Espetxe eskumena. Elkarrizketa. Eugenio Artetxe. Eusko Jaurlaritzako Justizia zuzendaria

«Gure ereduaren oinarrietako bat da printzipio komunitarioa»

Urtebete igaro da Espainiako Gobernuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzelen kontrola Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuenetik. Estrategia berria fintzen ari diren arduradun nagusietako bat da Artetxe.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Iosu Alberdi.
Gasteiz
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak astelehenean aurkeztu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketaren gaineko lehen balantzea. Aurkezpen hartan izan zen Eugenio Artetxe Justizia zuzendaria ere. Lehen urteak utzitakoez eta aurrera begirako erronka nagusiez aritu da hizketan BERRIArekin.

Ikusi gehiago:Salbuespena desmuntatzen hasi den urtea

Urtebete igaro da espetxe eskumena eskuratu zenutenetik. Nola moldatu zarete?

Urte bizia izan da. Transferentzia orok aldaketak dakartza, eta horiei aurre egin behar zaie. Langileak eta baliabideak pixkanaka Eusko Jaurlaritzaren egituretan txertatu behar dira. Konplexua da. Gainera, zaila izan da espetxe sistema pandemia betean hartzea. Hezkuntza jarduera asko egitea galarazi zuen, eta hirugarren sektorearen parte hartzea mugatu. Egin nahi genuena zaildu zuen horrek, eta moteldu egin du prozesua. Baina beste agertoki batean gaude orain, lasaiago.

Urteko datu esanguratsuenetako bat da 457 presori hirugarren gradua eman diezuela.

Abiapuntua aldekoa zen. Espetxeetako langileak kualifikatuta zeuden, eta ez da egokitzapen prozesu bat behar izan zehazteko birgizarteratzeko egokiena dela zigorrak komunitatean betetzea. Baina gizartea kontzientziatu behar dugu. Askok uste dute zigor bat hirugarren graduan betetzeak presoa aske uztea esan nahi duela, eta ez da hala. Zigorra erdi askatasuneko erregimen batean betetzea hura betetzeko modu bat da. Tratamendu programa indibidualizatu bat betetzeko modua da; lan egiteko, ikasteko, familia zaintzeko, adikzio programa bat egiteko... Helburu batzuk bete behar ditu.

Esperotako emaitzak eman ditu?

457 gradu progresioen gehiengo handi bat arrakastatsuak dira, eta horrek bidea ematen digu aurrera jarraitzeko. Bada gutxiengo bat funtzionatzen ez duena, ez dituztelako ezarritako konpromisoak betetzen. Baina gutxiengoa dira.

Beste apustuetako bat izan da Aukerak agentzia sortzea.

Bada nabarmentzeko zerbait: denbora errekorrean eratu dugu. Urriaren 1etik abenduaren 31ra arte genuen muntatzeko, eta lortu genuen. Lan ordainduak izatea faktore garrantzitsua da presoentzat. Ez soilik familiari dirua bidaltzeko edo beren gastuak estaltzeko. Helburuetako bat da espetxeko lana eta formakuntza zerbait okupazionala ez izatea, lan mundura itzultzeko gaitasuna emango dien zerbait baizik.

Zer erronka ditu orain?

Zerbitzu osagarri ordainduak areagotzea. Horiek bizitza errazten diete, esaterako, ardura zibila ordaindu behar dutenei. Izan ere, hori oztopo bat izan daiteke gradu progresioetarako. Gainera, asmoa da presoek hasieratik jarraitu ahal izatea formakuntza ibilbide bat, ateratzean titulazio bat izatea bideratzeko.

Bi presok parte hartu zuten astelehenean Zaballako kartzelan egindako jardunaldian. Baliabide falta kritikatu zuten; besteak beste, formakuntzaren alorrean.

Azken urtean bilera asko egin ditugu sektore askotako ordezkariekin, baina orain arte ez ginen denok batera bildu, eta ez ginen presoen ordezkaritza batekin elkartu. Aberasgarria izan zen perspektiba orokor bat izatea. Lan esparru oso bat dago garatzeko. Besteak beste, hitzarmen bat sinatu nahi dugu EHUrekin.

Hirugarren sektorearen garrantzia nabarmendu duzue. Zer rol dute entitate horiek espetxe eredu berrian?

Gure ereduaren oinarrietako bat printzipio komunitarioa da. Horrek eskatzen du zigortutako pertsonen gizarteratzean gizarte zibila inplikatzea. Pertsonen konfiantza lortu behar da barruan, gero kanpoan lanean jarraitzeko. Lan hori ezin dugu egin hirugarren sektorearen babesik gabe.

Espetxean egon izana bazterketa-arrisku faktore gisa hartzeko neurriak ere eskatu dizkiezue gainerako erakundeei. Zer helbururekin?

Bazen psikologo bat zioena urtebete espetxean ez direla 365 egun, egun bat 365 aldiz baizik. Horrek talka bat eragiten du aske geratzean. Berregokitze bat eskatzen du, lan munduan eta familia arloan. Horrek gizarte inklusiorako zailtasunak eragin ditzake, eta gizarte politiketako sistemek kontuan hartu beharko lukete. Preso bat gainerako pertsonak bezalakoa da, baina, espetxean denbora luzea egon ostean, kontuan izan beharreko ezaugarri batzuk ditu.

Euskal espetxe ereduaren apustuetako bat da justizia errestauratiboa. Iragarri duzue datozen hilabeteetan hasiko zaretela prozesuekin. Zein dira lehen helburuak?

Lehen urratsa Euskadiko Justizia Errestauratiborako Foroa eratzea da. Ideia da hura izatea hurrengo urratsak orientatuko dituena. Baina horrek ez du esan nahi ez garenik gauza praktikoagoetan lanean ari. Prozesuei dagokienez, ez dugu ezartzen helburu gisa biktimen eta biktimarioen arteko topaketak kuantifikatzea, ez baita hori izango estrategiaren arrakasta zehaztuko duena. Eta, ez dugunez helburu gisa jarriko, ez gara hortik hasiko. Tailer errestauratiboak egiten hasiko gara, biktimekin eta biktimarioekin, baina ez batera. Horiek boluntarioak eta diskretuak izango dira.

Motibazio politikoko presoei dagokienez, badira bi afera. Lekualdatzeei dagokienez, Jaurlaritzako Justizia sailburu Beatriz Artolazabalek adierazi zuen bost preso lekualdatzearen aurka egin duzuela. Zein dira halakoak baimentzeko irizpideak?

Lekualdatua izan nahi duen pertsonaren egoera pertsonala aztertzen da. Faktoreak beti berdinak dira, ETArekin lotura izan edo ez. Sustraitzea gakoetako bat da, lekualdatzeak birgizarteratzea errazteko izan behar duelako. Bizilekua eta familia non dituen, zer lotura duen espetxea dagoen lurraldearekin... Nabaritu dugu lekualdatze eskaera batzuetan bazela loturaren bat Euskadirekin, baina oso lausoa.

Bestea gradu progresioena da. Kasu honetan, Jaurlaritzaren zenbait erabakik Auzitegi Nazionalaren ezetza jaso dute. Kezkatzen zaituzte erantzunek?

Gure ebazpenak gure ekiteko modu teknikoaren araberakoak dira. Fiskaltzak horiei helegiteak jartzea errespetatzen dugu, baina guk ulertzen dugunaren arabera ekiten jarraitzen dugu. Zentroetako profesionalek ezagutzen dute ondoen espetxeratu bakoitzaren egoera.

Fiskaltzak errekurtsoa jartzeko eskubidea du, eta epaileak erabakitzen du. Baina, noski, denbora bat igaro ostean ebaluazio berriak egiten dira, eta guk gure irizpideen arabera ebaluatzen dugu. Esango nuke tratamendu batzordeek orain arte bidali dizkiguten proposamen guztiak onartu ditugula. Agian, hirugarren graduaren modalitatean ñabarduraren bat egin dugu.

Azken urtean gora egin du preso kopuruak. Zubietako espetxea lehentasuna da egoerari aurre egiteko?

Egia da espetxeetako biztanleria hazi egin dela Euskadin, eta gora egiten duen bitartean instalazio eta langile berak ditugula. Baina atentzio maila murriztu da? Ez. Zubietako espetxea Martutenekoa baino handiagoa izango da, eta modularra. Horrek errespetu moduluak indartzea ahalbidetuko digu. Gainera, gizarteratze zentro bat ere izango du. Finean, Zubietak hiru zentroetako kudeaketa erraztuko du. Obrak atzerapen pixka batekin doaz, baina ongi etorria izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.