Koronabirusa

Pentsiodunek pandemiako testigantzen txostena aurkeztuko diote fiskaltzari

Irailaren 7an bilduko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako fiskalarekin, pandemiako testigantzak biltzen dituen txostena emateko

Pentsiodunek agerraldia egin zuten, atzo, Justizia jauregiaren aurrean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
«Gu pandemian gertatu dena frogatzen saiatu gara, baina oraindik informazio asko falta zaigu». Hala adierazi du Xabier Isasa Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak, pentsiodunek Bilbon egin duten agerraldian. «Txostena oso serioa, sakona eta arduratsua da», eta pandemian gertatu diren kudeaketa arazoak frogatzea du helburu, etorkizuneko agerraldi posibleetan horrelako egoerarik berriz gerta ez dadin. Pandemiako hilabeteetako testigantzak eta datuak biltzen dituzte.

Txosten hori aurkeztuko dio pentsiodunen mugimenduakEAEko Fiskaltzari, COVID-19a hedatu zenez geroztik menpekotasun egoeran dauden edo zahar etxeetan izan diren hainbat kasu jasotzen dituena. Dagoeneko Arartekoari aurkeztu diote, eta atzo fiskalarekin biltzea espero zuten, baina, oporraldia dela medio, irailaren 7ra atzeratu behar izan dute bilkura. Bilboko JustiziaJauregiaren aurrean bildu ziren atzo txostenaren nondik norakoak azaltzeko.

Datu eta testigantza horiek «giza eskubideen urraketak» direla azaldu dute. Horrez gain, Arabako Fiskaltzaren izeneanaurkeztutako salaketa ere ageri da.

Herrialdez herrialdeko azterketa egin dute, eta, horren bidez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako analisi orokorra jasotzen da. Azterketarako eragile sozialekin, langileen ordezkariekin eta zahar etxeetako langileekin elkarlanean aritu direla azaldu dute.

Informazioa falta zaienez gero, fiskaltzaren azterketa «sakona» beharrezkoa dela uste dute, eta, jarduteko eskubideei erreparatuta, fiskaltza gorenera jotzea erabaki dute: «Bere funtzioa eta eskumenak jakinik, hutsune eta gabezia larriak kontuan hartzeko eskatzen diogu. Neurri zehatzak eta berehalakoak behar dira», gehitu du Isasak.

Pandemiak zahar etxeetan eragin «handia» izan duela adierazi du Juan Antonio Armentiak, Arabako Pentsiodunen Mugimenduko kideak: «Hego Euskal Herriko hildakoen %38a zahar etxeetako egoiliarrak izan dira». Zahar etxeetatik kanpoko kudeaketari ere erreparatu diote; etxeko laguntza zerbitzuak «hankamotz» ibili direla, eta osasun langileek «baliabiderik gabe» lan egin dutela adierazi dute pentsiodunek.

Oraindik ere zaurgarri

Pandemiaren eraginen artean pertsona helduen bakartzeak eragin «berezia» duela azpimarratu dute. Izan ere, zahar etxeetako egoiliarrekitxialdia bukatu eta hiru hilabetera egoera berdintsuan jarraitzen dutela salatu dute: «Oraindik ezin dira egoitzetatik atera,familiako kide bakar batek soilik bisita ditzake, eta astean bitan», zehaztu du Armentiak.

Zahar etxeetako egoiliarrak bizitzen ari diren bakartzea pertsona helduen kontrako «atentatua» dela gehitu du Armentiak.

Azken hilabeteetan menpeko pertsona helduen eskubideak «urratu» egindirela azaldu du Armentiak, eta horiek bermatzea «gizartearen oinarrizko gaia» dela gehitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.