Katalunia. Aldaketa Espainiako Zigor Kodean

Aragones: «Sedizio delitua kentzea ezinbesteko pausoa da desjudizializaziorako»

Egungo delitua «desordena publiko larriekin» ordezkatzea proposatu du Espainiako Gobernuak. Zigorrak hamabost urtetik bost urtera jaitsiko dira

Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea, atzo, erabakia baloratzeko agerraldian. A. G. / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako La Sexta telebista kateari emandako elkarrizketan jakinarazi zuen albistea Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, herenegun gauean: sedizioa kendu egingo dute Zigor Kodetik. Delitu horrek hamabost urteko zigorra dakar, eta Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako auzian hori egotzi zieten alderdi independentistetako buruei, eta hamahiru urteko zigorra ezarri. Orain, Sanchezek azalduriko erreformaren ondorioz, «desordena publiko larriak» zigortuko dituzte, eta zigorrak hamabost urtetik bost urtera txikituko dituzte. Espainiako gobernuburuak zehaztu zuenez, inguruko estatuetako legedietara egokitzea izan da erabaki horren helburua. Proposamen hori atzo aurkeztu zuten PSOEk eta Unidas Podemosek, Espainiako Diputatuen Kongresuan. Kataluniako Generalitateko presidente Pere Aragonesek ongi iritzi zion erabakiari: «Sedizio delitua kentzea ezinbesteko pausoa da desjudizializaziorako».

Neurriak eragina izango du erbestean dauden buruzagi katalanengan: Carles Puigdemont presidente ohiarengan eta Marta Rovira ERC Esquerra Republicanako idazkari nagusiarengan, esaterako. Edonola ere, haiek epaitzeko eta zigortzeko arriskuak indarrean jarraituko du, zigor txikiagoekin bada ere. Sei eta zortzi urteko inhabilitazioa aurreikusten du lege berriak.

Zehazki, Zigor Kodearen erreformaren 14. puntuak erabat ezabatuko du Zigor Kodearen XXII. tituluaren I. kapitulua, eta aldatu egingo du 557. artikulua, desordena publikoarena, honako hau esan dezan: «Sei hilabete eta hiru urte arteko espetxe zigorra ezarriko zaie taldean jardun eta bake publikoari eraso egiteko indarkeria edo larderia erabiltzen dutenei: pertsonen edo gauzen aurka eginez; bide publikoak oztopatuz, pertsonen bizitza edo osasuna arriskuan jarriz; edo instalazioak edo eraikinak indarrez hartuz». Artikulu berriaren arabera, «aurreko paragrafoan azaldutako egitateei hiru eta bost urte bitarteko espetxe zigorra ezarriko zaie, bai eta kargu publikorako inhabilitazioa ere». Zehaztu du, gainera, «egileak autoritate gisa eratuta badaude», inhabilitazioa «erabatekoa» izango dela, sei eta zortzi urte bitartekoa.

Sanchezek ukatu egin zuen, herenegun, erabaki hori ERCk baldintzatu duela, trukean estatuko aurrekontuak onartzeko, eta gogorarazi zuen orain arte ez zegoela gehiengo nahikorik erreforma aurrera ateratzeko. Dena den, esan zuen azken asteetan hainbat alderdi prest azaldu direla aldaketa hori egiteko. Ziurtatu zuenez, Madrilek ez du onartuko amnistiarik, alderdi independentistek eskatzen duten bezala, eta, beraz, Puigdemontek «azalpenak» ematen jarraitu beharko du Espainiako justiziaren aurrean.

«2017an egindako delituak Zigor Kodean daude oraindik, ez sedizio delitu gisa, baizik eta delitu tipologia berri gisa», nabarmendu zuen Sanchezek. Nolanahi ere, gobernuburuak ohartarazi du estatua ez dela «ahulduta» geratuko konstituzioaren erronken aurrean. Haren esanetan, zigor berriak Europako «demokrazia nagusiekin homologa daitezke».

Sanchezek egindako iragarpenaren ondoren, Aragonesek agerraldia egin zuen, atzo goizean, Generalitateko jauregiko galeria gotikoan, eta nabarmendu zuen sedizio delitua Zigor Kodetik kentzeak lotura zuzena duela Katalunian «indar demokratikoaren» bidez eginiko ahaleginarekin. Are, esfortzuaren «fruitua» da zuzenean, haren iritziz.

Batik bat, Generalitateko presidenteak azpimarratu zuen legedian egitekoak diren moldaketa «berebiziko lorpena» dela, eta «gatazka politikoari soluzioa aurkitzen hasteko pauso garrantzitsua». «Pauso handia eman dugu errepresioa amaitu dadin. Esperantza eman digu, eta energia kolektiboa ere bai, aurrera segitzeko», adierazi zuen. Harago ere joan zen: «Aurrerapauso bat da Kataluniako eskubideen eta askatasunen alorretan».

Aragonesek agerian utzi nahi izan zuen Zigor Kodearen erreforma Espainiako Gobernuarekin izandako elkarrizketaren emaitza izan dela eta, aurrez iragarri bezala, urtea amaitu baino lehen «gatazka desjudizializatzeko» akordioak lortu dituela.

Hala, Aragonesek nabarmendu zuen Kataluniako Gobernuak eta ERCk —haren alderdiak— «konpromisoa» dutela amnistia posible egiteko, «errepresioaren amaiera ziurtatzeko».

Kritikak neurriaren kontra

JxC Junts Per Catalunyako presidente Laura Borras kritiko azaldu zen Sanchezek Zigor Kodean egindako proposamenarekin. Twitter sare sozialean idatzitako mezuan ziurtatu zuenez, «desordena publiko larriaren konponbidea sedizioaren gaixotasuna baino okerragoa» izan daiteke.

Bide horretan, Jordi Turull JxCko idazkari nagusiak ere hizpide izan zuen zigor aldaketa RAC1 irratiari emandako elkarrizketa batean, eta esan zuen erreforma hori «U-1a delitua izan zela esateko neurrira egina» dagoela. Carles Riera CUPeko diputatuak, berriz, errefusatu egin zuen Zigor Kodearen sedizio delitua kentzea, eta ERC kritikatu zuen Espainiako Gobernuko presidentearen «malabar jokoak garaipen politiko gisa saltzeagatik».

Espainian, PP Alderdi Popularreko buruzagi Alberto Nuñez Feijook gogor hitz egin zuen Espainiako gobernuburuaren aurka, sedizio delituaren erreforma iragarri ostean. «Sanchezek beti jartzen du interes politikoa Espainiaren gainetik. Arduragabekeria historikoa da [Espainiako] Auzitegi Gorenaren lana zuzentzea; inozokeria hutsa da, independentismoa ez baita inoiz asetzen», idatzi zuen sare sozialetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.