Parisko hilketek erantzulerik ez

Epaitzen hasi aurretik hil da Omar Guney, Parisen hiru militante kurdu hiltzeaz akusatua

Sakine Cansiz, Fidan Dogan eta Leyla Saylemez militante kurduen omenezko lore koroak, Kurdistango Informazio Zentroaren atarian, Parisen. IAN LANGSDON / EFE.
2016ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Hiru urteko ikerketa amaigabea, inoiz hasten ez zen epaiketa, atzeratutako hitzorduak auzitegian, eta, azkenean, Omer Guney hil egin da, epaiketa hasi baino hilabete lehenago. Hari leporatzen zioten hiru militante kurdu hil izana, 2013ko urtarrilaren 9an, Paris erdialdean. Larunbatean hil zen, 34 urterekin, Pitie-Salpetriere ospitalean, garuneko gaixotasun baten ondorioz, iturri ofizialen arabera. Hilketek zirrara eragin zuten, ez bakarrik Europan erbesteratutako komunitate kurduan, baita Frantziako iritzi publikoan ere.

Berez abenduaren 5ean egin behar zuten epaiketako lehen auzi saioa, baina auzitegiak atzeratu egin zuen urtarrilaren 23ra, inolako azalpenik eman gabe. Hala ere, ez da epaiketarik egingo, eta, beste behin, inpunitatea gailenduko da kurduen kontrako erasoetan. Kasua iazko maiatzean itxi zuten, eta urte eta erdi baino gehiago behar izan dute epaiketari hasteko eguna jartzeko.

Sakine Cansiz Kurdistango Langileen Alderdiaren sortzailea izan zen; Fidan Dogan Kurdistango Informazio Zentroaren arduraduna zen Parisen; eta Leyla Saylemez, militante kurdu gaztea. Fidan Doganen bulegoan hil zituzten, Paris erdialdeko Gare du Nordetik gertu. Exekuzio itxurako hilketa hirukoitza.

Hilketen biharamunean atxilotu zuten Omer Guney turkiarra. Hilketaren egilea izatea leporatu zioten. Segurtasun kamerek grabatu egin zuten nola sartu zen Guney Kurdistango Informazio Zentroaren egoitzan, hilketak baino pixka bat lehenago. Hildakoetako baten DNA arrastoak topatu zituzten Guneyren berokian. Eta bolbora arrastoak zeuzkan bizkarzorroan. Guneyk, baina, beti ukatu zuen hiru emakume kurduak hil izana.

Badirudi hilketaren erantzuleen helburua Sakine Cansiz zela. 53 urteko emakumea, kurduek oso errespetatua, PKKren sortzailea, emakume gerrillarien akademiaren antolatzailea eta irtenbide negoziatuaren bultzatzaile nagusietako bat alderdian..

MITen parte hartzea

Kurduek hilketak ikertu zituzten eta, haiek bildutako zantzuen arabera, Turkiako zerbitzu sekretuek (MIT) parte hartu zuten. MITen aurrekarietan gerra zikineko hainbat ekintza daude atzerriko kurduen kontra.

Ikertzaile frantziarrek, ikerketan, ondorioztatu zuten Turkiako zerbitzu sekretuek parte hartu zutela hilketetan, baina ezin izan zuten zehaztu ea MITeko agenteek haien kontura edo arduradunek aginduta egin zituzten, garai hartan Turkiako agintariek eta mugimendu kurduak abiatu berria zuten bake prozesua lehertzeko. Turkiako agintariek ukatu egin zuten hilketekin zerikusirik zutenik; era berean, uko egin zioten Frantziako justiziari laguntzeari.

Frantziako polizia judizialak bere txostenetan esan zuen hilketa oso ondo prestatuta eta antolatuta zeudela eta ez zela pertsona bakarraren ekintza.

Guneyk begiko zuen Turkiako ultra-abertzaletasuna, senideei bidalitako zenbait mezuk erakutsi zutenez. MITekin harremanak zituen, Guney atxilotu eta gero ezezagun batzuek Interneten argitaratu zuten grabazio baten arabera. MITeko kide ohi batek esan zuen Guney MITekoa zela.

Hilketak baino urte eta erdi lehenago infiltratu zen mugimendu kurduan. Teknika ezaguna balitu zuen: diskretua izatea eta ez nabarmentzea, baina norbait behar zutenean beti prest egotea, prest gidari lanak egiteko, prest itzultzaile izateko eta prest Frantziako burokraziaren ezagutza besteei laguntzeko erabiltzeko. Kurduek konfiantza zuten beragan, diskretua eta prestua baitzen.

Atxilotu eta gutxira esan zuen buruko gaixotasun bat zeukala, garuneko minbizia bat. Baina 2013an egindako mediku azterketek ez zuten baieztatu diagnostikoa. Medikuek esan zuten bere egoera mentala ezegonkorra zela.

Hildakoen abokatuek ikerketak iraun duen hiru urteetan etengabe salatu dute Frantziako agintarien geldotasuna, arrazoi «diplomatikoek» eta estatu arrazoiek presionatuta.

Cansizen, Doganen eta Saylemezen senideak bat datoz: Guney hilda, oso zaila izango da egia jakitea eta hilketaren arduradunak epaitzea eta zigortzea. Galdera, asko dituzte, erantzun ofizialik ez: «Kasuko agirietan antolatutako hilketa izan zela, ez zuela pertsona bakarrak egin eta MITek parte hartu zuela onartzen bada ere, zergatik ez da beste erantzulerik aurkitu eta kasua susmagarri bakarrean zentratu da?». Gauza batzuk garbi dituzte: «Omar Guney gizagaixo bat zen, eta hura kentzeak babesa eman dio Turkiako Estatuari». Frantziako agintariak ere egin dituzte «larrialdi egoeraren» erantzule.

Guney hiltzeak oraingoz itxi egin du Turkiako beste pertsona eta erakunde batzuk epaitu eta zigortu ahal izatea, baita Recep Tayyip Erdogan lehen ministro ahalguztiduna ere —hilketak izaniko urtean lehen ministroa zen—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.