Kaledonia Berrian bigarren independentzia galdeketa atzeratzeko eskatu dute

UC independentistek eta CE loialistek irailaren 6tik urriaren 25era aldatu nahi dute data, kanpaina «baldintza egokietan» egiteko

FLNKS koalizio independentistaren ekitaldi bat. FLNKS.
ander perez zala
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Irailaren 6ko independentzia erreferendumaren kanpaina behar bezala egiteko bermerik ez dagoelakoan, atzo Kaledoniar Batasuna (UC) alderdi independentistak eta Kaledonia Elkarrekin (CE) indar loialistak Edouard Philippe Frantziako lehen ministroari eskatu zioten data hori hilabete eta erdi atzeratzeko, zehazki urriaren 25era.

Bi alderdi horiek argudiatu zuten «baldintza egokietan» egin behar dela kanpaina, eta hori ezinezkoa izango dela abuztu amaieran eta irail hasieran, besteak beste koronabirusak eragindako osasun larrialdiarengatik.

Data aldatzeari buruzko iritzia ahobatezkoa da independentisten artean, eta Nazio Askapenerako Fronte Sozialista Kanaka koalizioak biharko bilkuran hartuko du ofizialki jarrera hori. Aldiz, loialisten artean badira desadostasunak, bigarren galdeketa noiz egin; kasurako, Etorkizuna Konfiantzaz alderdia, iazko kongresurako hauteskundeetan ordezkaritzarik handiena eta irlako presidentetza lortu zituena, iraileko datari eustearen alde agertu da.

Kaledonia Berrian 2018ko irailean egin zuten deskolonizazio prozesuko lehen independentzia erreferenduma, eta ezezkoa gailendu zen, botoen, %56,67rekin. 1998ko Noumeako Akordioak—itun politiko bat— hiru galdeketa aurreikusten ditu, eta, hortaz, aurtengoan ere Frantziaren parte izatearen aldeko jarrera gailenduko balitz, 2022an hirugarren erreferenduma egingo lukete, prozesuko azkena.

Duela bi urteko galdeketa galdu zuten arren, independentistek loialistekiko aldea pixka bat murriztu zuten iazko bozetan: lehenek 26 diputatu eskuratu zituzten —2014an baino bat gehiago—, eta bigarrenek, 28 —bat gutxiago—.

Parisi egindako eskaria Laurent Prevost gobernuaren ordezkariaren inguruko polemikaren erdian gertatu da. UCk asteak daramatza Prevost kargugabetzeko eskatzen, osasun larrialdian jarritako baldintzak Noumeako Akordioaren aurka doazelakoan. Ez hori bakarrik: armadaren komandante bat Frantziara itzultzeko eskatu du alderdiak, militarrak uhartean «ezkutuan sartu eta atera» dituelakoan.

Gobernua kolokan

UCk beste arrazoi batengatik ere jarraitzen du Kaledonia Berriko eguneroko politikoaren erdigunean. Alderdi independentistak hiru ministro ditu koalizio gobernuan, eta desadostasunen ondorioz horiek dimisioa aurkezteko aukera mahai gainean dagoela zabaldu dute.

UCren buruzagitzak bilkura bat du hilaren 30ean, eta litekeena da hitzordu horretan publiko egitea erabakia; hortaz, ikusteko dago mugimendu horrek krisi politiko bat eragingo duen.

Kaledonia Berriko Gobernua Etorkizuna Konfiantzaz-en lau kidek, UC-FLNKS taldeko hiruk, Independentziarako Batasun Nazionala (UNI) koalizio independentistako bik, Esnatze Ozeanikoko batek eta CEko batek osatzen dute; hau da, sei politikari loialistak eta beste bost independentistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.