrek.

Gaurko manifestazioaren ondotik, bigarren etxebizitzei begirako manifestu bat plazaratuko du Herrian Bizi plataformak, eskaera zehatzak egiteko.

TURISMORAKO ALOKAIRUAK

Airbnb, Booking eta halako plataformen hedatzeak turismorako alokairuen gorakada ekarri du azken urteetan. Bigarren etxebizitza gisa kontatuak dira estatistika institutuen datuetan. Euskal Elkargoak zabaldutako zenbakien arabera, 2020an 18.593 iragarki aktibo zeuden egonaldi laburreko alokairuetarako; 2016tik %139ko emendatzea izan dela zehaztu dute.

Horri aurre egiteko helburua du martxo hasieran indarrean sartu zen Euskal Elkargoaren konpentsazio arauak. Hemendik aitzina, bizitegi bat turismorako erabili nahi duen jabeak, bestelako lokal bat bizitegi bilakatuz konpentsatu beharko du; bestela, ez du etxebizitzaren erabilera aldatzeko baimena eskuratuko. Gaur egun turismorako diren etxebizitzak urte osoko alokairura itzultzea lortu nahi dute neurri horren bidez. Aurreikuspenen arabera, 11.000 bizitegi libratu daitezke ondoko urteetan.

Egun, turismora bideratutako etxebizitzek zerga beherapena izaten dute. Hori kentzeko eskatua dute eragile batek baino gehiagok.

KANPORATZEAK

Orain arte gutxi aipatzen zen etxegabetzeen auzia Ipar Euskal Herrian. Alda mugimenduak mahaigaineratu du. Etxejabeak alokairu kontratua eteteko baimena du bizitegia saldu edo berreskuratu nahi badu; sei hilabeteko epean jakinarazi behar dio maizterrari. Baina Ipar Euskal Herriak duen krisian, anitzek ez dute aterabiderik aurkitzen. 2019. urtean, 302 prozedura izan ziren Baionako Auzitegian alokairua eten ondotik bizitegia utzi ez zuten maizterren kontra. Ondorioz, Aldak uste du kanporatzeen kopurua askoz ere handiagoa dela.

Kanporatzea salmentarako denean, bizitegia bigarren etxebizitza edo turismorako alokairu bilakatzen da maiz, Aldaren arabera. Baina iruzurrezko kanporatzeak badirela ere salatu izan du. Egoeraren errealitatea ezagutzeko, kanporatzeen datuak biltzeko eskatu die Elkargoari eta Pirinio Atlantikoetako Prefeturari, eta tentsio eremuan kanporatzeak mugatzeko neurriak ere har ditzatela galdegin die.

URGENTZIAZKO BIZITEGIAK

Etxebizitza arloko krisiak eragina du egoera sozial larrian diren pertsonen aterpetzean ere, Atherbea elkarteak jakinarazi duenez. Iaz, 1.740 pertsonak eskatu zieten behin-behineko aterpetze bat; bostetik batek baizik ez zuen erantzun baikorrik eskuratu. Askotariko egoerak kudeatzen ditu Atherbeak, hala nola genero indarkeriaren biktima izan diren emazteak, preso ohiak, prekaritate handian bizi diren pertsonak... Baina jakinarazi dute azken urteetan etxebizitza arazoei lotutako kasuak emendatzen ari direla: 1.740 eskaera horietatik 280 etxebizitza arazoei lotuak dira.

Bizitegi eskaera bat «epe bidegabeki luzean» erantzunik gabe gelditzen bada, etxebizitza eskubiderako helegitea (DALO) egiteko aukera dute herritarrek. Lapurdi kostaldean epe hori 36 hilabetekoa da, eta beste hainbat baldintza ere bete behar dira. Atherbearen arabera, 2008 eta 2022 bitartean irizpideak betetzen zituzten 6.000 helegite izan dira; heren batek baizik ez du bizitegi proposamen bat jaso.

ETXE HUTSAK

Euskal Elkargoaren arabera, etxe hutsak %6 inguru ziren 2019an. Etxegabe batzuek horiek okupatzeko hautua egiten dute besterik ezean. Atherbearen hitzetan, dozenaka etxe okupatu daude Baiona, Angelu eta Miarritzeko eremuan. Horregatik kezka agertu dute Frantziako Gobernuak bizitegien legez kanpoko okupazioaren kontra pasarazi nahi duen lege proiektuari buruz.

Etxebizitzaren arazoa kontuan hartuta, etxeak hutsik egotea deitoratu dute. Badira urteak horietako batzuek leiho eta ateak murruz hetsiak dituztela, okupatuak izan ez daitezen. Erakunde publikoen jabetzakoak dira anitz, etorkizuneko proiektuak gauzatu bitartean erabili gabe daudenak.

Atherbearen iritziz, «trantsiziozko hirigintzaren» pista aztertu beharko litzateke, erabiliak ez diren lur eremu edo eraikinetan behin-behineko bizitegiak sortzeko. Berehalako galde bati erantzuteko baliagarria izan litekeela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.