Jaurlaritzak euskararen erabilera sustatu nahi du kirolean

18 urtetik beherako gazte kirolarien eta haien entrenatzaileen harremanak euskaraz izatea da 2021-2024 urteetarako planaren helburua

Donostian aurkeztu zuten atzo plana, Bingen Zupiria sailburuaren eskutik. IREKIA.
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Kirolean Euskara Sustatzeko 2021-2024 Plana aurkeztu zuen atzo. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkeztu zuen, Donostian egindako agerraldian, eta harekin batera agertu ziren Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendari Amaia Agirre eta Euskal Kirol Federazioen Batasuneko kudeatzaile Leire Gerenabarrena. Planak 18 urtetik beherako haur eta gazteengan eragin nahi du, eta helburua da kirolean harremanak euskaraz izatea. Hiru kirol hartu dituzte lehentasun moduan: futbola, errugbia eta saskibaloia. Horretarako, kontuan hartuko dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eremu soziolinguistiko desberdinak, eta horien araberako helburu eta ekintzak finkatuko dira.

Euskararentzako eremuak irabazi beharra azpimarratu zuen Zupiriak agerraldian. Eskolan euskaraz ikasten duten haur eta gazteek askotan ez baitaukate erraztasunik eskolaz kanpo euskara erabiltzeko. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskaratik kirol arloan egindakoa aztertu duela onartu zuen sailburuak, eta gaian eskarmentua duten adituengana jotzea erabaki zuten. Horregatik, Jaurlaritzaren iritziz, aisialdian eta formalak ez diren eremu funtzionaletan euskararen erabilera zabaltzeko gakotzat hartu dute kirola. «Kirolak egiten du haur eta gazteentzat eskolaren eta kirolaren arteko zubi lana», adierazi du Zupiria sailburuak.

Planak kirolean aritzen diren 18 urte arteko gazteen entrenatzaileen prestakuntzan eragin nahi du batez ere, entrenatzaile-ikasketak euskaraz bultzatuz. «Entrenatzaileak eta epaileak euskaraz formatzea oso garrantzitsua da, haiek baitira gazteengan gehien eragiten dutenak kirolean», adierazi du sailburuak.

Plana garatzeko lau oinarri

Kirolean euskara sustatzeko planak lau oinarri nagusi ditu. Batetik, kirolean erreferente diren entrenatzaile eta epaileak euskaraz trebatu asmo dituzte, horrela gazteen euskararen erabilera modu naturalean handitzeko. Oinarrizko mailetan, kategoria baxuenetan aritzen direnak izango dira lehentasuna. Bestetik, gazteek entrenatzaileekin, epaileekin eta beste jokalariekin dituzten harremanetan euskararen erabilera areagotu nahi dute. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, gaur egun entrenatzaile-jokalari harremanean erabiltzen da euskara gehien, eta jokalarien arteko harremanetan gutxien. Ondoren, teknologia berriak txertatuz, eduki interaktiboen alde egin nahi dute entrenatzaileen trebakuntza prozesuetan. Adibidez, lana erraztu dezaketen material eta kirol-metodologien inguruko tresna digitalak baliatuz. Azkenik, plan horren bidez, klubetan euskararen erabileraren aldekokontzientzia pitzaraztea eta klubek euskara planak sustatzea lortu nahi dute.

Plana indartzeko helburuarekin, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kanpaina berezi bat jarri du martxan, Euskara Bihotzetik Ezpainetara lemapean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.