Pablo Lorente Zapateria. Sustrai Erakuntzako presidentea

«Alarma sortu nahi dute trantsizio energetikoaren beharra ezartzeko»

Ukrainako gerra «aitzakiatzat» erabili du Espainiako Gobernuak oligopolio elektrikoei bidea errazteko, Lorentek esan duenez. Azaldu du gero eta demokratikotasun txikiagoko eredu batera doala Espainia.

IÑIGO URIZ / FOKU.
inaki petxarroman
2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Lehendik «herrenak» ziren ingurumen eraginaren azterketa prozesuetan herritarrek zuten parte hartzeko aukera murriztea gogor kritikatu du Pablo Lorente Sustrai Erakuntzako kideak (Castejon, Nafarroa, 1969). Dioenez, Sustraik jarraituko du, halere, herri mugimendua eta landa eremua babesten, mobilizazioaren eta kontzientziazioaren bidez. Ez du dudarik Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak ere baliatuko dutela lege salbuespen hau.

Proiektu berriztagarrien ingurumen eraginaren azterketa salbuesteko proiektuak, printzipioz, Madrilen egitasmoei eragingo die, hots, 50 megawattetik gorakoei. Uste duzu erakunde autonomikoek ere baliatuko dutela?

Nafarroan eta [Espainiako] estatuko beste lurralde batzuetan urteak daramatzate egoera aprobetxatzen, enpresa handien neurrira egindako energia berriztagarrien garapena bultzatzeko. Ez dago kapitalismoaren barruan subiranotasun energetikora eramango gaituen trantsiziorik, plangintza demokratikorik, alferrikako kontsumoen murrizketan eta benetako aurreztea eta jabetza publikoa lehenesten dituzten politiketan oinarrituta. Ziur gaude baliatuko dutela egoera hau erakunde autonomikoek ere.

Prozedura hori Europak bultzatu du, baina Espainiako Gobernuak bere erara moldatu du, talde ekologistek diotenez, eta are kalte handiagoa egingo dio ingurumenaren babesari.

Europako erakundeak interes korporatiboak bideratzeko tresnak dira. Enpresek dirua irabazten jarraitu behar dute, lurraldearen, biodibertsitatearen eta pertsonen kontura; eta, aldi berean, eutsi egin behar diote produkzioaren, garraioaren eta merkaturatzearen gaineko kontrolari. Espainian are nabarmenagoa da zenbateraino dauden egitura politikoak eta instituzioak enpresen mende. Alderdien eta konpainia elektrikoen arteko lotura ate birakarietan islatzen da, zeinak agintariak birziklatzen dituen enpresa mundurako, aurretik konpainiei mesede egin dieten erabaki politiko eta legegileen truke.

Iraupen mugatua izango duela iragarri dute, hau da, Ukrainako gerraren ondorio energetiko eta sozialak gainditu arte. Uste duzue hala izango dela?

Oligopolio elektrikoak aspalditik eskatzen zuen trabak murrizteko. Beste kontu batzuetan bezala, gerra aitzakia da. Alarma egoera bat sortu nahi dute, kosta ahala kosta, trantsizio energetikoaren premia ezartzeko. Europako eta estatuko erakundeak salbuespen gehiegi dituzten legediak inposatzen ari dira, gero eta demokratikotasun txikiagoa duen eta berme gutxiago ematen dituen eredu bat ezartzeko. Azken finean, eskubide sozial eta politikoak gutxitu nahi dituzte, eta aurkarien gaineko kontrol soziala indartu. Horren isla dira lurraren aldeko mugimenduarenkriminalizazioa, parte hartzeko oztopoak, alegazioak aurkezteko trabak...

Ingurumen prozeduretan herritarrek parte hartzeko duten ahalmena apalduko du lege proiektuak?

Oso kritikoak gara herritarren egungo parte hartze moduarekin. Formazkoa da, eragiteko gaitasunik gabea, epe laburregiak ematen dituena eta aldez aurretik ezarritako arauekin jokatzera behartzen gaituena. Plangintza demokratikorik eta herri subiranotasunik gabeko parte hartzea da, azken finean. Erakundeek parte hartzeaz hitz egiten digute, baina parte hartzerik ez izatea nahiago dute ia, batez ere horrek merkatuaren legeak zalantzan jartzen baditu eta behar energetikoei lotutako neurri sozializatzaileak planteatzen baditu. Duela gutxiko adibide bat Nafarroako Gobernuaren 2030 Energia Planaren aurkezpena da. Ezin dugu ahaztu zer testuinguru politiko eta sozialetan gauden. Herri gogoa eta adierazpen alternatiboa itotzen saiatzen ari dira, eta hori lurraren aldeko lanean ere islatzen da.

Salbuespen horretatik kanpo geratuko dira Natura 2000ko eremuak eta babesguneak. Nola eragin diezaieke horiei?

Planetako biodibertsitatean ez dago ez harresirik, ez mugarik. Zuzenean edo zeharka, naturgune batzuk babesteko figura guztiak etengabe urratzen ari da kapitalismoa, lurraldeen eta herrien harraparia baita. Legerian egindako aldaketa horiekin, orain dela urte batzuk egin zena sendotu eta lege bihurtuko da, eta biodibertsitatearen aurkako erasoa sakonduko eta areagotuko.

Bioaniztasunari atzera-bueltarik gabeko kaltea egingo dio proiektu horrek?

Zalantzarik gabe, ondorio konponezinak izango ditu biodibertsitatean, eta horrek eragin handia izango du hemen ere. Europako Batasunean, estatu kideetan eta Espainiako Erresuman, gobernu autonomoak prest daude bizitza ahalbidetzen duten funtsezko osagaiak suntsitzeko, oligopolio energetikoaren eta inbertsio funts publiko eta pribatuen jabeen mozkinak handitzeko eta errazteko. Azken finean, haien errentagarritasuna eta negozioa gehiengo sozialaren premien, ingurumenaren defentsaren eta landa munduaren gainetik baitaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.