Zahar etxeak

Zahar etxeen eredu aldaketarako planak ondu dira, gabeziei aurre egiteko

Espainiako Gobernuak lortu du plan bat onestea zeinaren bidez zahar etxeak etxeago izatea bilatzen baiten, baina ez dute autonomia guztiek onartu. Euskal erakundeetan ere egitasmo gehiago badira martxan helburu horren inguruan

Donostiako Berra zahar etxeko kanpoko aldea, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Ekainak 28 zituela lortu zuen Espainiako Gobernuak zahar etxeetako funtzionamendua-eta arautzeko Unidas Podemosek sustatuta ondu den eredu berriak autonomia erkidegoetako ordezkarien partetik behar adinako sostengua izatea. Justu-justu: hamar autonomia erkidegok eman zuten aldeko botoa, eta bederatzik kontrakoa. Aurka egin zutenen artean, Eusko Jaurlaritza. Nafarroako Gobernua, berriz, alde azaldu zen. Egoitza handi gehiago ez egitea du helburu eredu berriak. Gehienez 120 egoiliar eduki ahal izango dituzte hiri handietan; 90 herri eta hiri ertainetan; 75 txikietan. Halaber, guneka banatu beharko dituzte egoiliarrak: gehienez ere hamabost laguneko bizikidetza unitateetan bizi beharko dute. Eta intimitatea bermatzera egin beharko da: logelen %65ek lagun bakarrekoak izan beharko dute. Propio adierazi dute, gainera, adinekoak-eta lotzeko praktikak bazter utzi behar direla.

Hortxe, laburrean, eredu berri horrekin egoitzei eman nahi zaien taxuaren zertzelada nagusiak. Zestoako (Gipuzkoa) San Juan egoitzako zuzendaria da Joseba Ilarramendi, eta plan horretan gako egokiak ikusten ditu: «Aro berri baten aurrean gaude; irudipen hori dut nik». Azken hilabeteotan aurkeztu diren beste hainbat egitasmo ere norabide berean doazela uste du; halaxe, adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta ekainean plazaratutako Liburu Berdea, egoitzen etorkizuna dokumentua. Era berean, 2019an zahar etxeen funtzionamendua antolatzeko Eusko Jaurlaritzak onetsi zuen dekretu berrian ere aldaketa zantzuak badirela uste du. «Gu hemen ildo horretan ari gara lanean; egoitzek etxe izan behar dutela dioen joera horretan. Eta estatuan onartu den erreformak ere ekar dezake aldaketarako bide bat», nabarmendu du, baikor: «Urte askotan joerak beste batzuk izan dira, eta orain bide berri batean hasita gaude».

Bidean aurrera egin ahala, «eraikin» asko «birdimentsionatu» egin beharko direla onartu du Ilarramendik, eta prozesuak gorabehera asko eragingo dituela. «Obrak, egokitze faseak. Asko daukagu egiteko, eta egun handi diren egoitza horiek beste egoera baterako bidea egin beharko dute». Bizkaian ere, ildo horrexetan ari dira. Bizkaiko Foru Aldundiak, «eredu gizatiarrago» bat helburu, egoiliarrak talde txikiagoetan antolatu nahi ditu, eta 25 pertsonako bizikidetza unitateak eratu. Horretarako, baina, zentro askotan obrak egin behar dira azpiegiturak egokitzeko, eta «trantsizio prozesua» ez da erraza izaten ari: lehen fasean atzerapen nabarmena dutela aitortu zuen Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak hil hasieran, eta horrek familiei eragindako arazoak azaleratu zituen oposizioak. Izatez, iazko irailean diputazioak iragarri zuen aurtengo martxoan prest egongo zirela bizikidetza unitate berrietako 500 toki, baina, obrak atzeratu direnez, leku berriak ez daude erabilgarri, eta, ondorioz, jaitsi egin da aldundiak eskaintzen duen toki kopurua.

«Kontraesan» gehiegi

Aldaketa gogoa agerikoa bada ere, zuztarreko moldaketak egiteko zumitzik ez du ikusten Jonathan Caro erizain geriatrak. Onartu du asmo onez betetako planak badirela mahai gainean. «Baina horietan jartzen duena betetzeko dirua behar da, eta horretaz ez dute hitz egin». Ikusten ditu, halaber, «kontraesan» gehiegi plazaratzen direla mezuetan. «Norvegiako ereduez-eta ari dira, baina han finantzaketa ezberdina da, familia mota ezberdina da... Oso zaila da hori hona ekartzea». Zahar etxeen gaineko baldintzak zorrozteak egoiliarren premiei begira arazoak ekar ditzakeen susmoa ere badu, gainera. «Pentsatzekoa da gero eta adineko gehiago badaude gero eta mendeko gehiago egongo direla, eta gero eta horrelako zerbitzu gehiago beharko direla... Oso baldintza zorrotzak jartzen badituzu egoitzak zabaltzeko, horrek ekarriko du berriak ez irekitzea, edo pribatu hutsak izatea».

Bizikidetza unitateen aldeko hautua egokia dela uste du Carok, baina argi du horrekin bakarrik ez dela deus konponduko, eta aparteko berezitasunak beti hartu beharko direla aintzat. «Hamabost pertsonarekin antolatutako taldeez ari dira, baina, egoiliar horiek mendekotasun kognitibo handia badute, agian hori ere ez da egokiena: igual ez dira hamabost, baizik eta hamar».

Ana Uriarte mediku geriatrak ere uste du hamabosteko muga hori pertsonen beharren arabera moldatzeko era emango duen eredu bat lehenetsi behar dela: «Askotariko aukerak eman behar dira: handiak, txikiak... Denetariko aukerak eman behar dira. Izan ere, pertsonan ardaztutako eredua egon daiteke egoitza handietan, osasun premietara begirakoetan, unitate txikiagoetan... Esaten ari dira pertsonan ardaztutako ereduak bakarrik gara daitezkeela hamabost laguneko unitateetan; hori ez da horrela». Argi du pertsona bakoitzaren nahien araberako eskaintzak landu behar direla, eta etxe giroko bizikidetza unitateek ez dutela ezinbestean adineko guztien gogokoenak izan behar: «Nik ja akaso 90 urterekin ez dut adiskideak egiten hasteko gogorik». Hortik Uriarteren aldarria: «Aukera ezberdinak egotea nahi dut».

«Gutxiago» lotzen da egun

Ana Urrutiak urteak daramatza aldarrikatzen adinekoak ez direla inoiz lotuta eduki behar egoitzetan, eta fundazio batean ari da horren alde: Cuidados Dignos. Alde horretatik, Espainian onetsi den erreforman propio halako jardunak baztertu behar direla aipatu izana ona da, haren aburuz; uste du egun indarrean dauden araudiekin halako neurriak «gutxitzea» lortu dela, baina ez desagertzea. «Eta pertsonaren beharretan ardaztutako eredu batean, egoiliarrak lotzeak ez du tokirik izan behar. Pertsonan ardaztutako eredu bat bada, pertsonak lotu gabeko eredu bat da». Eta pertsonaren autonomia errespetatuko duena, beti: «Gainerakoan, 80 urtegaz esango didate zelan bizi, zer egin, zelakoa izan behar naizen?».

Bide hori trinkotze aldera, Carok argi du langileen trebakuntza hobetu behar dela. Eta hor ere ikusten ditu «kontraesanak», saihestu beharrekoak. «Izan ere, esku batekin ari dira eredu berri bat proposatzen, eta beste eskuarekin, berriz, erizain geriatrak lantaldeetatik erretiratzen, eta zentrootarako beste titulazio txikiago bat jartzen. Hori ere kontraesan bat da». Hortik aldaketa aireek ekarriko dutenaren inguruko duda: «Musika ona da, baina dantzatzen dugunok ere hobeak izan behar dugu... Eredu hau irakatsi egin behar da».

Paradoxei adi, Ilarramendik argi du arloko lan gatazkei ere erreparatu behar zaiela. Hegoaldeko herrialde guztietan ari dira langileak protestan, lan baldintza hobeen eske. Gipuzkoakoari erreparatu dio, bereziki: 262 greba egun egin dituzte, eta gutxiengo sindikala lan ituna sinatzekotan da. Eredu berria garatzeko halakoak «ahalik eta azkarren» konpondu behar direla berretsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.