Urkulluk itunerako testuaren «balorazio oso ona» egin du

Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Hezkuntza akordioa eta legea ontzeko prozesuak mahai gainean jarri du hezkuntza, eta pil-pilean daude haren gaineko eztabaidak. Atzo, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, hizpide izan zuten akordiorako lehen testua. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari zer pentsatzen duen galdetu zioten Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategik eta PP+C's-ko Carlos Iturgaizek. Urkulluk hitz gutxi behar izan zituen erantzuteko: «Nola baloratzen dudan hezkuntzaren oinarrien zirriborroa? Bada, orain arte egindako lanaren balorazioa oso positiboa da».

Balorazio orokorra egitearekin batera, bi gaitan zentratu ziren: sare publikoan eta euskaran. Gorrotxategik uste du zirriborroak «legitimatu» egiten duela hezkuntza publikoaren eta itunpekoaren sistema, «bere ondorio txar guztiekin». Lehendakariari galdetu dio ea baduten asmorik neurriak adosteko, eskola publikoak pisu handiagoa izan dezan. Urkulluk esan dio gobernu programan hartua dutela konpromisoa: «Gure konpromisoa da bidezko eta kalitatezko hezkuntza zerbitzua indartzea, euskal eskola publikoaren funtsezko izaera aitortuz». «Eufemismo bat» dela leporatu dio Gorrotxategik, eta proposamen zehatzagoetara jo du: «[Une hau] Aukera bat da joera pribatizatzaileei buelta emateko eta apustu irmoa egiteko jabetza publikoko eskola sare bat progresiboki garatzearen alde».

Sareen «dualtasun» horren ondorio iruditzen zaio Gorrotxategiri segregazioa ere, eta uste du ezinbestekoa dela eskola publikoaren presentzia handitzea horri buelta emateko. Bestelako iritzia du Urkulluk: «Sistema publikoaren eta itunpekoaren arteko bizikidetza eredu berezi eta eraginkorra mantendu egingo da».

Euskara eztabaidagai

Iturgaiz, berriz, euskararen presentziarekin da kritikoa. Nabarmendu du Kataluniako murgiltze eredua «kopiatu» nahi dutela eta euskara izango dela sistema osoaren ardatza. «Ez duzue onartzen porrot bat dela euskalduntzea hezkuntza sistemaren helburu bakarra izatea». Urkulluk ihardetsi dio euskara ez dela inposatzen, familiek aukeratzen dutela D eredua. Ez du argitu legean murgiltze eredu orokortua jasotzeko asmoa duten ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.