Albistea entzun

ELAk zortzi eguneko greba abiatu du Bizkaiko zahar etxeetan

Bilbon manifestazioa eginez hasi dute lanuzte zikloa. Sindikatuak salatu du enpresek zahar etxeetako kuotak igo dituztela

Maite Asensio Lozano -

2023ko otsailak 2 - Bilbo

Atzo hasita datorren asteazkenera arte greban izango dira Bizkaiko zahar etxeetako langileak, ELAk deituta. Lanuztea atzo abiatu zuen sindikatuak, Bilbon manifestazioa eginez Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik Bizkaiko Foru Aldundikora. Beharginek salatu dute negoziazioak etenda daudela, eta, gainera, zahar etxeetako prezioak igotzean «gezurretan» aritzea leporatu diete enpresei. «Gutun bidez, erabiltzaileei kuotak igoko dizkietela jakinarazi diete, esanez soldatak igoko dituztela negoziazioaren ondorioz, baina ez dago halakorik. %6,5-10 artean handituko dituzte kuotak, hilabeteko 300 euro inguru, baina langileen baldintzak ez dira hobetu. Horrelako argudioak erabiltzea oso mingarria da, gezurra baita», adierazi du Ainhoa Tirapu Eskuinaldeko arlo soziosanitarioko arduradunak.

Erosahalmena ez galtzea, gaixo dauden lankideak hasieratik ordezkatzea, ratioak handitzea, enpleguak egonkortzea, lanaldi osoak areagotzea eta kontziliaziorako neurriak jartzea eskatzen ari dira langileak, besteak beste. «Baina negoziatzera ere ez dira eseri», berretsi du Tirapuk. Izan ere, azken hilabeteetan 21 greba egun egin dituzten arren, ELAko ordezkariek urtebete daramate patronalen berri izan gabe.

Gogora ekarri du, halaber, zaintzaren sektorea «gero eta handiagoa» dela, eta «pribatizatu» izana gaitzetsi du: «Bizkaiko Diputazioak egiten duen gauza bakarra da denon dirua eman eta gero kudeaketarik eta ikuskaritzarik ez egin». Hortaz, inplikatzeko eskatu dio diputazioari: «Zerbitzuak publikoa izan behar luke, baina, gainera, ezin du sektore hau albo batera utzi, ardurarik ez balu bezala».

Grebaren erantzunari buruzko daturik ez du eman ELAk, baina Tirapuk salatu du langile askok zailtasunak dituztela lanuzteetan parte hartzeko, gutxieneko zerbitzuen ondorioz: «Oso handiak dira, batzuetan baita %80koak ere». Hala ere, aldundiak zein patronalak «mugitzea eta langileen eskaerak entzutea» espero dute: «Horretarako ari gara kalera ateratzen. Emakume hauek demostratu dute badakitela borrokatzen».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mugimendu feministak deitutako elkarretaratzea, atzo, Gasteizen. ©ARGAZKILARIA

Ertzaintzak urtarriletik zekien bikotekideak urruntze agindua urratzen zuela

Edurne Begiristain Arantxa Iraola

Erkorekak esan du Ertzaintza maiatzaren 18tik ari zela biktimak zenbateko arriskua zuen «aztertzen». Mugimendu feministak «neurri integralak» galdegin ditu
EHUren fakultate bat, artxiboko irudian ©Jaizki Fontaneda / FOKU

Eusko Jaurlaritzak %16 handituko du unibertsitateen finantzaketa

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritzak zuzenean 1.642,4 milioi euro emango dizkie EHUri, Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari. Agerraldian ez dute argitu unibertsitate bakoitzak zenbat jasoko duen.

Apirilaren amaieran Ankerkeriari Stop plataformak egindako mobilizazioa, Gasteizen. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Anakronismoa eta krudelkeria» salatzeko, kalera irtetera deitu dute

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ankerkeriari Stop plataformak «agerraldi masibo bat» egingo du igandean Amurrion, Barbadori eta Zelaiari elkartasuna erakusteko
Suhiltzaile batzuk, artxiboko irudi batean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Oposizioak euskaraz egiteko aukerarik ez die eskaini Arkautik suhiltzaileei

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Arartekoak ebatzi du oposizioetako partaideen hizkuntza eskubideak «urratu» zituztela, eta ELA sindikatuak auzi eske bat jarri du epaitegietan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...