Albistea entzun

LEKU-LEKUTAN

Istanbul irabazi

Binali Yildirim AKPko hautagaia, atzo, Erdoganen irudiarekin.
Binali Yildirim AKPko hautagaia, atzo, Erdoganen irudiarekin. ERDEM SAHIN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urrutikoetxea -

2019ko ekainak 23

Nazioarteko gaiak lantzen dituzten hedabideetan, atzerriko hauteskundeei erreparatzean, bozketa nazionalak izan ohi dira «albiste bide». Tarteka, Alemanian esaterako, eskualdeetako bozkak ere hartzen du garrantzirik, kantzilertzan daukan eraginaren arabera. Baina gutxitan dira udal hauteskundeak albiste, nahiz eta Hego Euskal Herrian, Eibarren bereziki, ondo dakigun lezioa: Espainiako azken erregeak udal hauteskunde batzuen ostean alde egin zuen herrialdetik, duela ia 90 urte. Baina salbuespenak dira. Salbuespen hori, alabaina, hauteskundeak izaera lokala transzenditu eta eragin handiagoa daukanean izaten da.

Halako zerbait gertatu zen Turkian martxoan, eta gaur are gehiago geldituko da agerian. Txarto bozkatu zutela ebatzita, istanbuldarren bozka baliogabetzat jo eta berriz deitu dute gaur hauteslekuetara. Recep Tayyip Erdoganek ez zuen zalantzarik, auzia «iraupen nazionalekoa» zela esan zuenean. Aitortu behar zaio gauzak ondo zihoazkionean ere antzera esaten zuela sultanak: «Istanbul irabazten duenak, Turkia irabazten du», esan ohi zuen Konstantinopla zaharreko alkate izandakoak. Munduan bi kontinentetan dagoen hiri bakarra, 15 milioi biztanle baino gehiagorekin Europako hiririk handiena, herrialdeko piezarik garrantzitsuenetakoa da. AKP islamistaren esku daramatza bi hamarkada, Taksim eta Sisli eta hiriko erdigune laiko eta kosmopolitan nekez nabaritu arren. Urrezko Adarretik eta Santa Sofia eta Meskita Urdinetik auzunean barneratuz gero, agerikoagoa da nortasun kontserbadore hori. Ez okertu, horratik; Istanbulek baditu buruzapirik nekez ikusten diren langile auzune periferikoak ere, Dersim eta beste hiri batzuetatik XX. mende osoan etorritako kurdu zein turkiar alevien barrutiak, esaterako.

Kontuak kontu, martxoan hori guztia aldatu egin zen, Ekrem Imamoglu CHP alderdi errepublikanoko hautagai sozialdemokratak irabazi zuenean. Hain estu irabazi, ze —dozena bat mila botoren aldea, dozena eta erdi milioi lagun dituen hirian—, Erdoganek lortu zuen epaileek bozketa baliogabetzea eta berriz egin behar izatea. Bi hil eta erdian, Imamoglu deabrutzeko estrategian, denetik deitu diote: «amerikarren txotxongilo», PKK-ko «terrorista», «greziarra» —oraindik irain larria da Turkian, «armeniar» esatearen pareko ia ia—, Sisi Egiptoko presidente kolpistaren jarraitzaile... eta, hala ere, inkestetan aldea handitu du Yenali Bildirim AKPren hautagai kontserbadorearekiko. Patxadaz eutsi die irainei, irribarrez; jakinik, besteak beste, ezin dutela CHPko ohiko elite laiko militaristan kokatu; jatorri xume eta kontserbadoreko familia batetik dator Imamoglu. Irainei aurre egiteko, kanpainako leloari heldu dio: her ?ey çok güzel olacak, dena ederto egongo da.

Bidean gorpu asko utzi ditu Erdoganek urteotan, eta irudizko zentzuan ari gara —bestea ere egia izan arren—, aliatu eta alderdikide eta gobernukide izandako Ahmet Davutoglu esaterako alderdi berri bat eratzekotan dabil. Gaur Erdoganen hautagaiaren porrota akuilu garrantzitsua izan daiteke aurkaririk izan ez duen sektorea zatitzen hasteko.

Sultanaren azken jokaldia, etsipenetik baino uler ezin daitekeena, karta kurdua izan da. Ez ahaztu Kurdistango edozein hiritan baino kurdu gehiago bizi direla Istanbulen; munduan kurdu gehien dituen hiria da. AKPko hautagaiak kurdu kontserbadoreak limurtu ditu lehendabizi, eta Erdoganek Nechirvan Barzani Iraken menpeko Kurdistango presidente berriari harrera egin dio. Gero, are mugimendu garrantzitsuagoa izan da igandeko bozei begira Abdullah Ocalan buruzagi espetxeratuak «neutraltasuna» eskatzea herenegun bere jarraitzaileei eta kurduen Herriaren Alderdi Demokratikoari (HDP). Martxoan bertan, HDPk Istanbulen ez aurkeztea hobetsi zuen, Erdoganen hautagaiaren aurka indarrak batzeko. Zergatik egin dituen Ocalanek adierazpen horiek? Baliteke Erdoganek preso kurduari 2015etik etendako bake prozesuari ekitea eskaini izana, eta Siriako Rojavarako akordioren bat lortzea —ezin ahaztu, AEBek kosta ahala kosta nahi dutela horrelako zerbait—.

Duela urte batzuk BERRIAn elkarrizketatu genuen Cengiz Aktar politologoak dioenez, «hau (Ocalanen mezua) esku granada bat da HDPk oposizioko hautagaiari emandako babesean. 20 urte preso badaramatza ere, Ocalanek paregabeko balio sinbolikoa dauka mugimendu kurduan, mugimenduaren buruzagi historikoa da». Kurduak ezagutzen dituen edonork badaki Ocalan jainkotutako figura bat dela ia, errepresioak ahalbidetzen duenean alde guztietan dagoela haren irudia. Eta kurdu askok aipatzen dute, solasean ari direla, «presidentea», Ocalan gogoan. Itzal handia dauka oraindik kurduengan, baina mugimenduak bide propioa ere lantzen jakin du. Murat Karayilan PKK-ko buruzagiak: «AKPri lezioa eman behar zaio Istanbulen, berriz galdu behar du». HDPk ere berretsi egin du orain arte izan duen jarrera, CHPko hautagaiaren alde. Gaur gauean jakingo dugu Erdoganek bigarren porrot handia hartzen duen.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Karabakh Garaiko eta Azerbaijango ordezkariak, gaurko bilkuran ©ROMAN ISMAYILOV / EFE

Karabakh Garaiak Azerbaijani segurtasun bermeak eskatu dizkio armak utzi aurretik

Ander Perez Zala

Bi aldeetako ordezkariek su etena adostu osteko lehen bilkura egin dute. Armeniako oposizioak lehen ministroaren kontrako protestak iragarri ditu.

Libia, beste krisi bat eragozteko premia

Beste krisi bat eragozteko premia

Gorka Berasategi Otamendi

'Daniel' ekaitzak milaka lagun hil ostean, Libiako Derna hirian ia galdua da inor bizirik topatzeko itxaropena. Erreskate lanetan izan diren Accion Norteko kideek azaldu dutenez, epidemiarik ez sortzea dute orain lehentasuna.
Batasun Nazionaleko Gobernuko lehen ministroa, 2021eko irudi batean. ©EFE

Zatiketa amaitzeko deia

Ricard Gonzalez

Libiako egoera politiko kaotikoak zerikusia izan du hondamendiaren larritasunarekin: herrialdea bi gobernutan zatituta dago. Uholdeek berriz utzi dute agerian batasunerako beharra.
Poloniako armadako hiru militar Ukrainako mugatik gertu, Przewodow udalerrian, iazko azaroan. ©WOJTEK JARGILO / EFE

Poloniak iragarri du ez dizkiola arma gehiago bidaliko Ukrainari

Maddi Iztueta Olano

Lehen ministro Mateusz Morawieckiren arabera, Poloniako armada indartzeko hartu dute erabakia. Edonola ere, azken egunotan nabarmen tenkatu da bi aldeen arteko harremana, Ukrainako zerealak inportatzeko debekuaren harira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...