martxelo otamendi
ANALISIA

Lerro batzuk, Denis, lagunkiro

2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Aitortuko dizut harridurak hartu ninduela jakin nuenean eskaini zizutela eta onartu zenuela— Espainiako Gobernuaren ordezkari izatea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Ibilbide politiko luzea aurreikusten nizun, beti izan duzulako horretarako bokazio sanoa, baina ez eskaini dizuten bide horretatik. Gutxiago harrituko nindukeen, adibide bat jartzeagatik, Eusko Jaurlaritzako sailburu izango zinela jakiteak. Ez dakit asko maite zaituen eskaintza egin dizunak.

Kontzeptuak argitzearren, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria da estatuaren ordezkaria, eta zeu Espainiako Gobernuarena. Berez, ordezkariaren eginbehar nagusia gobernu horrek gure herriaren zati honetan eskaintzen dituen zerbitzuen arduradun politikoa izatea da: Renfe, AENA, Correos... Eta, hor dago gakoa, bereziki segurtasun indarrak. Alegia, Guardia Zibila eta Espainiako Polizia.

Ez naiz asko luzatuko bi indar polizial horiek gure herrian egin dituzten balentriak zerrendatzen; ezagunak dira eta, berandu baina zorionez, gero eta ikerketa eta dokumental gehiago ari dira agertzen. Nahikoa da begiratu azkar bat ematea Eusko Jaurlaritzaren aginduz Paco Etxeberriaren taldeak egin zuen ikerketa zorrotzari: aztertutako 4.000 kasuetatik 1.792 Guardia Zibilarenak dira, eta 1.785, Espainiako Poliziarenak. Ertzaintzarenak, 336.

Balentria hori, tortura, egin duten poliziak zure ardurapekoak izango da gaurtik aurrera, eta zure ardura ere bada, kasu askotan bide judizialak agortuta egon arren, barne ikerketa independentea martxan jartzea hamarkadetan geratutakoa argitzeko. Ez zaizkizu faltako lekukotasuna emateko prest dauden biktimak.

Aitortzen dizut ez daukadala itxaropen handirik, Gipuzkoako Aldundian egon zaren denboran egin duzuna eta egin ez duzuna ikusita. Oroimen Izpiak, Artea eta hitzak, ETAren basakeriari aurre erakusketa antolatu zenuen Kultura diputatu zinela, 2018ko otsailean. Ondo. Espero nuen handik gutxira beste erakusketaren bat antolatuko zenuela ETAren aurkako borrokan estatuak bihartik aurrera zure ardurapekoak izango direnek egindako basakeriak gai hartuta.

Bihar, otsailaren 13a, Joxe Arregi gogoan, Torturaren Aurkako Eguna da. Data ederra antolatu ez duzun erakusketa inauguratzeko, eta zure orain arteko karguari agur ezin egokiagoaegiteko. Kale nire igarpenak. Ezer ez.

Ez zaizkizu faltako, hala ere, erakusketak egiteko lekuak gure herrian. Okurritzen zait bat oso egokia Donostian egin nahiz izanez gero: Gobernu Zibila zenaren lurrazpiko soto ilunak. Ezaguna da Espainiako Poliziaren tortura lekurik preziatuena izan zela Francoren garaian eta ondorengo urteetan.

Espainiako Poliziak Donostian duen bulego nagusiaren sarreran, denon ikusgai, «terrorismoaren aurkako borrokan» hildako polizien izenak biltzen dituen plaka handi bat dago. Noizko torturatuen izenak bilduko dituena?

Aurki ikusiko zaitugu indar polizialen egoitza nagusiak bisitatzen, eta arestian aipatutako balentriak goraipatzen dituzten diskurtsoak entzuten zuri harrera egiteko ekitaldietan. Eskatuko diezu arduradunei autokritika egiteko eta onartzeko giza eskubideen oso urraketa larriak egin dituztela, eta tortura horien biktimek eskubidea dutela «egia, justizia eta erreparazioa» jasotzeko? Harrera horietan zuri entzuten egongo direnetako batzuek asko jakingo dute kaserna horietan urteotan gertatutakoaz, eta lehen eskuko informazio baliotsua jasotzeko erabil ditzakezu bisita horiek.

Intxaurrondora zoazenean, ez ahaztu Europako mendebaldeko tortura gune nagusia izateaz gain kondena judizial gehien jasotakoa dela.

Zorionak eta munduko zorte guztia opa nizkizun ostiraleko mezu pribatuan. Gaurkoan, ausardia eskatzen dizut. Lagunkiro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.