Katalunia. Jordi Matas. Politologoa

«Independentistek estrategia bat adostuko dute bozen ostean»

Matasek uste du hauteskunde giroak eta errepresioa gainditzeko zailtasunek eragin dutela Kataluniako indar independentisten banaketa. Elkarrizketa mahaiak «porrot egin» ondoren, bestelako estrategia bat diseinatuko dutela adierazi du.

DANI CODINA.
Gorka Berasategi Otamendi.
Bartzelona
2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun

Kataluniaren autodeterminazio eskubidea, erreferenduma eta amnistia negoziatu ezin diren helburuak direla ziurtatu du Jordi Matas (Bartzelona, 1962) politologo eta Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak. Kataluniako Parlamentuak urriaren 1eko erreferendumerako hauteskunde batzordeko presidente izendatu zuen, eta ia hiru urteko espetxe-zigor eskaerari egin behar dio aurre horregatik.

 

Aurtengo Diadan askotan aipatu da indar independentisten arteko zatiketa. Nola ikusten duzu egoera?

Ziur independentistek ez dutela gustuko, baina uste dut haustura handiagoa dela unionismoaren barruan. Alderdi independentistek hobeto ulertzen dute elkar: errepresioa pairatzen dute guztiek, eta elkarrekin gobernatzen ari dira. Alderdi unionisten artean, berriz, sakona da zatiketa. Egia da indar independentistek desadostasunak dituztela estrategiari buruzko puntu batzuetan. Oraindik urriaren 1aren osteko aldia gainditu nahian ari dira: errepresioa, erbestea eta abar. Egoera horrek zenbait krisi eragin dizkie. Bestalde, urriaren 1etik gaur arte hainbat hauteskunde izan dira —autonomikoak, udaletakoak, Espainiakoak, Europakoak— eta orain ere beste hauteskunde batzuk hurbiltzen ari dira. Hauteskunde giroak beti sortzen du zatiketa handiagoa elkarrekin lehiatzen diren alderdien artean.

Zatiketak luzerako joko du, ala estrategia bateratu bat adosteko bidean ikusten dituzu?

Uste dut estrategia bateratu bat adostuko dutela, baina ez hauteskundeen aurretik; bozen ostean izango da. Inkestek iragarritakoaren arabera, elkarrekin gobernatu beharko dute, eta berriz hasi beharko dituzte negoziazioak eta estrategia bateratuak bilatzeko ahaleginak.

Zer irakaspen atera beharko lituzke independentismoak orain arteko prozesu subiranistan gertatutakotik?

Ezinbestekoa dela estrategia bateratu bat, indar independentisten arteko batasuna, adostasun puntuak bilatzea eta helburuak lortzeko urrats eraginkorrak egitea. Zatiketak desertzioak eta etsipena sortzen ditu.

Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko elkarrizketa mahaia da desadostasunak eragiten dituzten puntuetako bat.

PSOEren eta Unidas Podemosen arteko koalizio gobernua eratu ondoren eta ERCk Pedro Sanchez [Espainiako presidentearen] inbestidura erraztu ostean, ikuspuntu desberdinak izan dituzte JxCk eta ERCk. Bederatzi hilabete daramatza martxan koalizio gobernuak testuinguru oso ezohiko batean, pandemia tarteko, baina argi gelditu da elkarrizketa mahaiak porrot egin duela orain arte, eta porrot egiten jarraituko du. PSOEk eta Podemosek esaten dutenez historiako gobernurik aurrerakoiena denarekin ere elkarrizketak porrot egiten badu, orduan, nik uste dut estrategia bat diseinatuko dutela independentistek, elkarrizketari eta negoziazioari atea itxi gabe, beste aukera batzuk proposatzeko. Esaterako, desobedientzia zibila, erresistentzia, protesta, Espainiako erakundeak atakan jartzea eta aldebakarreko urratsak. Baina, aurretik, frogatu behar dute negoziazio mahaiak ez duela ibilbiderik.

Hala gertatuko balitz, independentismoak zilegitasuna irabaziko luke prozesuarekin jarraitzeko?

Noski. Nik ez dut irudikatzen elkarrizketa bat autodeterminazio eskubidea aitortu gabe, Nazio Batuen Erakundeak aitortzen baitu. Ezin dut irudikatu elkarrizketa bat konponbidea adostutako erreferendum bat dela aitortu gabe. Eta ezin dut irudikatu negoziazio mahai bat kalean behar duten preso politikoak daudela eta Kataluniara itzuli behar duten erbesteratuak daudela aitortu gabe. Hiru elementu horiek beharrezkoak dira, eta ezin dira negoziatu.

Urriaren 1eko erreferendumaren ostean, esan zenuen garrantzi handikoa zela independentisten eta En Comu-Podemen arteko elkarlana bilatzea. Zenbateko garrantzia du elkarlan hori bilatzeak gaur egun?

Garrantzia du, baina zenbateko garrantzia izan behar duen, horixe da independentismoaren barruan dauden dilemetako bat. Zerk izan behar du lehentasuna, independentismora jende gehiago biltzeak ala erresistentziaren eta mobilizazioaren indarrari eusteak? Lehen aukera garrantzitsua da, teorian, Comukoek autodeterminazio eskubidea, erreferenduma eta amnistia babesten dituztelako. Beraz, puntu horiek defendatzeko batzen badira, bizi dugun gatazkak eskatzen duen indarrez, oso garrantzitsua izango litzateke.

Eta zer arrazoi egon daitezke elkarlan horrek lehentasuna izan ez dezan?

Ez dakit zenbateraino den garrantzitsua helburu politiko handiak gizartearen gehiengo zabal batek babestea. Uste dut garrantzitsuena dela helburu horien defentsa mantentzea eta horiengatik borrokatzea. Mugimendu feminista gutxiengo batek babesten zuen hasieran, eta hala ziren kontzientzia objektoreen eta antirrazisten mugimenduak ere. Badira hainbat helburu politiko desobedientzia zibil baketsuari esker lortu direnak. Gutxiengo horrek borrokan jarraitu zuen helburu horiek lortu arte. Hemen ere horretan gaude. Ezin diogu uko egin autodeterminazio eskubideari gizartean babes handiagoa lortzeko. Argi dago helburuei irmo eutsi behar zaiela eta ideologikoki koherente izan behar dela.

Bi helburuak ezin daitezke uztartu? Alegia, independentismora jende gehiago erakartzeko lan egin eta, aldi berean, helburuei eta mobilizazioari eutsi?

Bai, uztargarriak dira, eta ezin hobea litzateke hori. Gertatzen dena da, errealitateak frogatzen duenez, ez dela erraza biak bateragarri egitea eta ezkerreko indar espainiarrek helburu horiekiko babes esplizitu eta irmoa adieraztea.

Hainbat eragile independentistak datozen hauteskundeetarako helburu gisa ezarri dute independentismoak botoen %50en langa gainditzea. Zer ekarriko luke horrek?

Bada, horixe esan ahal izatea soilik. Ez dut uste zeruko ateak irekiko direnik, ezta negoziazioaren edo Europako ateak zabalduko direnik ere. Zenbaki bat da. Noski, mugimenduari zilegitasun handiagoa emango lioke, babesa handitu duela esan nahiko lukeelako, baina ez dakit zer desberdintasun egongo litzatekeen botoen %47 edo %53 lortzearen artean. Erreferendum baten gisako adierazpen demokratiko bat boto bakarraren aldearekin irabazi daiteke. Veneziako Batzordeak, mugimendu iraultzaileen gertuko izatearen susmotik libre dagoenak, baieztatzen du ez dela ezinbestekoa erreferendumetan gutxieneko parte hartze bat zehaztea, ezta aukera bakoitzaren aldeko gutxieneko ehuneko bat lortzea ere. Pentsatzen dut Veneziako Batzordea osatzen duten juristek ongi aztertua izango dutela gaia.

Quim Torra Kataluniako presidentea inhabilitatuko al duen erabakitzeko bilduko da bihar Espainiako Auzitegi Gorena. Nola erantzun beharko luke independentismoak Gorenak Torra inhabilitatuko balu?

Erantzun irmoa eman beharko luke, desobedientzian oinarrituta. Uste dut ohitzen ari garela Auzitegi Gorenaren jokabide guztiz antidemokratikora. Espainiak arazo bat du botere judizialarekin, eta Europak ohartarazi du botere hori ez dela independentea Espainian. Badakigu Gorena disidentziari jazarri nahi zaiola; batez ere, Espainiaren batasuna zalantzan jartzen badu. Gogoan dut Lesmesek 2017ko urte judizialaren hasieran egin zuen diskurtsoa, esanez konstituzioaren printzipioen eta baloreen gainetik zegoela Espainiako batasuna; Hau da, askatasunaren, berdintasunaren eta pluralitate politikoaren gainetik.

Urriaren 1ko erreferendumerako eratu zen hauteskunde batzordeko presidente izendatu zintuen Kataluniako Parlamentuak. Hori dela eta, auzipetuta zaude, eta epaiketaren zain. Nola bizi duzu egoera?

Azaroaren 4an eta 5ean izango da gure aurkako epaiketa. Beste urrats bat da disidentziaren kontrako errepresioan. Gure kasuan, unibertsitateko bost irakasle gara, juristak eta politologoak. Erreferendumaren baldintza objektiboak zaintzeko izendatu gintuzten batzordeko kide. Izendatu eta astebetera, gure aurkako kereila aurkeztu zuen [Espainiako] fiskaltzak, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eguneko 12.000 euroko isunarekin egin zigun mehatxu, 48 orduren buruan batzordeko kide izateari uzten ez bagenion. Gobernuak esan zigun karguari uko egitea izango zela onena, eta hala egin genuen. Estatuko Fiskaltzak gure kontrako akusazioei eutsi die, ordea. Funtzioak usurpatzea eta desobedientzia leporatzen dizkigu, eta batzordeko kide bakoitzarentzat ia hiru urteko espetxe zigorra, isunak eta inhabilitazioak eskatzen ditu.

Nola egingo diozue aurre?

Batetik, defentsa juridiko bat landuko dugu abokatuarekin. Zentzugabekeria hutsa da fiskaltzaren idatzia. Bestetik, defentsa politiko bat prestatuko dugu. Garrantzitsua da epaileari azaltzea zertan datzan demokrazia, parte hartze eskubidea, autodeterminazio eskubidea eta erreferendum bat antolatzea; legez kanpokoa izanik ere, ez dela delitu bat Espainian. Azkenik, defentsa akademiko bat egingo dugu. Gure askatasun akademikoa gauzatu genuen. Erakunde batek, administrazio batek edo, esaterako, alderdi politiko batek akademiko baten aholkularitza eskatzen duenean, garrantzitsua da akademiko horrek aholkularitza hori jazarpenik eta mehatxurik gabe garatu ahal izatea. Askatasun hori nazioarteko hainbat elkarteren babesarekin aldarrikatuko dugu.

Aditua zara koalizio gobernuen bilakaeran. Zenbateraino baldintzatu dezake Kataluniako auziak PSOEren eta Unidas Podemosen koalizioaren gobernagarritasuna?

Erronka handia da, baina, zoritxarrez, Espainiako Gobernuak duen erronkarik handiena estatuko botere faktikoak dira, zeinak maila demokratiko oso baxukoak diren eta sekulako eragina duten. Hori alde batera utzita, zalantzarik gabe, Kataluniakoa da gatazka politikorik garrantzitsuena. Gainera, gobernuko bi kideek ikuspuntu desberdinak dituzte arlo horretan. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Hala ere, garrantzitsuagoa izango da independentismoaren erreakzioa Espainiako Gobernuaren jokabidea baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.