Haurrentzako telebista kate batek bizirik eusten dio kurduerari

Zarok TV kateak emititzen jarraitzen du, Ankarak aginduta itxi zuten arren. Kurdueraren dialekto guztietan ematen ditu saioak, eta helduek ere ikusten dute, hizkuntza ikasteko.

Serko Kaniwar da Zarok TV telebista kateko aurkezleetako bat. BERRIA.
Diyarbakir
2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
«Sibe hev bibinin [Bihar egongo gara!]», dio kurdueraz Pottokiak marrazki bizidunetako pertsonaietako batek Zarok TV telebista katean; haurrentzako kate bat da, Diyarbakir hirian dagoena, eta kurdueraren dialekto guztietan ematen ditu saioak. Eylok 28 urte ditu, eta batzuetan ikusten du saioa, satelite bidezko telebistan. «Nire kurduerari herdoila kentzeko ikusten dut, kalean ia ez baitugu hitz egiten. Batzuetan, familiako guztiok ikusten dugu, denok ikasteko», azaldu du. «Gustura ikusiko nuen horrelako kate bat txikia nintzenean, 17 urterekin ikasi bainuen kurdueraz hitz egiten», gehitu du.

Turkiak 80 milioi biztanle ditu, eta horietatik 15 milioi inguru kurduak dira. Kurduen %44k bakarrik dakite kurdueraren dialektoren batean hitz egiten, eta kurdueraz irakurtzen eta idazten dakitenak, berriz, %18 baino ez dira, Rawest ikerketa zentroaren arabera. Ez daukate kurdueraz ikasteko eta kultura kurdua lantzeko aukerarik, eta kalean kurdueraz hitz egitea estigmatizatuta dago, turkiar nazionalisten erasoen beldur baitira; horren ondorioz, kurduaren erabilera jaitsi egin da azken urteetan.

Eylo Diyarbakirren hazi zen, eta haren belaunaldikoek ezin izan zuten ikasi beren ama hizkuntzan. Gurasoek eta aitona-amonek ere ezin izan zuten. Txikienek bakarrik izan zuten horretarako aukera, baina bi urtez baino ez. 2015ean, HDP Herrien Alderdi Demokratikoak gobernatutako udalek egitasmo bat abiatu zuten, lehen mailako eskola elebidunak sustatzeko, eta haietan kurmanji zen hizkuntza nagusia, Turkiako hego-ekialdean gehien hitz egiten den kurdueraren dialektoa. «Mila eskaera baino gehiago jaso genituen kurduerazko haur eskoletarako eskaera aldia ireki genuen lehen egunean. Oraindik ere idazten digute jakiteko antzeko zerbait sortuko den», azaldu du eskola horietako batean lan egin zuen irakasle batek.

2016ko estatu kolpea jotzeko saioa izan ondoren, Turkiako Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen: kultura kurduarekin zerikusia zuten dozenaka elkarte itxi zituzten, dekretu bidez, argudiatuta lotura zutela PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin —Ankarak «erakunde terroristatzat» jotzen du alderdi hori—. Gobernuak esku hartu zuen HDP alderdiak gobernatutako 65 alkatetzetatik 59tan, eta alkateak kendu zituen; haien ordez, agintekoalderdi islamistako kide fideikomisodunak jarri zituen, AKPkoak.

Alkateen karguak hartuta, beste kolpe bat eman zioten kultura kurduari: haur eskola elebidunak itxi zituzten, kurduerazko liburutegiak eraitsi, eta kaleko kurduerazko seinaleak kendu. Zarok TV haurrentzako telebista katea izan zen ustezko lotura terroristengatik itxi zituzten erakundeetako bat.

«Hilabete pare batez itxi ziguten katea, baina ez zuten gehiago ikertu; azken finean, haurrentzako kate bat gara», azaldu du Zarok TVko ekoizle Emin Timurrek. «Oposizioko kate askori eta kurduerazko kate askori jazarri diete, baina guk haurrentzako programak egiten ditugu. Oso zaila da gure aurka presioa egiten jarraitzea», gehitu du.

Orain dela gutxi, AKP alderdiak kurduerazko hautazko irakasgaiak txertatu ditu institutuetan, baina ikastaroak ez dira hasi, ikasleak falta dituztelako. Hala ere, kurduen hainbat erakundek salatu dute agintariek ez dituztela jendaurrean jakinarazi kurduerazko hautazkoetan parte hartzeko eskaerak, eta kontu politiko batengatik ez direla hasi ikastaroak.

Belaunaldi guztientzat

2015ean sortu zen katea, eta argi zuen helburua: haurrentzako eduki hezigarriak kurdueraz eskaintzea, eta eskualdeko abesti eta ipuin tradizionalak berreskuratzea.

«Lehen, beste elkarte batean ematen genituen kurduerazko musika eskolak, eta geure buruari galdetzen genion: zergatik ez dugu jartzen kamera bat gure aurrean, musika hau munduko edozein tokitan erakusteko?», azaldu du Serko Kaniwar musikari eta kateko programa bateko aurkezleak. «Ez da ezer ekoizten kurdueraz telebistarako, eta Zarok TVk bizirik eusten dio hizkuntzari belaunaldi guztientzat», zehaztu du.

Berrogei langileko talde bat aritzen da marrazki bizidunak diseinatzen, atzerriko programak bikoizten eta haurrentzako musika programak ekoizten. Satelite bidez edo Internet bidez ikus daiteke katea, eta kurdueraren hiru dialektotan dago: kurmanji, sorani eta zazaki dialektoetan. «Entzule asko ditugu beste eskualde batzuetan, Iraken mendeko Kurdistanen eta Europan batez ere, eremu horietan ez baitaude hainbeste hizkuntza murrizketa», azaldu du Timurrek. Entretenitzeko kate bat izan arren, langileek uste dute hizkuntza indartzeko lan egin behar dutela. «Kurduera ez denez irakasten eskoletan, gure saioetan hitz berriak sartzen saiatzen gara, baina ez gara eskola bat».

«Ez dugu baliabide nahikorik, eta ahal duguna egiten dugu», deitoratu du Timurrek. Kultur etxe baten laguntzarekin, kateak egitasmo batzuk sustatu ditu platotik kanpo, eta kontzertu solidarioak antolatu ditu, haur gehiagorengana iristeko. «Gobernuak alkatetzetan esku hartu ondoren, oso zaila da plaza publikoan edozein jarduera antolatzea, traba asko jartzen baitituzte», azaldu du Kaniwarrek.

«Azkenean, alternatiben bila ibiltzen gara; esaterako, ezkontza aretoetan egiten ditugu kontzertuak, agintariek ezin baitute esku hartu halakoetan», zehaztu du. «Baina borroka etengabea da; hizkuntza bat bizirik mantentzea eguneroko lana da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.