Politika orokorreko eztabaida. Urkulluren hitzaldia

Herri akordioak eskatu ditu

Urkulluk bost herri itun proposatu dizkie taldeei, «aparteko egoerari» erantzuteko. Besteak beste, lehen mailako osasun arretan, energian eta erronka demografikoan lortu nahi ditu adostasunak

Iñigo Urkullu lehendakaria, atzo, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. RAUL BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Adostasunerako eskua eskaini die Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria legebiltzarrean, «aurrekaririk gabeko» testuinguru ekonomiko, politiko eta sozialari aurre egiteko. Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaidan egin zien atzo eskaintza: Ukrainako gerrak eta energia krisiak sortutako «ziurgabetasun egoerari» herri akordioekin erantzuteko proposamena mahai gainean jarri die. Lehendakariak bost esparrutan ehundu nahi ditu itunak: 2023ko aurrekontuetan, lehen mailako osasun arretan, hezkuntzan, erronka demografiko eta gazteriaren estrategian, eta energia esparruan. Itun horien inguruko zehaztasun askorik ez du eman lehendakariak, eta horixe bera aurpegiratu diote taldeek arratsaldeko saioan; hori dela eta, mesfidati hartu dute proposamena, baina ez diote atea itxi.

Joanak gogora ekarrita, baina datozenei so. Begirada aurrera eta atzera, alde batera zein bestera zuzenduz egin du Urkulluk Eusko Legebiltzarreko urte politikoko lehen hitzartzea, goizeko saioan. Atzera begiratzeko tartea hartu du hasieran, azken urteotan katean loturik iritsi diren mundu mailako hiru krisi globalen arrastoak gogoan harturik: 2008ko finantza krisia, 2020ko osasun krisia eta Ukrainako gerra. Krisi horiek sortutako ziurgabetasun egoerari «auzolanarekin» eta «akordioarekin» erantzuteko Jaurlaritzak erakutsi duen gaitasuna azpimarratu du Urkulluk. Besteak beste, hezkuntza akordioa aipatu du akordio horren isla; hitzarmen horrek eskola publikoaren papera bermatzen du, lehendakariaren esanetan.

Aurrera begira, berriz, egun bizi den «aparteko egoerari» erantzuteko adostasunerako aukera leiho bat badela azpimarratu du. Herri akordio horien artean kokatu du datorren urteko aurrekontua, «gizarte zerbitzuak indartzeko» beharrezkoa izango delako. Oposizioarekin negoziazio prozesu ireki bat zabaldu nahi du lehendakariak, eta « ahalik eta akordio zabalena» lortzen saiatuko da. 2024ko kontu publikoak ere adostasunetik hitzartu nahi dituela erantsi du.

Aurrekontuek bakarrik ez, Osakidetzak ere herri akordiorako elkargune izan behar duela uste du. Lehendakariak onartu du azken hilabeteotan, eta pandemiaren eraginez, «zailtasunak» izan direla osasun sistema publikoan, bereziki, lehen arretan, eta iragarri du 358 plaza osagarri sortuko dituztela familia medikuntzan eta osasun langileen artean. Demografian ere jarri du arreta Urkulluk, gazteak lehentasunen artean jarrita. Eta helburu horri lotuta, iragarri du datorren astetik aurrera Gazteria Zuzendaritza Lehendakaritzaren menpe geldituko dela. Larrialdi klimatiko eta energetikoari dagokionez, trantsizio energetikoa bizkortzeko modua egingo duen «itun bideragarri bat» egiteko galdegin du.

Lehendakariaren esanetan, itun horiek giltzarri izango dira egungo zailtasunak gainditzeko. Baikor aritu da, halere: «Itxaropena ez ezik, konfiantza eta uste osoa ere badaukat: berriz ere gaindituko dugu aurrean dugun erronka, eta indartuta aterako gara». Datozen hilabeteetarako lehentasunei aurre egiteko, berrogei neurri proposatu ditu. Horien artean daude hezkuntzako langileen egonkortzea, behin-behinekotasuna% 35etik % 3ra murriztea; Ertzaintzan plaza berriak eskaintzea, Osakidetzako langileen egonkortzea, eta enpresa ertain eta txikiei laguntzak ematea.

Luze aritu da Urkullu testuinguru ekonomikoaz, «kezka» eragiten diola aitortuta. Bereziki prezioen garestitzeak kezkatzen du lehendakaria, eta diru laguntza berriak iragarri ditu herritarren eta enpresen zailtasunak apaltzeko. Larrialdi ekonomikoa arintzeko, jakinarazi du Hitzartuz programa abian jarriko dutela. Guztira, 400 milioi euro jarriko dituzte, besteak beste, gizarte larrialdietarako laguntzak %10 handitzeko, etxebizitza sozialerako diru sarrera muga malgutzeko, eta energia berriztagarriak sustatzeko. Horrez gain, PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren deflaktazio berri bat iragarri du lehendakariak, 2023ko urtarriletik aurrera aplikatuko dena.

Autogobernua

Autogobernuari ere tartea eskaini dio lehendakariak, baina ez dio aipamenik egin estatutu politiko berriari. 1979ko estatutua osorik betetzeko eskaria berretsi du, eta Espainiako Gobernuari exijitu diotransferentzia guztiak eskualdatzeko. Urkulluk «kezka» agertu du 1979ko estatutuaren betetze mailarekin, eta «aldebakarreko estrategiak» alboratu ditu.

Estatutua osorik beteko dela bermatzeko «konfiantza keinu bat» eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari: estatutuak berak jasotzen duen xedapen batean oinarrituta eskatu du hori lehendakariak. Hiru premiei erantzuteko deia egin dio Urkulluk Sanchezi: lehena, «berehala» eskualdatzeko trenbidearen inguruko eskumena; bigarrena, mahai gainean dauden transferentziak negoziatzeko «aldebiko» lantaldeak martxan jartzeko; eta, hirugarrena, bi gobernuen arteko batzorde iraunkorra deitzeko, 2020ko urrian sinatutako transferentzien egutegia betetzeko.

Kontzertu ekonomikoaren formula itun politikora eramateko ideiari heldu dio Urkulluk arratsaldeko saioan, eta foru eskubideen eguneraketa jasoko duen ituna defendatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.