Joseba Urkiola. EITBko Kirol zuzendaria

«Malgutasunez jokatu dugu; egoeraren jakitun gaude»

Urkiolak aitortu du azken bi hilabeteetan «basamortuan errekak topatzen» aritu direla. Horregatik, «albiste bikaintzat» jo du berriro udan kirola emateko aukera izatea.

BERRIA.
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
«Pozik» dago Joseba UrkiolaEITBko Kirol zuzendaria (Leitza, Nafarroa, 1986), «pixkanaka-pixkanaka» kirola martxan jartzen ari delako. «Oso albiste ona da. Gizartea hobetzen ari den seinale».

Kirol asko martxan jartzear dira: erremontea, pilota, pala, arrauna... Albiste ona da hori EITBrentzat, ezta?

Oso ona. Argia ikusten da, eta eskerrak. Azken bi hilabeetan, basamortuan errekak topatzen aritu gara. Badakigu zer garrantzi handia duen kirolak gure programazioan, baina baita euskal gizartean ere; oso errotuta dago, oso herri kirolzalea gara. Futbola dago erdigunean, baina badira beste kirol asko. Gu, gainera, beste telebista autonomikoekin alderatuta, abantaila dugu, kirol ederrak baititugu gurean: pilotako diziplina guztiak, herri kirolak, arrauna... Pribilegiatuak gara. Ea aukera dugun udan denak uztartzeko.

Bideoteka handia du ETBk, baina ezin zitekeen horretatik tiraka eta tiraka ibili, ezta?

Ez. Orokorrean, pozik gaude esku pilotak eta zesta-puntak izandako harrerarekin, baita txirrindularitzako zenbait etapak izandakoarekin ere. Baina bideotekak iraungitze data bat dauka. Gauza asko bideratuta dauzkagu, eta guztiak emateko gogoz gaude.

Ondo bidean, erremontea izango da emango duzuen lehen kirola. Zehaztuta dago noiz?

Bai. Hilaren 20an izango da, Galarretatik, 16:00etatik 18:00etara. Bost astez emango dugu jarraian, eta finala uztailaren 18an izango da. Emakume Master Cupi dagokionez, hilaren 21ean emango ditugu finalerdiak, Elgoibartik, eta, astebete geroago, bi finalak, Irundik. Bertatik emango dugu esku pilota profesionaleko lehen jaialdia ere, uztailaren 1ean.

Nolakoak izan dira Asperekiko eta Baikorekiko negoziazioak?

Kondenatuta gaude elkar ulertzera. Bakoitzak bere jarrera zuen. Guk, adibidez, malgutasun osoz jokatu dugu, egoeraren jakitun baikaude. Horregatik, adierazi diogu ulertzen dugula binakakoa beranduago jokatzea. Pentsatzen dut haiek nahikoa buruhauste izango dutela orain jairik gabeko uda honi forma ematen. Guk asmoa dugu betiko tarteei eusteko.

Malgutasun osoz jokatu duzuela diozunean, eskaini gabe geratutako partidez ari zara?

Gure kontratua ekainetik ekainerakoa da, eta emandako partiden arabera ordaintzen dugu. Malgu jokatu dugu, baina, kontratuan zeuden partida batzuk ez ditugunez eman, ez ditugu ordainduko.

Kirol ekitaldiak ateak itxita jokatu izan balira ere emango zenituzten?

Bai. Erremonteko lehen jaialdia, adibidez, ikuslerik gabe izango da, eta teknologia berria sartuko dugu: erremontistek kamerak eramango dituzte kaskoan, plano berritzaileak eskaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.