Albistea entzun

Kataluniako hauteskundeak. Elkarrizketa. Francesc de Dalmases. Junts per Catalunyako hautagaia

«Ukatzen diren ideal politikoak herritarrek eskatutakoak dira»

Hauteskundeak «bidegabeak» direla uste du De Dalmasesek, Espainiako Gobernuak «inposatu» dituelako. Hala ere, parte hartzea beharrezkoa dela uste du, «besteak beste, lidergoa berreskuratzeko».
DANI CODINA Tamaina handiagoan ikusi

Saioa Baleztena -

2017ko abenduak 12 - Bartzelona

Gizarte hezitzailea eta kazetaria da Francesc de Dalmases Junts per Catalunyako diputatugaia (Bartzelona, 1970). 1999tik 2007ra Associacio de Publicacions Periodiques en Catala elkarteko presidentea izan zen, eta, gaur egun, ONGC eta Catalan International View aldizkarietako zuzendaria da. Erreferendumaren Aldeko Itun Nazionaleko kide ere izan zen, eta argi du adostutako erreferendumaren aldeko aukera guztiak erreta daudela. Carles Puigdemonten zerrendaren komunikazio taldeak hauteskunde kanpainaren azken ukituak amaitzen dituen bitartean solastatu da BERRIArekin, alderdiak Gracia auzoan duen egoitzan.

Lleidako museoan zeuden Sixenako monasterioko lanak Aragoira eraman zituzten atzo. Mariano Rajoyren gobernuaren jazarpenaren albo kalteak…

155. artikuluaren aplikazioa babestu duen PSCko Angel Ros alkatea orain konturatzen ari da estatu batek autoritatearen bidea aukeratzen duenean ez duela mugarik. Parlamentua desegin dute, ordezkariak preso daude, eta Junts pel Si baliogabetuta utzi dute, beste behin banaketa sustatuz. Baina horrek azkenean eragingo du, Lleidan gertatu den bezala, Rajoyren errepresioa babestu duten alderdiengan ere.

Hamar egun gelditzen dira abenduaren 21erako. Zerrendaburua erbestean duzue, eta bigarrena, preso. Nola aurreikusten dituzue bozak?

Hauteskundeak legez kontrakoak dira. Gobernuko presidentea eta parlamentua, izan, bagenituen; beraz, salbuespen egoera honen barruan Espainiako Gobernuak inposatu dizkigu hauteskunde bidegabe hauek. Edozein modutan, hautetsontziek ez gaituzte beldurtzen, eta urriaren 1ean estatuaren aparatuek adierazi zutenez emaitza hura ez zela fidagarria, abenduaren 21eko bozketak balioko du herritarren nahimena berresteko, beste behin.

Abenduaren 7an presoen askatasunaren aldeko aldarria egin zuten milaka herritarrek Bruselan. Zer iritzi duzu?

Agerian utzi genuen katalanon europeismoak osorik jarraitzen duela, baina Europako erakundeena zalantzan dago. Europako Batasuna aintzat hartzen ari da Espainiako Gobernuaren estrategia, eta ez du erabakirik hartu, historiako beste hainbat kapitulutan egin zuen bezala; Hungariarekin edo Turkiarekin, esate baterako. Gertatzen ari den guztiaren gainetik, Europak oraindik ere esaten du anomaliarik ez dagoela, eta, ondorioz, Rajoyren bidea babesten du.

Kazetaria zara. Halako aldarrikapenik ezagutzen zenuen Europan?

Sekula ez. Erabakigarria da herritarren mugimendu baketsu hau Europara joatea Katalunian gertatzen ari dena azaltzera. Errotik harro sentitu nintzen agerian gelditu delako, beste behin, demokraziarekin dugun konpromisoa. Bide onetik goaz, eta PDECatek zeharkako zerrenda egiteko egin duen apustua berretsi da. Gure aldarria beti izango da salbuespen egoeraren amaiera.

Auzitegi Gorenak Oriol Junqueras, Joaquim Forn, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart preso mantentzea erabaki zuen abenduaren 4an. Nola eragiten du testuinguru horrek hauteskundeetan?

Kasu! Espetxeratuta ez daudenak ere Espainiaren Damoklesen ezpata dute gainean. Iritzi delitua egiten ari direla erabakitzen duten edozein momentutan haien askatasuna ere jokoan baitago, argi geratu denez, epaileek egiten duten gertaeren analisiarekin. Eta ezin dugu ahaztu ukatzen zaizkigun ideal politiko horiek, besteak beste, 2015eko irailaren 27ko hauteskundeetan Kataluniako herriak babestutakoak eta eskatutakoak direla. Testuinguruak erabat eragiten du, noski, bozetan.

Salbuespen egoeraren aurrean zein da irtenbidea?

Kataluniaren izaera gizalegekoa, baketsua eta demokratikoa berrestea. Junts per Catalunyak argi utzi nahi du Espainiak erbesteratu eta espetxeratu dituen kideek hauteskunde hauek aldarrikatzen dituztela, besteak beste, lidergoa berreskuratzeko. Errepresioaren eta demokraziaren arteko kontraesana da Junts per Catalunyak duen ondasun pizgarrienetako bat. Ohiz kanpoko irtenbideak eskaintzen ditugu salbuespen egoera honetan.

Aste honetan iskanbila egon da Carles Mundok egindako adierazpenen harira. Hark esan zuen zure zerrendak hauteskundeak irabaziz gero presidentearen inbestidura ezinezkoa izango dela. Zuek gizalegearekin erantzun duzue…

Ez dugu energiarik galduko bidelagun izan behar dutenen kontra aritzeko. Hautetsontzien mandatuarekin leialak gara, eta abenduaren 21ean gure erronka da emaitza hori bermatzea. Gizartearen termometro politikoa non dagoen jakiteko egun erabakigarria izango da A-21a. Tira, badakigu Espainiako legezkotasun demokratiko urria dela-eta zaila izango dela Puigdemonten presidentetza berrestea, baina Espainiako antidemokrazia eta demofobiak ezin gaitu baldintzatu: jende guztiak onartu beharko du hautetsontzietatik aterako den emaitza.

Kazetari gisa, uste al duzu hedabideek piztu nahi dutela ERCren eta Junts per Catalunyaren arteko talkarik?

Uste dut ERCk eta Junts per Catalunyak liskartu nahi ez badute ez direla liskartuko. Junts per Catalunyako kideok ez dugu orain arteko ibilbidea ahaztuko, eta kanpaina honetan bereziki dugu kontuan bai ERC eta bai CUP.

Azken asteetan Junts pel Siko hainbat kidek autokritika egin dute. Katalunia prest al dago aldebakarreko bidetik jarraitzeko?

Izugarri harritzen nau aldebakarraren inguruko eztabaida horrek. Bide honetan inor baldin badago aldebakarretik ibili dena, hori Espainiako eraikuntza politiko eta konstituzional osoa da. Tira, zoritxarrez, batek baino gehiagok ahazten du adostutako erreferendumaren alde egin dugun bidea. Ni Erreferendumaren Aldeko Itun Nazionaleko kidea izan nintzen, eta baiezta dezaket Madrilgo Gorteetara joan nintzela Joan Ignasi Elenarekin batera, besteak beste, gure proposamena aurkeztera. Bitxiki, 155. artikuluaren aldeko hirukoak ez zuen tarterik ere hartu proposamena entzuteko. Nola da posible, orduan, Miquel Iceta, Xavier Garcia Albiol eta Ines Arrimadas lotsatuta ez egotea orain, eztabaidarik nahi izan ez dugula baieztatzen dutenean? Ateak beti egon dira zabalik eztabaidarako.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, gaurko agerraldian, Espainiako Kongresuan ©J.C. Hidalgo / EFE

Grande-Marlaskak berriz esan du Espainian ez zela inor hil Melillako hesia igarotzeko ahaleginean

Ander Perez Zala

Espainiako Barne ministroak Guardia Zibila defendatu du, argudiatuta segurtasun indarren erantzuna «proportzionala» izan zela. Ikerketa batzuen arabera, gutxienez lagun bat hil zen Espainian sartzean.

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Gerra apartekoa da antolaketa sozial bat ezartzeko»

Igor Susaeta

Gerra erregimenaren eskema gobernatzeko eredu gisa aplikatzeak eragiten dituen egoerez eta ondorioez ohartarazi du Sanchez Cedillok 'Esta gerra no termina en Ucrania' liburuan.
NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

Mikel O. Iribar - Igor Susaeta

Aliantzaren helburuetako bat da Putinek «irabazten ez duela bermatzea». G7ko herrialdeek adostu dute Ukrainako gerra krimenen ikerketak koordinatzeko sare bat egitea
Jiang Zemin, 2007ko argazki batean. / ©MICHAEL REYNOLDS, EFE

Jiang Zemin hil da, 1993tik 2003ra Txinako presidente izandakoa

Jon Ordoñez Garmendia - Maddi Iztueta Olano

Tiananmen plazako protesten ostean hartu zuen kargua, eta Alderdi Komunistan merkatu ekonomia sozialista kontzeptua txertatu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.