Espetxe eskumena. Euskal presoak

Salbuespena desmuntatzen hasi den urtea

Euskal presoen %68,5 Euskal Herriko espetxeetan daude, eta gradu progresioak jasotzen hasi dira. Foro Sozialak uste du azken urtean «aurrerapauso sendoak» eman direla

Salbuespena desmuntatzen hasi den urtea.
Iosu Alberdi.
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Iazko urria hastearekin batera hartu zuen Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzelen kudeaketaren kontrola, «Euskadiko espetxe eredua» muntatzen hasteko. Garai berezian iritsi zen transferentzia, Aieteko Adierazpenaren eta ETAren behin betiko su-etenaren hamargarren urtemugaren bezperetan. Ordutik, euskal presoen egoeran zenbait aldaketa izan dira, eta haiei begira daude eragileak.



Azken hilabeteetako aldaketak instituzioekin, alderdiekin, sindikatuekin eta EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin egindako «mikroakordioen» emaitza gisa irudikatu ditu Foro Sozial Iraunkorrak, eta gehitu du azken urtean «aurrerapauso sendoak» eman direla «salbuespeneko espetxe politikaren egitura konplexua desmuntatzen jarraitzeko». Izan ere, Foro Sozialeko koordinatzaile Agus Hernanek gogoratu du martxan jarritako gizarteratze politikek Eusko Legebiltzarreko parlamentarien %91ren babesa dutela: «Prozesu luzea izan da, krisiak izan ditugu, baina krisi horiek gainditu dira parte guztien borondatearekin». Etxerat euskal presoen senideen elkartearen iritziz, oraindik goiz da espetxeen transferentziaren garapena baloratzeko, baina legeria arrunta aplikatzeko urratsak ikusi ditu.

Ikusi gehiago:Eugenio Artetxe, Eusko Jaurlaritzako Justizia zuzendaria: «Gure ereduaren oinarrietako bat da printzipio komunitarioa»

Espainiako Gobernuak 2018an iragarri zuen euskal presoentzako espetxe politika berri bat sustatuko zuela. «Beste modu batera heltzeko garaia da», esan zuen Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek uda hartan. Presoak Espainia hegoaldeko espetxeetatik iparraldekoetara lekualdatzeko mugimenduak hasi zituzten lehenik, eta 2020ko uztailetik Euskal Herriratzeekin segi du prozesuak. Iaz, 79 preso hurbildu zituzten Euskal Herriaren periferian kokatutako espetxeetara, eta beste 70 Euskal Herriratu zituzten. Aurten, berriz, 49 preso lekualdatu dituzte Euskal Herriko lau espetxeetara. Beraz, 2020ko urtarrilean, bost ziren Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoa eta Nafarroako kartzeletan dauden motibazio politikoko presoak, eta 2022ko irailean, 122 dira ; guztien %68,5. Horiez gain, beste hamabi daude etxean preso.

Urratsak, baina, tantaka-tantaka egin dira, tartean zenbait geldiunerekin. Hasieran, astetik astera iragarri ziren lekualdatzeak, baina, aurrera egin ahala, iragarpen batetik besterako denbora tarteak areagotu egin ziren. Esaterako, aurtengo martxotik uztailera bitarte, Espainiako Barne Ministerioak ez zuen inolako mugimenduren berri eman. Hala, Etxerat-ek udan salatu zuen pausoak behar baino motelago ematen ari zirela, eta «euskal presoen sakabanaketaren eta urruntzearen zikloa» ez dela amaitu oraindik.

Oraingoz, 40 preso daude Espainian, eta hamasei Frantzian. Aipatu bezala, ordea, Euskal Herritik espetxe haietara dagoen distantzia nabarmen murriztu da. Presoen %22,5 ehun eta 300 kilometro artean daude, eta %8,4, 301 eta 600 kilometro artean. Espainian espetxeratuta daudenen artean, besteak beste, bederatzi Logroñon daude (105 kilometrora), zazpi Dueñasen (255 kilometrora), sei Mansillan (320 kilometrora) eta bost Dueson (225 kilometrora). Frantziaren menpeko kartzeletan dauden gehienak, berriz, Lannemezanen (Okzitania, 290 kilometrora) daude preso. Hernanek, baina, urratsak espero ditu, «hurbilketa fasea aurten amaitzea».

Eusko Jaurlaritzak ez ditu orain arte egindako Euskal Herriratze eskaera guztiak onartu. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalen esanetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetara hurbiltzeko bost eskaera atzera bota dituzte, presoek «sustraitzerik» ez dutela argudiatuta.

Lekualdatzeak prozesu baten barruan ulertu behar direla adierazi du Hernanek, eta uste du erantzun horiek Jaurlaritzak metodo indibidualizatu bat erabiltzen duenaren erakusle direla. Halere, Euskal Herriratu nahi duten preso guztiak animatu ditu euren eskaerak osatzera eta berriz planteatzera: «Ondo argudiatuta badaude, ziur gaude Eusko Jaurlaritzak onartuko dituela».

Gradu progresioak

Espainiako Gobernuaren ildo aldaketaren beste ondorioetako bat izan zen lehen gradua eta bakartzea baztertzea eta presoak bigarren gradura aldatzea. Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kartzelen kontrola hartu zuenetik, ordea, beste urrats bat ere egin da. Motibazio politikoko presoak hirugarren gradura mugitzen hasi dira. «Legea bete» besterik ez da egin, Artolazabalek azaldu izan duenez. Eta Hernanek gaineratu du erabaki horiek «tratamendu zientifikoen eta pertsonalizatuen» ondorio direla: «Ezin da beste era batera egin. Ez gara onurez ari, eskubideez baizik».

Jaurlaritzaren arabera, lehen urtean 25 gradu aldaketa onartu dituzte, Basauriko, Martuteneko eta Zaballako tratamendu batzordeen txostenetan oinarrituta. Besteak beste, Etxerat-ek jakinarazi zuen abuztuan sei euskal presori onartu zietela gradu progresioa. Kopurua, baina, ez da «nahikoa», elkarte haren ustez: «Gure ustez, lege arrunta aplikatuko balitz, euskal preso guztien zati handi batek erdi askatasuneko erregimenean egon beharko luke». Elkarteak nabarmendu du legedi arrunta aplikatzea litzatekeela hori.

Onartutako gradu aldaketek, gainera, harresi bat topatu dute Madrilen. Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak behin eta berriz egin du presoei emandako gradu aldaketen aurka. Azken hilabeteetan, dozena erdi bat gradu aldaketaren aurkako helegiteak aurkeztu ditu, eta zenbait presok espetxera itzuli behar izan dute, auzitegiaren aginduz.

Errekurtsoei erantzunez, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak eta Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak argudiatu izan dute ez dagoela nahikoa datu erakusten duenik euskal preso horiek erdi askatasuneko erregimen batean egoteko «gaituak» daudela arrazoitzeko. Berdin egin du zenbait espetxe baimenen kasuan ere. Hernanek uste du «lobby zabal bat» dagoela, eta horrek ere bere isla duela Auzitegi Nazionalean eta «zenbait epaileren» erabakietan: «Jarrera oztopatzaile bat dago».

Aldaketa haizea sumatu zen ekainean, lehen zigor aretoak ebatzi baitzuen «damua eta biktimentzat barkamen eskaera» ez direla legezko betekizuna espetxe baimenak lortzeko. Epaimahai berak, ordea, aurkakoa erabaki zuen aste gutxira, preso beraren beste baimen baten harira. Aurrez, iazko otsailetik aurtengo apirilera bitarte, beste 76 baimen bota zituzten atzera.

Erronkei begira

Foro Sozialaren arabera, bi dira aurrera begirako erronkak. Batetik, salbuespen politikak behin betiko amaitzea: besteak beste, preso gaixoak eta 70 urtetik gorakoak kartzelatik ateratzea, komunikazioen eta bisiten kontrolekin bukatzea. Bestetik, «justizia errestauratiborako politikaren oinarriak eta edukiak adostea». Hori da Jaurlaritzaren espetxe ereduaren oinarrietako bat, eta, astelehenean iragarri zutenez, justizia errestauratiboko programak martxan jartzeko lehen urratsei ekingo diete datozen hilabeteetan.

«Gai izan behar dugu orain arteko esperientzien balantze bat egiteko; azkena 2021-2022ko aldian izan zen, Logroñon eta Burgosen. Oinarri horren gainean definitu behar dugu nahi duten presoek parte hartu ahal izango duten justizia errestauratiboko politika batean», azaldu du Hernanek. Izan ere, Amaia Izko eta Txema Matanzas abokatuek ekainean adierazi zuten esperientzia haietan «zailtasun espezifikoak» izan zituztela presoek; hala nola haiek «instrumentalizatu» egin zituztelako.

Horiek horrela, Foro Sozialeko koordinatzaileak «kontsentsuak» lortzeko deia egin du, parte hartu nahi duten guztiei hala egitea ahalbidetzeko: «Optimistak gara, eta ikusiko dugu ondorengo hilabeteetan ea dena nola gauzatzen den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.