Indar hartzen ari da «Espainia osoan» selektibitate bakar bat egiteko eskaria

Salatu dute erkidego batetik bestera ezberdina dela probaren zailtasuna. Lantalde bat eratuko du ministerioak, «desorekak» aztertzeko xedez

Selektibitatearen aurkako pintaketa bat, atzo, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Martxan da selektibitatea, unibertsitatera sartzeko hautaproba. Nafarroako ikasleek gaur dituzte azken azterketak, eta bihar bukatuko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek. Denera 13.972 ikasle daude izena emanda —euskaraz egingo dute selektibitatea bostetik hiruk—. Azterketaren bueltan eztabaida sortu ohi da. Batetik, probaren izaeragatik eta ikasleentzat ekartzen dituen arazoengatik —hain justu, protesta egin zuten atzo goizean, azterketak egiten ari diren unibertsitateetan—. Bestetik, Espainiako sektore batzuek gogor jo ohi dute selektibitatea erkidego bakoitzak antolatzearen kontra. Aurten, irmoago. Ikerketa batzuk egin dituzte, eta, horien arabera, emaitzetan alde handiak daude erkidego batetik bestera. Ohartarazi dute erkidego batzuetako ikasleek «errazago» dutela unibertsitatera sartzea. Espainiako Hezkuntza Ministerioak batzorde bat osatu du «desorekak» aztertzeko.

PPk eta Ciudadanosek heldu diote gaiari bereziki, eta eskatu dute «Espainia osoan» azterketa berbera izan dadila —LOMCE legea eztabaidatu zuten garaian ere jarri zuten mahai gainean auzia—.

Selektibitatea erkidego bakoitzeko unibertsitate publikoak antolatzen du, eta unibertsitatera sartzeko notaren %40 erabakitzen du. Kontua da nota horrek estatu osorako balio duela, unibertsitate barruti bakarraren ondorioz: alegia, EHUn edo NUPen izena emateko aukera bera dute bertako ikasleek edo edozein espainiarrek. Eskuineko alderdiek diote selektibitateko diferentziak kalte egiten diela erkidego horietako ikasleei.

Isabel Zelaa Hezkuntza ministroak aitortu du «gorabeherak» daudela erkidego batetik bestera, eta lantalde bat sortu du. Ez du, hala ere, proba bateratzeari buruz hitz egin, baizik eta irizpideak finkatzeaz. «Toki batean hainbat puntu kentzen badituzte akats ortografikoengatik eta bestean ez, alde hori zuzendu liteke». Lehentasun jo du «ekitatea» bermatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.