urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Hiriburuko hizkuntzak

2021eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Aste bi dira asteburu honetan Washingtonera iritsi ginela. Jo eta su ibili gara hamabost egunotan: etxeko alogera hartu, laneko paperak, umearen eskola, altzariak lortu, autoa, noski, herrialde honetan ez zara ezer autorik gabe —eta hala ere, bakarrarekin moldatuko gara oraingoz—. Kontua da autoa Potomac ibaitik beste aldera erosi genuela, Arlingtonen —Kennedy familia eta milaka soldaduren hilobia dituen hilerri militarraren hirian—. Bada, ez dugu bere horretan izaterik ibilgailua, etxea Washingtonen izanik, matrikulak ere hiri honetakoa behar du. Inoiz aipatu izan dut lerrootan zer-nolakoa den hiriburuko autoetako leloa: Taxation Without Representation (Zergak bai, ordezkaritzarik ez, itzulpen askean), batzuek No edo End jartzen diote, hau da, Zergarik ez, ordezkaritzarik gabe edo Amaitu zergapetzea, ordezkaritzarik gabe. Funtsean, AEBetako estatuen kontroletik kanpo zegoen eremu gisa sortu zen hiriaren egoera surrealista da: estatuko hiriburua da, bertan biltzen dira kostatik kostarainoko ordezkariak legeak egitera eta, noski, lege horiek AEBetako lurralde guztiari dagozkio. Baina Alaskatik eta Hawaiitik eta beste 48 estatutik iritsitako ordezkari horien aldean, washingtondarrek ez daukate erabaki horren gaineko botorik. Ez da harritzekoa azkenaldian zenbat ugaritu diren Washington ere 51. estatu bihurtzea eskatzen dutenak; bidegurutzeetan itsatsitako afixetan sarritan irakur daitekeenez.

«Elebiduna bazara, zein beste hizkuntza dakizu?» galdetu diete espainieraz irakastera iritsi diren irakasleei. «Uste dut esango diedala ez naizela elebiduna, nire ingeles maila erdipurdikoa da», esan du irakasleetako batek. Bikain egin gabe, moldatzen da ingelesez, eta espainieraz gain, badaki galizieraz, portugesez, katalanez eta frantsesez. Baina elebidun ote den ezetz erantzutekotan da; izan ere, hizkuntza ofizialik ez daukan herrialde honetan, ingelesa berezkotzat jotzen da: zein hizkuntza dakizkizun galdetzean, ez da ingelesa aipatzen, horrez gain dakizkizunak baizik. Herenegun, eskola hasi aurreko entsegu orokorra izan zuen alabak: iaz gure ikastetxeetan izandako zirrara bera dute aurten hemen, ikasturte osoko itxialdiaren ondotik. Neurri bereziak atarian, gurasoak eskolatik kanpo, tenperatura, musukoa, tartea, eta hori guztia eta, laguntzen ari diren guztien artean, emakume batek afixa bat jasotzen du gora: Espainolez egin nahi baduzu, zatoz nigana. Nahiko zabalduta dago espainiera, baina hizkuntza markatu eta minoritarioa da. Ez bakarra: bata urdinez tenperatura hartu digunari azaldu diot herrialdera iritsi berriak garela, beste hizkuntza batzuk dakizkigula ingelesa baino hobeto... eta hark erantzun: lasai, ingelesa ez da nire ama-hizkuntza ere. Touché. Beltz asko bizi dira Washingtonen, baina denak ez dira afro-amerikarrak; Europatik iritsi garen bezala iritsi dira Afrikatik ere beste asko lanera.

Etiopiako amhara hizkuntzan daude, esaterako, webgune ofizialeko bertsio asko. Trafiko bulegora joan garenean, azterketak hamabost hizkuntzatan egin daitezkeela ikusi dugu: ingelesez, espainolez, frantsesez, alemanez, portugesez zein errusieraz Europako hizkuntzen artean (baina ez italieraz), baita amhareraz, arabieraz, vietnameraz, koreeraz, thailandieraz, mandarineraz, kantoneraz, tagaloz eta japonieraz ere. Eta oharra letra larriz: zure hizkuntzan egiteko eskubidea duzu, eskatu lasai horretarako itzultzailea, eta ez badizute ematen eta hizkuntza-kontuengatik baztertzen bazaituzte, salatu honako eta halako lekuetan. Hori bai, bulegoan hartu gaituen funtzionarioa ingeles hiztun elebakarra suertatu zaigu. Euskara ez da ingelesa, ondo dakigu, baina hegemonia izan eta besteen hizkuntza eskubideak betetzeko ideiaren bat hartzeko balio du: hizkuntza ofizialik gabe ere, denok biltzen gaituen estatu-hizkuntza bat, eta norberaren hizkuntza eskubide pertsonalak errespetatuko dituen errepublika bat proposamen interesgarria izan liteke. Zalantzarik gabe, inoiz Eskoziarako onartu berri duten erreferendum proposamenik balego hemen, unionismoaren argudio garrantzitsuena litzateke hizkuntzaren beldurrak astintzea. Eta errepublika euskaldun baten egitasmoak erakartzen eta erantzuten asmatu beharko du beldur horrek aztoratu dezakeen jendea: herritar guztiak hobe biziko eta eskubide gehiago izango dituzten errepublika euskaldun bat, espainiera, frantses, amazig edo errumaniera hiztunak ere aintzat hartzen jakingo duena.

Bulegotik irtetean, sargoriak ekaitza dakar, zerua erabat ilundu da. Banderak masta erdian hiri guztitik, Etxe Zuritik Kapitolioraino. Hamahiru hilkutxa dakartza hegazkin batek etxera, barren eta izarren bandera gainean jarrita; ehun inguru hilotz geratu dira Kabulen. Bi aste falta dira irailaren 11ko erasoen urteurrenerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.