Josep Solano
Japonia. Shinzo Abe lehen ministro ohia hil dute. ANALISIA

Aita ponteko neoliberal sotila

2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
XXI. mendeko Japonia ulertzeko, ezinbestekoa da gogoan izatea buruzagi kontserbadore karismatiko hori, historiako lehen ministrorik gazteena, karguan luzaroen iraun duena, herrialdeko politika neoliberalen ideologoa, eta bere aurreko eta gaur egungo lehen ministroaren aita ponteko politikoa.

Japoniako ministro ohi Shinzo Abe karismatikoa erail du lanik gabe zegoen militar ohi batek, eta ekintza horrek lurrikara politikoa eta izugarrizko hunkidura eragin du Japoniako gizartean, han urteetan ez baitute izan halako magnizidio politikorik. Abe, lehen ministro bat baino gehiago, figura mediatiko bat zen Asia osoan, eta oraindik ere eragin oso handikoa, hala bere alderdian nola Japoniako gizarte osoan.

2006an iritsi zen lehenbizikoz boterera, 52 urterekin, eta historiako lehen ministrorik gazteena bihurtu, eskarmentuari eta adinduei oraindik ere izugarrizko errespetua dieten herrialde batean. Lehen legealdian, 2006 eta 2007 bitartean, ez zuen zorte handirik izan herrialdeko ardurarik handiena hartu zuelarik: hautesleek bizkarra eman zioten Japoniako Dietako goi ganberaren hurrengo hauteskundeetan, eta, handik gutxira, dimisioa emango zuela iragarri zuen, argudiaturik hautesleek ez zutela konfiantzarik bere kudeaketan.

Abek, baina, politikari «odol-urdin» bat izaki, oraindik ere bazuen zer esana ugari: 2012an, gobernuburu postura itzultzeko gai izan zen, eta, horrez gainera, kargu horretan luzaroen iraun duen politikaria bihurtu zen. 2020ko udan, pandemia bete-betean zelarik eta herrialde hartan gainerakoen aldean kutsatze indize ezin txikiagoak zituztelarik, Abek uko egin zion karguari, osasun arazo kroniko bat zela kausa: lehen ministro ohiak kolitis ultzeraduna zuen nerabezarotik, eta tratamendu mediko bidez kontrolatu beharra zeukan.

Politikari sotila zen, eta aurkariek oso buruargitzat zeukaten; hain zuzen ere, hasiera-hasieratik, Abek aldeko amorratuak bezain kontrako porrokatuak eragin zituen. Lehen ministro karguari ekin aurretik ere, artean Atzerri Ministerioko jardunean ziharduelarik, Abe oinarrizko pieza bat izan zen 2002an, Japoniako Gobernuaren negoziatzaileen buru gisa, Ipar Korean bahitu zituzten japoniarrak askatzeko prozesuan; halaber, orduko lehen ministro Junichiro Koizumiren eskuin eskua izan zen, hura Ipar Koreako orduko buruzagi Kim Jong-il-i bisitan joan zitzaionean.

Lehen ministro ohiak bere politika ekonomiko neoliberalean oinarritu zuen legealdia, Abenomics izenekoan; horren bidez, zenbait eraldaketa bultzatu nahi izan zuen, besteak beste hauetan oinarriturik: diruaren bulkada masiboa, erreforma ekonomiko zenbait eta gastu publikoaren igoera. Abe, txiki-txikitatik, aitonaren urratsei jarraitzeko hazi eta trebatu zuten; Nobusuke Kishi lehen ministro ohia zuen aitona, eta hark 30eko urteetan ezin ospe txarragoa zuen Mantxurian, zeina Japoniak okupatua baitzuen. Abe prest agertu izan zen beti Japoniako Konstituzioaren 9. artikulua aldatzeko, zeinak eragotzi egiten baitio Japoniari armada bat edukitzea.

Kanpo politikari dagokionez, sakondu egin zuen AEBekiko aliantza, baina garraztu egin zituen auzorik hurbilenekiko harremanak; besteak beste, Txinarekin eta Hego Korearekin zituenak. Harremanen garrazte horren arrazoi nagusia zera izan zen, politika nazionalista kontserbadorea baliatu izana, eta Yasukuni santutegi polemikora maiz bisitan joan izana: Bigarren Mundu Gerrako gerra kriminalak ohoratzen dituzte han. Era berean, Japoniako nazionalismo kontserbadorearen aurpegi atsegina izaten ahalegindu da Abe, harreman onak mantentzeraino itxuraz aurkakoak diruditen buruzagiekin ere, hala nola Xi Jinpingekin eta Vladimir Putinekin; Putini, adibidez, japoniar arrazako txakur bat oparitu zion. Aberen eragin politikoa hain zen entzutetsua, Tokio olinpiar hiri hautatu baitzuten, oraintsuko pandemiak erabat baldintzaturiko olinpiar jokoetan.

Karguari uko egin zionetik, Abe foku mediatikoetatik aldenduta ibili zen, baina sekula ez zion utzi boterean zegoen alderdiaren hariak ezkutuan mugitzeari: haren ondorengoa, Yoshihide Suga, gobernu idazkari izan zuen atzeneko urteetan, eta kolaboratzailerik leialena; gaur egungo ministro Fumio Kishida, berriz, bere delfinetako bat izan zuen. Aberen galerak, aro baten amaia ez ezik, familia politiko baten eta Japonia ulertzeko era baten amaia ere badakar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.