Albistea entzun

Zentral nuklearrak, soluziorik?

Iñaki Barcena eta Oier Zeberio - Tradenerreko ikertaldekideak

2019ko ekainak 29

Trantsizio energetikoa, garapen sustengarriarekin gertatu zen bezala, kontzeptu ameba bat bihurtu dute. Instituzio politiko, korporazio energetiko transnazional edo mugimendu ekologistaren erabileran esanahi eta eduki oso desberdinak topatzen ditugu. Gure ustez, trantsizio energetikoa ezinbestean datorren eta gertatzen ari den dinamika bat da. Gure zibilizazioak azken 200 urteko hazkunde ekonomikoa erregai fosilen erabileran oinarritu duelako, eta hauek (ikatza, petrolioa eta gasa) ez dira bukaezinak, ezta betierekoak ere. Mugatuak dira, uranioa bezala, eta bere erauzketaren mugak ezagutzen ari gara. Daramagun kontsumo energetiko hazkorrarekin jarraituz (BP petrolioaren multinazionalak bere Statistical Review of World Energy txostenean emandako datuen arabera, 2018an energia kontsumoa %2,9 igo zen, eta CO2 isurketek azken 7 urteetako igoerarik handiena izan dute) mende honetan energia fosilen iturriak lehortuko ditugu eta gure seme-alabak kolapso energetikoaren aurrean topatuko dira, emergentzia klimatikoarekin batera.

Eszenatoki distopiko eta negatiboaren aurrean, ahots batzuk ari dira esaten —komunikabide nagusietan batez ere— energia nuklearra bai ala bai fosilen ordezkoa izan behar dela. Zentral nuklear «berri» eta «seguru»-ekin petrolioa, ikatza eta gasarekin lortzen dugun energia ordezkatuko dugu eta jakina, uranioaren fisioa krisi klimatikoari ekiteko tresna baliagarria izango zaigu. Eta gure galdera da: energia nuklearra al da larrialdi klimatikorako eta trantsizio energetikorako aukera?

Udaberri honetan HBO eta SKY kateek ekoiztutako Chernobyl telesailak sortutako ikusmin handia ukaezina da. Ikuslegoaren aldetik (5.000 milioi ikusle, 1.000 milioi pertsona kapitulu bakoitzeko) argi uzten du istripu nuklearren gaiak kezka handia eragiten duela oraindik ere planeta osoan. Telesail arrakastatsuak eder asko azaltzen du 1986ko apirilaren 26an Ukraina iparraldean kokaturiko Vladimir I. Lenin (Txernobyl) zentral nuklearreko laugarren erreaktorea lehertzean ikuspuntu tekniko batetik «ezinezkoa» zena errealitate bilakatu zela. Autoritate zientifiko sobietarrek, zuten formakuntza gradua oso altua izanda ere, inprobisazioaren logikarekin erantzun zuten, ziurgabetasunaren logikaren aurrean aurkitzen baitziren. Erreaktorea egonkortu, segurtasun estalkia jarri eta likidazio prozesua amaitzean, ondorengo galdera nagusitu zen komunitate zientifikoan: zein inpaktu izango ditu istripuak osasun publikoan? Hildako pertsonen kopurua 9.000-985.000 pertsona artean kokatzen da. Zein da zifra erreala? Batek daki. Arriskuaren definizio ezberdinetatik (botere oreka eta interesak) eratorritako kalkulu ezberdinen emaitzen testigu mutuak gara.

Harrisburg, Txernobyl eta Fukushima ez dira froga nahikoa bide nuklearraren errakuntza adierazteko, antza. Energia nuklearrak oraindik ere saltzen du eta defendatzaile sutsuak ditu. Gutxi, baina boteretsuak. Marcel Coderch AEREN taldeko zientzialariak pentsamolde edo iritzi pro-nuklear horiei «mito nuklearrak» deitzen zien. Mitoak ez direlako oinarri eta argudio ekonomiko, teknologiko eta politiko sendoekin sostengatzen. Hiru adibide.

Bat. Une honetan munduan 60 zentral nuklear ari dira eraikitzen, gehienak Txinan, Errusian, Indian, Arabiar Emirerri Batuetan eta Hego Korean. Diru publikoarekin ari dira egiten. Oso garestiak dira, eta ez dute mozkin edo interes ekonomikorik enpresa pribatu erraldoientzat. Egun, dudarik gabe, energia berriztagarriek etekin ekonomiko gehiago ekartzen dute.

Bi. Gure batxilergoko ikasleen testu liburuetan irakur daiteke zentral nuklearrek ez dutela CO2-rik sortzen. Aldiz, denok dakigu teknologia energetiko guztiek, berriztagarriek ere bai, karbono isurketak sortzen dituztela bere prestakuntzan eta erabileran. J.W.Storm van Leeuwen ikerlari holandarrak (La energía nuclear y el calentamiento global Energia y Deuda Ecológica, Icaria, 2008) dio energia nuklearrak, batez beste, CO2-aren 108 g/Kw orduko produzitzen duela bere bizitza ziklo osoan (uranioaren erauzketa eta garraioa, zentralen eraikuntza...) energia fosilekin lortzen den elektrizitatearen pareko.

Hiru. Planeta osoan martxan dauden 450 erreaktore nuklearrek gizateriak kontsumitzen duen energiaren %2,1 sortu zuten 2006an. Elektrizitate produkzioa osotik %14,8 izan zen energia nuklearraren zatia. Horrek esan nahi du gure sistema energetikoan energia nuklearra ez dela zentrala, marjinala baizik, eta erraz ordezkatu daitekeela, Alemania egiten ari den moduan.

Bai, badakigu ekologista batzuek, James Lovelock —hipotesi Gaiaren asmatzailea— eta Patrick Moore —Greenpeaceko fundatzailetako bat— energia nuklearraren defentsa sutsua egiten ari direla eta Environmentalist for Nuclear Energy taldeko kideak direla ere bai. Gutxiago esaten dena da Lovelocken ustez Txernobylen 45 hildako baino ez zirela izan, eta leku aparta bihurtu dela biodibertsitate eta bizitza basatiarentzat. Berak dio ez duela aitzakiarik bere etxe ondoan hondakin nuklearren biltegi bat jartzeko, baina bere etxe ondoko haize errotak gorrotatzen dituela. Pertsonaia horiek existitzen dira eta eskubidea dute beren iritziak plazaratzeko, noski, baina gure ustez elitismo, egoismo eta ezjakintasunaren erreinuan bizi dira. Guk, aldiz, trantsizio energetiko demokratikoaren norabidean abiaturik, hau diogu: nuklearrik ez hemen, ez inon!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...