Etxe bat, ez birbiktimizatzeko

Eusko Jaurlaritzak heldu den urterako jarri nahi du martxan sexu abusuak jasan dituzten haurrentzako Barnahus zerbitzua, Gasteizen. Save The Childrenen arabera, bortz umetik batek pairatzen ditu

Charo Arranz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Save The Childreneko zuzendaria,atzo, Gasteizen egindako jardunaldietan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Islandieraz, umeen etxe erran nahi du barnahus hitzak. Eta Barnahus deitu dio Eusko Jaurlaritzak Save The Children erakundearekin batera heldu den urterako Gasteizen martxan jarri nahi duen proiektu pilotuari. Leku bat izanen da, fisikoa. Eta ume eta nerabeen beharrei egokitutakoa. Zehazki, sexu abusuak pairatu dituzten haur edo nerabeentzako etxe bat, horiek gehiago ez biktimizatzea helburu izanen duena.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak joan den urrian aitzinatu zuen proiektuarekin lanean zebiltzala, eta atzo eman zituen xehetasun gehiago, Save The Childrenekin batera Gasteizko Artium museoan antolaturiko Euskadi Barnahus eredurantz: sexu abusuen biktima diren haur eta nerabeei zuzendutako arreta integrala jardunaldietan. Hitzaldi sortaren izenburuak berak aitzinatzen zuen zer izanen den Barnahus zerbitzua, baina zehaztu nahi izan zuen Artolazabalek: «Arreta integraleko zentro bat da, non haur edo nerabeei sexu abusuak egiten dizkietenean esku hartzen duten sail guztiek koordinatu eta elkarrekin lan egiten duten biktimari laguntzeko». Jaurlaritzako sailburuak azaldu zuenez, jadanik hasiak dira zerbitzua kudeatuko duen lantalde teknikoa sortzeko «lehen urratsak» ematen, eta abenduan eginen dute lehen bilera. Bertzeak bertze justizia, osasun, Polizia, gizarte zerbitzu eta hezkuntza arloetako langileak batuko dira lantalde teknikoan, baita Save The Children erakundeko kideak ere.

Oraindik ez dakite zein izanen den proiektuaren espazio fisikoa, baina Artolazabalek erran du bisitatu dituztela jada aukera batzuk. Polizia etxeetatik, epaitegietatik eta ospitaleetatik urrun egotea hobetsiko dute, eta irisgarritasuna kontuan hartuko dute.

Atzoko jardunaldietan, Charo Arranz Save The Childreneko zuzendariak eman zuen haurtzaroko sexu abusuen arazoaren hedaduraren berri: «Datuak lazgarriak dira». Azaldu zuen, hain zuzen, 18 urtetik beheitikoen %10 eta %20 artean direla indarkeria sexuala pairatzen dutenak: «Bost umetik batek jasaten du». Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batuta, 2.000 eta 4.000 ume eta nerabe artean izan daitezke, orotara. Arranzek nabarmendu zuen gizartean indarkeria sexuala jasan duten bi pertsonatik bat adingabea dela, eta ohartarazi zuen, gainera, «icebergaren punta» baino ez direla datu horiek guziak: «Kasuen %15 bakarrik salatzen dira, eta, salatutako kasuetatik, %70 ez dira iristen ahozko epaiketara. Gehienak artxibatu egiten dira, froga faltagatik». Arranzen ustez, «hedadura garrantzitsuko arazoa» da, baina maiz «ikusezina». Hark zentralitatea eman zion, ordea: «Adingabeek pairatzen duten indarkeria forma okerrenetariko bat da».

Ignacia Asurabarrena EHUko Psikologia doktoreak zehaztu zuen, hain zuzen, sexu abusuek «epe motz, ertain eta luzera baldintzatu» dezaketela pertsona baten bizitza: «Gehiengoak gainditu ditzake ondorioak, baina ez da kalterik eragiten ez duen egoera bat: ez da ahazten».

Testigantza, behin bakarrik

«Zergatik joan behar du umeak justizia sistemara? Eta zergatik ez doa, kontrara, justizia sistema umearengana?». Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak galdera hori egin zuen atzoko jardunaldietan. Barnahus ereduak hori bilatzen du, izan ere: adingabeak leku eroso batean eman ahal izatea eragin diotenaren testigantza, eta, ahal bada, behin bakarrik. Subijanakatzo nabarmendu zuen, hain justu, umeek «entzunak izateko eskubidea» dutela, baina baita kontrakorako ere: «Batzuetan, aldi gehiegitan ez entzutea haien interesak babestea da». Zehaztu zuen garrantzitsua dela erabakitzea umeek parte hartu behar ote duten prozesuan, eta, hala izatekotan, noiz eta nola parte hartu behar duten. Eta, hori erabakitzeko, «komunikazioari» eman zion garrantzia, baita «espazio egokia» izateari ere.

Magistratuaren ustez, aitzinamenduak egin dira Europako jurisprudentzian. Erraterako, 14 urtetik beheitiko umeek eskubidea dute deklarazioa ahozko epaiketa gertatu aitzin egiteko —deklarazio horren grabazioa erabiliko litzateke epaiketan, eta ume edo nerabeak ez luke zertan epaitegira joan—. «Batzuetan, umea epaiketan egoteak ez du bat egiten biktima babestearen printzipioarekin», azaldu zuen. 14 urtetik aitzinerakoekin hutsune bat dago horretan, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.