Beltran azkenekoz ikusi zuten tokian bila hasiko dira datorren astean

Jaurlaritzaren ustez, «aukera handiak daude» Zaldibarko zabortegian desagerturik segitzen duen behargina aurkitzeko. Urte bukaera bitarte, ertzainek «lehentasunezko» bi eremutan jardungo dute

Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia, zuriz jantzita, atzo zabortegira egindako bisitan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Igor Susaeta.
Zaldibar
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Alberto Sololuzeren gorpuzkiak, Zaldibarko Verter Recycling zabortegia (Bizkaia) erori zenean desagertu ziren bi beharginetako batenak, joan den abuztuaren erdialdean topatu zituzten. Joaquin Beltran zen, hain zuzen, lehengo otsailaren 6an luiziak desagerrarazitako beste langilea, eta oraindik ez dute aurkitu. Baina, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Zaldibarren atzo egindako agerraldian nabarmendu zuenez, hura topatzeko lanak «etapa erabakigarrian» sartuko dira datorren astean: zabortegiaren «eremu berora» helduko dira, eta hor Beltran aurkitzeko «aukera handia» dago. Bilaketa lanetan ari diren ertzainak hurrengo ostegunean, hilaren 15ean, hasiko dira lanean desagertutako behargina azkenekoz ikusi zuten eremuan, B1-a gisa identifikatutakoan. 15.000 metro kubiko material dira handik ateratzekoak, eta bizpahiru aste beharko dituzte horretarako.

[youtube]https://youtu.be/_8sU0kiBRwU[/youtube]

Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak zehaztu zuenez, teknikarien arabera Beltran topatzeko orduan «lehentasunezko» bi eremuetako bat da B1-a delakoa. Han topatzen ez badute, haren ondoko B4 eremuan hasiko dituzte bilaketa lanak, azaro hasieran. Beste eremua baino handiagoa da, eta 80.000 metro kubiko material hustu beharko lituzkete langileek. Erkorekak azpimarratu zuen eguraldiak baldintzatuko duela lanen erritmoa.

Beltran ez baldin badute topatzen ez B1-a eremuan, ez B4an, Jaurlaritzak B1-c eta B1-b eremuak ere identifikatuta dauzka. Nolanahi ere, Erkorekak adierazi zuen ez dutela «hipotesi hori» planteatzen; espero dutela Beltran «lehentasunezko» bi eremuetako batean topatzea, alegia. Urtarrilean ekingo liekete B1-c eta B1-b eremuetako lanei, azkenean beharrezkoa izanez gero.

Jaurlaritzaren lehen lehendakariordearen esanetan, lan tekniko «korapilatsua eta zaila» izango da. Hala eta guztiz ere, baikor agertu zen komunikabideen aurrean: «Baliabide teknikoak ditugu, baita ezagutza ere, arrakastaz egiteko». Azpimarratu zuen, gainera, bilaketa lanean arituko diren ertzainek «lan baldintza seguruak» edukiko dituztela.

Erkorekarekin batera, Arantxa Tapia Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak parte hartu zuen zabortegiaren beheko aldean, N-634 errepidearen alboan, atzo egindako agerraldian. Han daude, hain zuzen ere, bilaketa zein egonkortze lanetan aritu direnentzako etxolak.

Tapiak esan zuen hasi dituztela zabortegia zigilatzeko lanak «goiko aldean», eremu hori egonkortuta dagoelako. Beltran aurkituz gero, ondoren zabortegiarekin zer gertatuko den galdetuta, hara zer erantzun zuen: «Helburua da ez dadila berriro martxan egon. Zabortegi honek bukatu ditu bere lanak». Azken hilabeteetan ateratako hondakinak instalazioan bertan uzten joan dira, eta horiekin egonkortu eta zigilatuko dute, Tapiaren hitzetan. Ohartarazi zuen, hala ere, «denbora asko» beharko dutela lan horiek egiteko. «Ez pentsa urte batean egingo denik».

«Faktura» pasatuko diote

Behin baino gehiagotan errepikatu zuen Jaurlaritza «subsidiarioki» ari dela bilaketa eta egonkortze lanak egiten, baina hori Verterren ardura litzatekeela, berez. Erkorekaren arabera, lanak amaitutakoan pasatuko diote «faktura» zabortegiaren jabeari. Ez zuen zehaztu nahi izan, ordea, ea oraingoz zenbat milioi eurokoa den —Jaurlaritzak uztailean esan zuen 13,4 milioi euro zeramatzala gastatuta—. «Milioi dezente» direla adierazi zuen Tapiak, atzo. Haren esanetan, Beltran topatzea da orain «helburua».

Amiltzeagatik Verterren aurka abiatutako prozedura judizialaz galdetu zieten. Erkorekak esan zuen Jaurlaritza ez dela «iturri egokia» horri buruz hitz egiteko, «gaur-gaurkoz» ez dagoelako auzian «pertsonatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.