urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Salman Rushdie eta gu

2022ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Hiru urteren ostean, PEN Internationaleko kongresua egingo dugu datorren hilean lehen aldiz aurrez aurre. Aste gogorrak dira hauek, prestatu beharreko lanak, bilerak eta agerraldiak atontzeko, ebazpenak osatzeko, eta beste hainbat zereginetarako. Ukrainatik Kaukasora, Baltikotik Mongoliako mugetarainoko hizkuntzetan diharduten lagunen arrangurak entzungo ditugu, errusierazko eremuan isilarazita euretako asko; herri kurduaren eta kurdueraz diharduten kazetari eta idazleen salaketa jasoko dugu, Turkiak eguna joan eta eguna etorri egiten dituen erasoen aurrean. Afrikako idazleen ekimenak ere bildu ditugu: swahiliaren eremutik abiatuta, kontinenteko gainerako hizkuntzetan ahalduntzen ari diren belaunaldi ezin interesgarriagoa dator; Ameriketan ere hizkuntza indigenetan diharduten lagunak antolatzen ari dira, Chiapastik Boliviara, eta are hegoalderago, egungo Txile eta Argentinako mugetaraino; iparrean berriz, Quebec-eko innu poetekin egindako kontaktuekin hasi eta, kongresua Eskandinavian izanik, sami idazleekin zein groenlandierazko sortzaileekin ditugun harremanetaraino. Uigurrak, Myanmarreko diktadurak jazarritako idazleak, Indiako Gobernuak baztertu edo are, espetxeratudituen itzultzaileak... Horiek eta beste asko esku artean ditugula, Salman Rushdie PENeko ohorezko kide eta AEBetako taldearen presidente ohiaren aurkako erasoaren berriak astindu gaitu.

PENen ekimenen zutabeetako bat izan da Rushdie, Bertso Satanikoak idatzi eta Khomeini aiatolak hiltzera kondenatu zuen fatuarekin ezkutatzera jo behar izan zuenetik; ia hamarkada baten ostean, berriz ere jendaurrean agertu zenetik, adierazpen askatasunaren aldeko dozenaka agerraldi egin ditu. Ezin ahaztu, esaterako, Euskaldunon Egunkaria itxi ostean, Euskal PENen sorrera ekarriko zuten lehen ekimenetako batean, Martxelo Otamendiren ondoan egin zuen hitzaldia, Bartzelonan, Kataluniako PEN taldeak antolatuta. Handik gutxira, aho batez onartu zuten euskal kazetari, idazle zein itzultzaileon taldea PEN familian. Hemezortzi urte joan dira ordutik, hiru hamarkada baino gehiago fanatismo erlijiosoak Rushdieren aurkako zigorra ezarri zuenetik.

Burhan Sonmez iaz PENeko presidente hautatu genuen idazle kurduak gogora ekarri duenez, «Salman PEN komunitateko sortzaile errespetatu eta maitatua da; urteetan jasan ditu mehatxuak bere lanarengatik. Inork ez luke mehatxurik jaso beharko, are gutxiago erasorik, bere ikuspegia era baketsuan adierazteagatik».

Ez dago, bistan da, zertan Rushdierekin bat etorri haren alde egoteko, haren alde egiteko, hitzaren balioa azpimarratu eta defendatzeko. Jarrera antiklerikala izan liteke, eta salatu Indian edo Mendebaldeko Europako nazionalismo eskuindarrek musulmanen aurka darabilten jarrera baztertzailea. Eta salatu era berean komunitate musulman askotako fanatismoaren aurrean ezkerretik egin den utzikeria, gure seme-alaben aldamenean ikasten duten neskato nerabeei eskubideak murriztea justifikatzeraino.

Hitoshi Igarashi itzultzailea 1991n hil zuten, Bertso Satanikoak japonierara itzultzeagatik. Handik bi urtera William Nygaard editore norvegiarrari ere eraso zioten, hiru tiro eman zizkioten etxetik irtetean. Egun PENeko lehendakariorde da William, eta gure topaketa gehienetan izaten da. Unerik zailenetan liburu bat idaztea, itzultzea edo argitaratzea hautatu zuten editore zein itzultzaileei buruz ere badakigu zerbait bazterrotan.

Ingelesez idazten du Salman Rushdiek, eta haren liburuetako batzuetan murgiltzea sekulako gozatua da. Lotsa (Shame) edo Gauerdiko umeak (Midnight's children), esaterako, Indiako zatiketa, Pakistanen sorrera edo Kaxmirreko gatazkara hurbiltzeko dauden eleberririk interesgarrienetakoak dira.Joseph Anton autobiografikoak fatuaren osteko urteak hurbiltzen dizkigu. Baina Haroun eta Istorioen Itsasoa da (Haroun and the Sea of Stories), ziur aski, idazteaz, askatasunaz, debekuaz hausnartzeko alegoria ederrena.

Beste hainbatek egunotan esan bezala, omenaldi onena Salman Rushdie irakurtzea dela aldarrikatu nahiko nuke, baina BERRIAn ari naiz idazten, eta ez diot euskal irakurleari erdaraz irakurtzea eskatu nahi. Euskaldun batzuek jatorrizkoan irakurriko zuten Rushdie, ingelesez, gehienek espainieraz ziurrenik, eta frantsesez gutxi batzuek. Baina inork ez euskaraz. Itzela da euskal itzulpengintzak urteotan lortu duen maila, ez dut uste inork horren zalantzarik duenik, bai itzulpenen kalitatean, bai itzulitakoaren kopuruan, asko egin da. Baina gutxiegi da oraindik. Kaleko hizkuntza-ohiturak aldatzea bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa da etxe barruko espainol makulua kentzea. Disney aldarrikatu zuten batzuek, Netflix besteek, pantailak masiboki euskaratu behar ditugula ohartu gara, eta beste horrenbeste egin behar dugu gure apaletako liburuekin: Rushdie ere euskaraz behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.