Albistea entzun

IRITZIA

Ahizpatasuna Anaitasunan

Gorka Azkarate -

2021eko azaroak 30

Aspaldiko eskolarteko txapelketa haietan gaztetxo zela kantuan ezagutu genuenetik urte batzuk igaro dira, eta orduko Saioa Alkaiza bertsolaria ez da, nabarmena den moduan, egungo bera. Ausart kantatzen zuen orduan, lotsagabe, eta gaur egun ere ausardia hura bere horretan mantentzen du, baina ezaugarri horri beste osagai asko gehitu dizkio bere bertsokera aberatsago bilakatzeko urteetako inurri lanean. Oso argi dauka Alkaizak zer eta nola kantatu nahi duen, eta erakustaldi aparta eskaini zuen hasieratik bukaerara. Bertso bakoitza pasioz kantatuz, ahapaldi bakar bat ere alferrik galdu nahi ez duenaren gogoarekin, elementuak ekarriz, irudiak sortuz, erreferentzia gaurkotuak txertatuz... Lehenengo faseko bakarkako lan ikaragarriaren ostean, zeinetan gasolindegi bateko gaueko txandako langilearen azaletik kantatzea egokitu zitzaion, esango nuke guztiok ziurtzat jotzen genuela buruz burukoan kantatuko zuela. Igandeko finalari ez ezik, Nafarroako bertsogintzari ere freskotasun ikaragarria ekarri dio. Benetan hunkigarria izan zen Alkaizak txapela Estitxu Arozenaren eskutik jaso zueneko unea: finaleko argazkia.

Saioan zehar jasotako sentsazioei kasu eginez gero (zeina epaileen lan egiteko modu formalarekin sarritan zerikusi handirik ez daukan sasiepaitzeko modu bat den, garbi esanda), buruz burukoan kantatzeko bigarren txartela norentzat izango zen ez zegoen batere garbi zaleon artean. Lazkozek gauza oso politak egin zituen, Sotok ere bai, Joanes Illarregik saio oso erregularra ondu zuen, Silveira gorabeheratsu baina bakarkako lanean ikaragarri (zeinen sinesgarri eta hunkigarri, bertsolari beteranoa)... Azkenean, Eneko Lazkozek kantatu zuen Alkaizarekin batera azken txanpan, eta gutxigatik ez zuen sari nagusia patrikaratu, gora egin baitzuen buruz burukoan sakanarrak lehenengo fasean lorturiko emaitza paregabeak hauspotuta. Gordetzekoak bere bakarkakoak eta 10eko txikiko ariketan Xabat Illarregirekin osaturiko ofizioa.

Buruz burukoan kantatzetik hurbil geratu zen Julio Soto. Gorritiko txapeldunak irristada txikiren bat izan zuen puntu erantzunetan, baina ale ikaragarriak utzi zituen, edozein kasutan, bidean, bakarkakoetan entzulearekin erabateko konexioa erdietsiz. Joanes Illarregik patxada eta heldutasun harrigarriak erakutsi zituen bere bigarren finalean, eta ez da zaila etorkizun ez oso urrunean Nafarroako txapela jantzi dezakeela irudikatzea. Xabier Silveirak urteak pasatu arren oraindik ere barruan gordetzen duen bertsolari puskaren trazak erakutsi zituen zenbait ariketatan, baina beste batzuetan halako final batean norbere mailarik onena emateko beharrezkoak diren grina eta gosea falta izan zituen. Xabat Illarregi, Josu Sanjurjo eta Eneko Fernandez atzeraxeago geratu ziren puntuetan; leitzarrak gogoratzeko aleak utzi zituen saioaren joanean, zenbait bertsoaldi borobiltzea falta izan zitzaion arren. Sanjurjok konplexurik gabe kantatu zuen bere lehenengo finalean, ahots propioz, eta Fernandezek, urteetako esperientziak ematen duen pausarekin, lan oso txukuna egin zuen. Kanpoko giro traketsari, erantzun beroa bertsotan!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Luigi Anselmi idazlea, bere lan berria esku artean duela, Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, liburuaren aurkezpen egunean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Luigi Anselmi: Laguntasunari elegia bat

Naroa Torralba Rodriguez

Larrazkeneko argi-ilunetan poema liburua kaleratu du idazleak, Pamiela argitaletxearekin. Poema gehienak bere lagunei eskaini dizkie. Olerkien artean, Jose Enrique Urrutiaren irudiak daude tartekatuta
Arte Ederren udako ikastaroko antolatzaileak, atzo, Bilbon. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Bildumagintza pribatutik publikorako saltoa, Arte Ederren udako ikastaroan

Miren Mujika Telleria

Arteari eta bildumazaletasunari buruzko udako ikastaroa antolatu dute Bilboko Arte Ederren Museoak eta Gondra Barandiaran fundazioak
Maria Jimenez artistaren <em>Meditazioak</em> erakusketako hainbat lan, Nafarroako Museoaren kaperan. ©NAFARROAKO MUSEOA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...