Elizaren sexu abusuak

Apezpiku Konferentzia, elizbarrutiak eta erakunde publikoak, nor bere aldetik

Espainiako Fiskaltzak salatu du Elizak ez diola helarazi abusuei buruzko daturik. Apezpiku Konferentziak «zentzugabea» iritzi dio eskaerari

Juan Jose Omella kardinala, Apezpiku Konferentziako burua. VICTOR LERENA / EFE.
Ion Orzaiz.
2023ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Informazio eskeen harira, kukuka. Hego Euskal Herriko elizbarrutiek eta Espainiako Apezpiku Konferentziak erantzun nahasiak eta, are, kontrajarriak eman dituzte administrazio publikoek sexu abusuen inguruan abiarazitako ikerketetan. Administrazioek «harridura» agertu dute, justiziari laguntzeko «prestasunik eza» sumatu dutelako. Gotzainen esanetan, ordea, «asmo osoa» dute kasu guztiak argitzeko, eta «zentzugabetzat» jo dituzte orain arte egin dizkieten informazio eskaerak. Elizak eta erakundeek patata beroa elkarri pasatzen dioten bitartean, biktimek uzkur begiratzen diote Madrilen abiarazitako prozesuari.

Ikusi gehiago:Sexu abusuen 50 biktima, gutxienez, Bilboko elizbarrutian

Espainian, arartekoa jarri dute Elizako sexu abusuak ikertzeaz eta biktimei aitortza emateaz arduratuko den batzordeko buru eta jada hasia da zenbait biktimarekin hitz egiten. Batzordean, baina, badira beste kide batzuk, eta horietako bat da Espainiako Fiskaltza Nagusia. Iragan astean, Alvaro Garcia Ortiz fiskalak salatu zuen abusuei buruzko informazioa eskatua diola Apezpiku Konferentziari, baina ez zuela erantzunik jaso, eta elizbarrutiek ere «informazio oso-oso eskasa» helarazi diotela.

Fiskalak iazko ekainean egin zien eskaera Espainiako gotzainei, baina bueltan jasotako gutunak ez zuen asebete: barruan, El Pais egunkariak auziari buruz kaleratutako ikerlan bat besterik ez zegoen. Informazio zehatzagoa eskatu zuen Garcia Ortizek, baina Apezpiku Konferentziak uko egin zion eskaerari, argudiatuta «elizbarruti bakoitzak nortasun juridiko propioa» duela, eta konferentziak ez duela haien gaineko eskuduntzarik. Pilota elizbarrutien teilatura jaurti zuen, beraz.

Irailean, fiskalak erabaki zuen Espainiako Estatuko 70 elizbarrutietara jotzea, eta denei egin zien eskaera bera. 29k bakarrik erantzun zuten, eta horietatik, lauk soilik eman zituzten eskatzen zizkieten datuak —hala nola Gasteizkoak—. Orain, Bilboko elizbarrutiak esan du aste honetan igorri diola txostena Fiskaltzari. Iruñeko eta Tuterako elizbarrutiak, berriz, «zentzugabea» iritzi dio informazio hori bidaltzeari, «erkidego bakoitzeko fiskaltzak bazuelako informazio hori lehendik ere». Iruñeko Artzapezpikutzaren argudioa da adingabeen aurkako sexu abusu baten berri duen edonork betebeharra duela salaketa jartzeko, eta, hortaz, fiskalek izanen dutela informazio hori.

Nafarroako Fiskaltzako iturriek BERRIAri azaldu diotenez, eurek jada igorri diote urteroko txostena Espainiako Fiskaltzari, baina «ez dago salaketarik epaitegietan» eta, hortaz, ezin dute datu berririk eman.

Nafarroan, aurreratuago

Aspaldi gertatutako kasuetan dago gakoa: abusuak sufritutakoa heldua bada —eraso egin ziotenean adingabea bazen ere—, hark du salaketa aurkezteko ardura. Alta, biktima askok ez dute salaketarik aurkeztu.

Espainiako ikerketa batzordeaz gain, Euskal Herrian bada beste bat abian: Nafarroakoa. Iazko urrian osatu zuten, abusuak salatu dituztenei biktima izaera aitortu eta justizia errestauratiboa eskaintzeko. Iazko urrian osatu zuten batzordea, eta hasiak dira biktimak elkarrizketatzen. Elizari dagokio batzorde horretako bi kide aukeratzea, baina, oraingoz, uko egin dio gonbidapenari, eta bi eserleku horiek hutsik dira iaztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.