Siriako Kurdistango menia «iraunkorra» izango da, Trumpen arabera

AEBetako presidenteak erabaki du Turkiari ezarritako zigor ekonomikoak kentzea, Ankarak adierazi diolako Rojavako erasoa gelditu duela

ander perez zala
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentearen arabera, Siriako Kurdistanerako negoziaturiko su-etena «iraunkorra» izango da. Etxe Zurian atzo egindako agerraldian, Trumpek jakinarazi zuen duela aste eta erdi Ankarari ezarri zizkion zigor ekonomikoak kentzeko agindua eman zuela, Turkiak adierazi diolako Rojavan ez dela eraso gehiagorik egongo. Mike Pence presidenteordea eta Mike Pompeo Estatu idazkaria alboan zituela egin zituen Trumpek jakinarazpenak; horiek izan ziren, hain justu, herenegun amaitu zen bost eguneko menia negoziatu zutenak Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin.

AEBetako presidenteak, hori bai, Ankarari ohartarazi zion zigorrak berriz jarriko zizkiola Sirian «gustatzen» ez zaion gertakariren bat gertatzen bada; izan ere, Trump eszeptiko agertu zen meniaren inguruan, uste baitu zaila dela «munduko parte horretan iraunkorrak» izatea.

Turkiak, halere, zigor ekonomikoak jaso litzake kontinente zaharretik. Europako Parlamentuko diputatuak ere auziaz aritu ziren atzo, eta jakinarazi zuten ez zutela begi onez ikusi Ankararen plana. «Turkiari eskatzen diogu berehala atera dadila Siriatik», adierazi zuen Michael Gahler eurodiputatu demokristauak; haren arabera, gaur ebazpen bat onartuko dute Turkiari ezarri beharreko zigorren inguruan.

Herenegun, Erdogan Vladimir Putin Errusiako presidentearekin batzartu zen, eta haren baiezkoa jaso zuen Siriako Kurdistanen «segurtasun eremu bat» osatzeko. Itunaren arabera, atzoko eguerditik hasita Errusiako militarrak eta Siriako muga patruilak «YPG [Herriaren Babes Unitateak] eta bere armak kentzen» ari dira Turkiako eta Siriako mugatik 30 kilometrorainoko eremuan.

Prozesu hori amaitzean —astebetean nahi dute—, Errusiak eta Turkiak elkarrekin patruilatuko dute «segurtasun eremuaren» mendebaldea eta ekialdea 10 kilometroko zabaleran, mugan dagoen Qamixlin izan ezik. Hortaz, Rojava milizia kurdurik gabeko eremu bilakatuko da.

Jihadistak eta petrolioa

Trumpen arabera, Estatu Islamikoaren (EI) jihadistek atxilotuta jarraitzen dute Rojavako kartzeletan, SDFren komandante Mazlum Abdik hala jakinarazi ziola argudiatuta. Ordea, egun berean, James Jeffrey AEBen Siriarako mandatariak Kongresuari adierazi zion ehun jihadista baino gehiagok presondegitik ihes egin zutela, eta ez dakitela non dauden.SDFren prentsa bulegoak ere Abdiren adierazpen batzuk ezagutarazi zituen, baina horien artean ez zen agertu EIren presoei buruzko erreferentziarik.

Testuinguru horretan, AEBetako tropa batzuk Siria ipar-ekialdean geratuko dira petrolioa «zaintzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.