Elizaren sexu abusuak

Sexu abusuen 50 biktima, gutxienez, Bilboko elizbarrutian

Adingabeak babesteko batzordeak 32 txosten ireki ditu 2019tik. Akusatutako apaizen artean, hamalau hilda daude, eta beste biak ez dituzte identifikatu

Gemma Escapa eta Carlos Olabarri, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Bilboko elizbarrutiak sexu abusuak aztertzeko 32 txosten ireki ditu 2019tik. Urte horretan sortu zuen elizbarrutiak adingabeak babesteko eta sexu abusuak prebenitzeko batzordea. Eta, ordutik, 50 biktima baino gehiago elkarrizketatu ditu. «Txosten bakoitzean ez du zertan salatzaile edo erasotzaile bakarra egon, gehiago egon daitezke», argitu zuen Carlos Olabarri batzordeko zuzendariak. Batzordearen 2022. urteko memoria aurkeztu zuen atzo elizbarrutiak. Oro har, bederatzi txosten ireki zituzten iaz. Bost kasu kongregazioei dagozkie, eta beste laurak, berriz, apaizei.

Ikusi gehiago:Apezpiku Konferentzia, elizbarrutiak eta erakunde publikoak, nor bere aldetik

«Onartzen dugu gure elizan sexu abusuak egon direla», adierazi zuen Olabarrik. Eta gehitu zuen ez dela «erraza» biktimen kopuru zehatz bat ematea: «Biktima batzuek guregana jo dute, baina badakigu hortik kanpo beste biktima batzuk ere badaudela». Elizbarrutiak ezagutu dituen kasu guztiak preskribatuta daude. «Kontuan hartu behar dugu sexu abusuak salatzen dituztenak 55 eta 60 urte bitartekoak direla, eta abusuak 10 urte inguru zituztenean jasan zituztela», gogoratu zuen Gemma Escapa abokatuak eta batzordeko kideak. Susmopean dauden apaizen artean, bi ezin izan dituzte identifikatu. Gainerako hamalau apaizak, berriz, hilda daude. «Hala nahi badute, apaizen inguruko informazioa helarazten diegu biktimei».

32 txostenetatik, hamasei kasu iaz itxi zituzten. Oraintxe, hamalau daude irekita. «Itxita egoteak ez du esan nahi kaxoi batean gordetzen ditugunik. Itxita egoteak esan nahi du biktimaren eskaerak eta beharrak jaso ditugula, eta oraingoz ez dugula ekintza jakinik, baina edonoiz ireki daitezkeela», zehaztu zuen Escapak.

Ikerketak unibertsitateei

Sexu abusuen kasu batzuetan, unibertsitateei eskatu diete ikertzeko. Bilboko Erruki Etxearen ikerketa, esaterako, Euskal Herriko Unibertsitateak landu du. Jone Valdueza ikerlariak egin du Gemma Varonak zuzendutako ikerketa. 1961etik 1978ra bitarteko abusuak aztertu dituzte, elkarrizketa sakonak eginez. «Askotan, biktimek nahiago dute gertatutakoaz ez hitz egin, gertatutakoa ahazteko», azaldu du Olabarrik. Hori dela eta, zaila da kopuru zehatz bat ezartzea. Hala ere, ikerketak bost biktima baieztatu ditu. Guztiak 10 eta 13 urte bitarteko mutilak dira. «Zortzi pertsona elkarrizketatu dituzte: horietako bost zuzeneko biktimak ziren, eta beste hirurak, garai hartan han zeudenak edo biktimekin harremana zutenak», esan du Olabarrik. «Ikerketan ondoriozta daiteke erasotzailea bat zela». Elkarrizketez gain, Erruki Etxean erakundeari buruzko informazioa bilatu dute, testuinguru historikoa ezartzeko asmoarekin.

Bestalde, Derioko seminarioaren ikerketa Deustuko Unibertsitateak egin du. 1953tik 1970era han gertatuko sexu abusuak aztertu dituzte. «Batzuek aurretiaz salatu zuten jendaurrean 1953 eta 1956 bitartean sexu abusuak jasan zituztela, eta liburu bat ere argitaratu zuten horren inguruan», gogoratu du Escapak. Ikerketa taldeak garai hartan abusuak jasandako lau apaizgai elkarrizketatu ditu. «Txosten pertsonalean ez da arrazoi zehatzik agertzen, baina 1956an apaiz hori Ekuadorko Misioetara bidali zuten», ohartarazi du Escapak. 1960ko hamarkadan beste bi apaiz erasotzaile egon zirela baieztatu du ikerketak. Hirurak hilda daude.

Arreta zortzi biktimari

Biktimek hiru ekintza nagusi eskatzen dituztela azpimarratu du Escapak: «Sinesgarritasuna emateko, barkamena eskatzeko eta gertatutakoa ez errepikatzeko». Izan ere, batzordearen zereginetako bat biktimei «arretarik onena» eskaintzea da: «Garrantzitsuena da haiek borondatea izatea; jendaurrean agertzen direnean, haiekin harremanetan jartzen saiatzen gara. Hala ere, guregana jo dezakete zuzenean, edo posta elektronikoaren bitartez gurekin harremanetan jarri». Batzuetan, terapia eskatzen dute. Lau urtean, hamar pertsonak eskatu dute arreta. Balorazio bat egin ostean, Lagungok zortzi laguni lagundu die. Familia terapiako eta banakako terapiako zerbitzu espezializatua da. «Pertsona batek 2021ean amaitu zuen terapia, beste lauk iaz, eta hiruk terapiarekin jarraitzen dute», zehaztu du.

Erakundeekin elkarlanean

Espainiako Fiskaltza Nagusiak sexu abusuen inguruko informazioa eskatu zien elizbarruti guztiei joan den urtearen amaieran. Hala ere, joan den astean, Alvaro Garcia Ortiz Espainiako fiskal nagusiak Senatuan esan zuen erdiak baino gutxiagok erantzun diotela eskaerari. «Aste honetan bidali diogu txostena guk, eta prest gaude erakundeekin elkarlanean aritzeko», argitu du Olabarrik. Ez zuten lehenago bidali, oraindik txostena lantzen ari zirelako. «Gu erkidegoko fiskaltzarekin ari gara lanean». Izan ere, sexu abusuen hiru salaketa jarri dituzte fiskaltzan.

Erakundeekin egiten duten elkarlanaren osagarri, formakuntza sexu abusuei aurre egiteko tresna «garrantzitsua» dela aldarrikatu du batzordeko zuzendariak. «Tamalez, horrek ez du ziurtatzen abusuak amaituko ditugunik, baina adi egoteko eta zer egin jakiteko bideak zabaltzen dizkigu». 2022 amaieratik gaur egun arte, adingabeen arduradunek formakuntza espezifikoa jaso dute. Are gehiago, hainbat bikariotzatako 127 pertsonari formakuntza eskaini diete, eta Bizkaiko elizaren inguruko 300 pertsonari baino gehiagori aurkeztu diete adingabeen babeserako gida. Olabarri: «Sexu abusuen kasuak asko dira; bakarra ere asko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.