Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

Ezustekoak oso garesti daude

Inor gutxik jartzen du zalantzan EAJ dela Bizkaiko foru bozak irabazteko faboritoa; horrez gain, hauteskundeetan beste auzi garrantzitsu batzuk ebatziko dira.

Unai Rementeria Bizkaiko Batzar Nagusien bilkuran berbetan, Gernikan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Nafarroan aldaketak eutsiko ote dion, Gipuzkoan EAJ eta EH Bilduren arteko dema, Gasteizko alkatetza nork eskuratuko duen, Europako hauteskundeetako norgehiagoka... Jakin-min handia pizten duten arlo interesgarri ugari daude, datorren igandeko hauteskundeetan ebatzi beharrekoak. Baina Bizkaia beste upel bateko sagardoa da. Herrialde horretan EAJk historikoki izan duen nagusitasuna aspaldikoa da, eta azken urteotan handitu besterik ez da egin, Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeak lekuko. Inork ez du zalantzan jartzen EAJ gailenduko dela Bizkaiko Batzar Nagusietarako bozetan, eta bigarrenari zenbateko aldea kenduko dion da zalantza bakarra. Jakina, beti dago ezustekorako tartea; baina ezustekoak garesti saltzen dira Bizkaian.

Horrek ez du esan nahi Bizkaian maiatzaren 26ko hauteskundeak interesik gabekoak direnik. Argitu beharreko galdera asko daude airean: EH Bilduk apirilean erakutsi zuen goranzko joerari eutsiko ote dion, PSE-EEk Ezkerraldea berreskuratuko ote duen duela lau urteko galera mingarriaren ostean, aditu guztiek iragartzen duten Elkarrekin Podemosen eta PPren beherakada norainokoa izango ote den... Baina irabazlearen inguruan zalantza gutxi daude. Eta hauteskundeen osteko egoeraz ere berdin: lau urteko hitzarmen baten ostean eta Eusko Jaurlaritzan elkarrekin gobernatzen egonda, ezusteko handia izango litzateke EAJk eta PSE-EEk berriro ituna egingo ez balute.

Gehiengo osoa, gertu

Botoen %38,2 lortu zituen EAJk 2015ean. Horri esker, 23 batzarkide eskuratu zituzten jeltzaleek, aurrekoan baino bat gehiago. Normalean, haizea alde izaten du EAJk foru hauteskundeetan, baina joan den apirilean ere, Espainiako Gorteetarako bozetan, oso indartsu ibili ziren jeltzaleak, normalean hauteskunde horietan beti emaitza apalagoak izaten dituzten arren. Badirudi EAJren boto emaileak mobilizatuta daudela, eta mobilizazio horri eusten badiote, Bizkaian garaipen historikoa lor dezakete jeltzaleek, eta gehiengo osoa ere eskuratu.

51 batzarkide daude Bizkaiko Batzar Nagusietan eta, hortaz, 26 batzarkide lortu behar dira gehiengo osoa eskuratzeko. Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen inkestaren arabera, botoen %41,8 lortuko ditu EAJk Bizkaian, eta EITB Focus inkestak %44ra igotzen du aurreikuspen hori. Bi inkesta horietan ez dago batzarkide kopuruaren inguruko aurreikuspenik.

Botoen %40 baino gehiago ateratzea nahikoa izango al da gehiengo osoa lortzeko? Beste inkesta batek, El Correo egunkarirako Ikerfel enpresak egindakoak, baietz dio: botoen %41,9 eta 26 batzarkide ematen dizkie jeltzaleei.

Horretaz jakitun, profil apaleko kanpaina egin du EAJk Bizkaian, aurkarien kontrako erasoan baino gehiago, lasaitasun itxura ematean eta okerrik ez egitean oinarritua. Okerrik egon da, ordea: Unai Rementeria hautagaiak Andoni arrain saltzaileaz egindako txioak hautsak harrotu ditu, EAJri hautsak harrotzea gutxien komeni zitzaionean. Baina ikusteko dago horrek ordainik ekarriko ote dien hauteskunde emaitzetan.

2015ean EH Bildu izan zen bigarren indarra, botoen %19,2 eta 11 batzarkide lortuta —bat galdu zuen—. Inkestak ez datoz bat maiatzaren 26an Bizkaian izango dituzten emaitzez: jaitsiera iragartzen diete batzuek, igoera beste batzuek. Edonola ere, ia ziurtzat jo daiteke bigarren postuari eutsiko diola, EAJk ateratzen dion aldea handia bada ere.

PSE-EEk zazpi batzarkide lortu zituen 2015ean, eta batzarkide kopuruan hirugarren indarra izan zen, botoetan Elkarrekin Podemosek baino gutxiago atera zituen arren. Espainiako Gorteetarako hauteskundeen arrakastak hauspotuta, 2015eko datuak hobetuko ditu seguru asko, baina ikusteko dago horrek batzarkide gehiago ekarriko ote dizkion. PSE-EEren kasuan, interesgarriena izango da historikoki gotorleku izan duen eskualdean, Ezkerraldean, nolako emaitzak dituen ikustea: duela lau urteko porrotaren ostean, joan den apirilaren 28an PSE-EEk lortu zituen boto gehien Barakaldon, Portugaleten eta Sestaon.

Elkarrekin Podemosi eta PPri inkestek jaitsierak iragartzen dizkiete, baina bien egoerak arras desberdinak dira. Elkarrekin Podemosek zazpi batzarkide lortu zituen orain lau urte, eta haien boto asko EAJra, EH Bildura eta PSE-EEra itzuliko diren arren, ez dirudi koalizioaren batzarkide kopurua asko murriztuko denik. Oso bestelakoa da PPren abagunea; apirilean boto asko galdu zituen, Bizkaian krisi betean dago, eta barne liskarrak areagotu ditzake 2015ean lortutako lau batzarkideetatik erdiak galtzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.