Saioa Alkaiza Guallar. Nafarroako txapelduna

«'Bertsolaria naiz' esan behar izan diot neure buruari, sinesteko»

«Inpostorearen sindromea» sarri sentitu izan du Saioa Alkaizak bertso ibilbidean, bere burua bertsolari gisa justifikatu beharra. «Ez nuen ikusten nire antzekorik Nafarroan». Anaitasunan finaleko plaza hartu, eta txapela jantzita atera da orain.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Hodei Iruretagoiena.
Iruñea
2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
«Ongi, kontent, ilusionatua, harritua». Lortutakoa sinesten eta digeritzen zebilen Saioa Alkaiza Guallar (Iruñea, 1991) atzo, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren biharamunean. Azken hiru aldietan finalaren atarian geratu ondoren, sartzea ez ezik, txapeldun ateratzea ere lortu zuen igandean.

Lehen finala zenuen. Luzeak dira finalak, baina hasieratik ikusi zen indartsu ari zinela. Zer gorputzaldirekin joan zinen, eta zer sentsazio zenituen bertan?

Ez naiz izan bertsolari bat bertsotan hasi eta segituan txapeldun izan dena. Gaztetan ongi ibili naiz, baina ez naiz nabarmendu. Beti jarraitu dut lanean, eta kostatu zait finalera sartzea. Sentsazioa hori zen: «Kostatu zait, baina, behin iritsita, aprobetxatu egin nahi dut». Ez hainbeste lehiatzeko, baizik erakusteko nola egiten dudan bertsotan. Helburu nagusia zen nire bertsokeraren zerbait geratzea, eta nire begirada nabaritzea. Ertzak bilatzea. Gorputzaldi hotzez joan nintzen: «Bertsoz bertso joanen naiz, eta hor bideak ikusten».

Ofizioetan asmatu ahala, horrek ere lagunduko zizun, ezta?

Pentsatua nuen saiatzea gaien atzean dagoen gaiari begiratzen. Ez geratzen lehen geruza horretan: pertsonaia hori naiz, baina zer kontraesan dauzkat, nola kokatzen naiz? Zortziko handian eta txikian ikusi nuen asmatzen ari nintzela, publikoaren harrera ona zela. Horrek indartu egiten zaitu.

Jendetza zegoen, izan ere. Azken urteetan baino gehiago.

Giro beroa zegoen. Aldatu da finala, gaztetu da, eta jendeak eskertzen du beste ahots, gorputz eta izate batzuk egotea oholtzan. Publikoa zoragarria izan zen: bertso guztiak txalotzen zituen, baina onak gehiago. Eskertua zen. Batzuetan lehertzen zen, baina besteetan ez. Hori ona da, kritikotasun bat ere adierazten duelako.

Lehertu egin zen buruz burukorako izenak esatean. Atzetik nola hartzen da hori?

Nire bertso ibilbidean, beti sentitu izan dut inpostorearen sindromea: «Horretan ari naiz, eta igual deskubrituko dute ez dakidala». Hori zaila da: beti zeure burua justifikatu behar duzu. Finalean ikusi nuen ongi ari nintzela, eta hala ere pentsatu: «Tira, igual Euskal Herrikora pasatzeko, lehenengo bosten artean...». Bertsokideek lagundu zidaten tentsioari eusten. Bakarkakoa eginda, kontent geratu nintzen: «Kito». Baina kito ez, «igual berriz...».

Zer dago zeure burua legitimatu behar horren atzean?

Plaza publikoa hartzea ez da gauza bera zis gizonezko hetero baten tokitik edo beste edozein identitatetatik. Zeharlerroengatik eta, batek nola gorpuzten duen hori dena. Ez nuen ikusten nire antzeko inor Nafarroan. Emakumeak bai, baina igual hirikorik ez. Eredu gabe aritze hori. Bertsoa oso modu zurrunean hartu da garai batean, naturaltasunarekin oso lotuta. Zer da naturaltasuna? Noren begietatik? Zeinen ahotan? Gure euskara batua ez da naturala? Inperfekzio horretatik, batzuei gehiago kostatu zaigu geure tokia legitimatzea. Pausoz pauso egin behar izan dut bidea. «Bertsolaria naiz» esan behar izan diot neure buruari, sinesteko.

Ikusi gehiago.Gorka Azkarate: Ahizpatasuna Anaitasunan

Ertz asko gurutzatzen dira hor. Agurrean, bi behintzat nabarmendu zenituen.

Aitortu nahi nuen zein zaila izan den gure auzo erdaldun hauetan euskara ekartzea, eta gure aurrekoek zer lan egin duten langile auzo horietako jende erdalduna politizatu eta seme-alabak euskalduntzeko. Eta gu gara hori. Euskararekin, kultura bat eman digute, mundu ikuskera bat, kritikotasun bat. Hori, ofizialtasunarekin lotuta. Eta gero, LGTBIQ+ kolektiboa. Nondik egin duzun, zer gorputzetatik, espazio publikoa hartzea ez baita gauza bera. Gorazarre egin nahi nien erresistentzia diren gorputz eta izate horiei. Eta bien arteko lotura, horrela ateratzen zaidalako, pertsonalki bizi dudalako.

Bertsogintzan, sortzeko unean, inportantea da gorputza?

Bai, eta batzuetan ematen du ahaztu egiten zaigula bertsolarioi. Deslotzen badituzu arrazoia eta gorputza, ematen du oholtzan ari zarela pentsatzen bakarrik, ez sentitzen, gorpuzten. Dena lepotik gora gertatzen dela. Batzuetan, letra larrizko bertsolaria urrundu egiten da sorkuntza bat egin duen pertsona batengandik. «Bertsotan? Bai, honek egiten du!». Baina pertsona hori koadernoarekin aritu da. Bertsoari atzeko lanketa kentzean, geure teilatuari harrika ari gara. Sorkuntzatik dugu lehiatik baino askoz gehiago. Ez dut ulertzen kirolekin alderatzen dutenean. Poema hau da «bost», hau «sei»... Absurdoa iruditzen zait.

Batzuentzat sorpresa izango zen, baina urteak dira bertsotan ari zarela. Nolakoa izan da bidea?

Nabarmendu egin nahi dut sekundarioon tokia. Badago jendea beti dabilena, inoiz ez dena iristen. Inportantea da jende hori: ez da bigarren mailako sortzailea. Bertsotan, eskatzen da kolpe batzuk jotzea garai jakinetan: eskolartekoan, gazte sariketetan... Baina erritmo horiek agian ez dira guztiekin bateragarriak, agian ez doaz bat zure bizi erritmoekin. Bertsolariak zergatik izan behar du ona gaztetan? Ulertu behar dugu adin diferenteetan sortzen dela. Jende askok sorkuntzaren plazeragatik segitzen du, eta eskerrak. Niri txapelketak ez dit eman segitzeko motibazio hori, baina badut lagun talde bat asko maite dudana. Talde gisa joan gara txapelketara. Bai ahalduntze bertso eskolan, bai Iruñerrikoan... Bide konpartitua izan da, eta lanaren emaitza.

Nabaritu da diskurtsoaren lanketa. Hori ere lantzen duzue?

Beti izan dugu presente. «Pertsonaia hori halakoa izanen bazen?». Edo «gai honen atzean, hau ere bazegoen» esanez aritzen gara elkarri. Asko hitz egiten dugu.

Txapeldun izan zinela entzutean, zer sentitu zenuen?

Buruz burukora pasatu izanaren poza banuen. Txapela, ez nekien etorriko zen. Banekien etor zitekeela. Bila ez zoazenean, errazagoa da lortzea.

Zergatik izan da berezia Estitxu Arozenak janztea?

Berak irakatsi zidan bertsotan. 13 urte nituela etorri zen eskolara. Sortu zuen bertso eskola, eta nik jarraitu egin nuen. Gero, Erika Lagomarekin, Arkaitz Goikoetxearekin, Xabier Terrerosekin... Irakasle asko dabiltza, baina Estitxu finalista gehienen irakasle izan da. Oso polita izan zen, ilusio berezia egin zidan, eta eskertu nion irakatsitako guztia.

Egun batean lortzen da txapela, baina hor geratzen da gero. Zer nahi zenuke ekartzea, edo zer ez zenuke nahi bihurtzea?

Nahiko nuke aukera eman diezadan bertsokera fintzeko, plazan erakusteko, eta nik ere estutu beharko dut neure burua horretan. Baina ez dut inongo presiorik. Saio gehiago etortzen badira, ongi, baina ez dut uste bertsolariak baietz esan behar dienik saio guztiei. Jakin behar da neurtzen helburuak, norbera nola dagoen. Eta Euskal Herrikoa, etorriko da aurrerago. Nahi dut bertsoa izan dadin bidea, eta hori erakusteko toki bat dira txapelketak. Plaza ederra dira, baina, sorkuntzari dagokionez, asko estutzen zaituzte. Akatsa oso zigortua dago, eta erregulartasuna, oso saritua.

Plazak daude gero. Zer gogo duzu?

Nafarroan ibili naiz, baina hemendik kanpo, apenas. Gogotsu nago ikusteko gustatzen ote zaidan, esperimentatzeko. Beti ez da izaten halako aukerarik, eta aprobetxatuko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.