Albistea entzun

LEKU-LEKUTAN

Hiru arretagune 2018an

Urtzi Urrutikoetxea -

2017ko abenduak 31

Independentzia erreferenduma indarrez eragoztera bidalitako eta milaka herritar jipoitu zituzten poliziak erretiratu zituen Kataluniatik Espainiako Gobernuak atzo, larunbatarekin, urteko azken lanegunean. Bihar, berriz, urte berria hasteaz bat, handik pixka bat ekialderago, Korsikan, departamenduak desagertu egingo dira eta elkargo berri bat jaioko da. Horratx dagoeneko albiste diren eta aurrerantzean are minutu eta orrialde gehiago beteko dituzten bi jokaleku hurbil. Eta hirugarren bat: Frantziako Errepublikak berak antolatuko du independentzia-erreferendum bat azaroan Kaledonia Berrian.

Modako telesail politiko baten denboraldiaren amaiera balitz bezala, gain beheran zirudien istorioak berriz gora egin eta amaiera inoiz baino irekiago daukala amaitu da urtea Europan 2017an piztu den gatazka garrantzitsuenean. Lehendik zetorren, baina aurtengo udazkenean egin du gainezka, Europako Batasuna zipriztintzeraino. Irailaren 20ko kolpea, milaka lagunen gaueko lana hautetsontziak banatzen eta gordetzen, espainiar polizien indarkeria eta urriko egun itzelak, independentzia-aldarrikapenera arte. Udagoieneko bigarren erdian, berriz, Erreakzioa, letra larriz. Eta Madrilen garaipenaren erakustaldi behar zuen unean, berriz ere dena hankaz gora, independentistak gailen, Europa sinetsi ezinda —Moncloatik asteotan helarazitakoa irentsi ondotik— eta gatazkari beste nolabait heldu beharko zaiola konbentzituta geroz eta gehiago. Horraino urteak eman duena, gutxi-asko. Eta urtarrilak ezer ekarriko badu, Katalunian aurki ikusiko dugu. Badute erronka independentistek Madrildik ezarritako marko diskurtsiboa gaindituta beren bidea markatu eta errepresioaren aurkako aldarrikapenean ez gelditzeko. Twitterren aipatu dute: «De Gaullek Frantzia Londrestik berreskuratu zuen, ez Alemaniako espetxe batetik. Ulergarria da alemanek hura gatibu nahi izatea, baina frantsesek libre nahi zuten». Presidentea itzultzen bada, gobernatzeko izan beharko luke, ez zulo batean martiri giltzapetu dezaten. Anomaliak nabarmenago egiten du konpondu beharreko arazo bat daukala Espainiak. Espetxean ez, euskaldunok ondo dakigun legez.

Kataluniatik ekialdera, Mediterraneoan, Korsikako elkargoa edukiz betetzeko unea dator, Paris bere buruari ezarritako mugak aipatzen hasi bada ere (frantsesaren ofizialtasun esklusiboak, esaterako, ez du zerikusirik balio errepublikanoekin, duela mende laurden eratutako artikulua), korsikeraren ofizialtasuna ukatzeko, Simeoni-Talamoni bikoteak aspaldi gainditu ditu oso estu datorkion jantziaren muga horiek. Negoziazioen unea da, baina Korsikako agintea ez da geldi egongo Paris noiz mugituko.

Nahi duenean, mugitu egiten baita Paris. Errepublikatik estatu berri bat sor liteke sartzear garen urtean. Kaledonia Berrian «adituen batzordea» eratu dute asteon, erreferendumera begira egin behar diren eztabaidetan «Kaledonia Berriko balio komunak eta bizikidetza» bermatzeko. Urtarrilean bertan ekingo dio lanari dozena bat laguneko taldeak, tartean dira Rock Apikaoua lehen kanak apaiza eta Marie-Claude Tjibaou kanak militante historiko eta Jean-Marie Tjibaou buruzagi abertzalearen alarguna. Hil interesgarriak datoz Frantziaren menpeko lurraldearentzat, eta ikusteko dago Pazifikoko beste kolonia handian, Polinesian, zein eragin daukan.

II. Mundu Gerra amaitu ostean Nazio Batuen Erakundea sortu zenetik estatu berririk sortu gabeko tarte luzeena bete da aurten. Orain arte, deskolonizazio-prozesuen amaiera eta Gerra Hotzaren amaieran sortutako sezesioen arteko sei urteetan zegoen marka hori (Brunei 1984 eta Namibia 1990, zehazki), baina Hego Sudanek New Yorkeko egoitzan 193. aulkia hartu zuenetik sei urte joan dira dagoeneko. Eskoziak ez zuen lortu 194.a 2014an; orain arteko inkestetan ezetza nabarmen gailentzen da Kaledonia Berrian ere. Faroe uharteek konstituzio berrirako erreferendumera deitu dute lau hil barru; zehazki independentziari buruz galdetu ez arren, bidea argi adieraz dezake. Danimarkaren menpeko beste lurralde batek ere, Groenlandiak, egitura burujabea du 2009tik, eta aurtengo apirilean independentzia-adierazpenaren zirriborroa egiteko ardura duen zazpi laguneko konstituzio-batzordea eratu dute, ondo bidean 2019an lana amaitzeko asmoz. Eta begirada Ozeanian hasi dugunez, ezin ahaztu Kaledonia Berritik hur, beste independentzia-erreferendum batera daudela deituta: Bougainville uharteak Papua Ginea Berritik bereiztea bozkatuko du urte eta erdi barru, 2019ko ekainaren 15ean; hala adostu zuten bi aldeek Zeelanda Berriak bitartekari egin zuen eta 1990eko hamarkadan 20.000 lagun hil zituen gerran su-etena ekarri zuen akordioan. Estatuen kluba nahiko geldirik dago aspaldion, baina aulki berriak jarri beharko dituzte hor ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Boluntarioak hondakin artean harrapatuta daudenen bila, Idliben, Siria. ©KARAM AL-MASRI / EFE

Sirian egoera «jasangaitza» dela ohartarazi dute nazioarteko GKEek

Mikel O. Iribar

Ekialde Hurbilean 15.000tik gora dira hildakoak. Erbesteratu kurduek eskatu dute giza laguntza Kurdistango Ilargi Gorriaren bitartez emateko. Turkiako presidentea kaltetutako eremuetan izan da

Kasko Zuriak, erreskate lanean, atzo gauean, Idliben, Siria iparraldean. ©YEHYA NEMAH / EFE

Dagoeneko 15.000tik gora dira Ekialde Hurbileko lurrikaretan hildakoak

Mikel O. Iribar

Askok autoetan eta kalean lo egin dute, etxera itzultzeko beldur. Milaka dira kaltetuak, eta lurrikarak are gehiago okertu du Siria iparraldeko eta Kurdistango egoera. Erreskate taldeak hondamendi eremuetara iritsi ezinik dabiltza.

AEBetako presidente Joe Biden, Kongresuko agerraldian. / ©Jacquelyn Martin, EFE

Biden: «Txinak gure subiranotasuna urratzen badu, geure burua babestuko dugu»

Arantxa Elizegi Egilegor

Estatuaren egoerari buruzko agerraldia egin du AEBetako estatuburuak. Besteak beste, Ukrainako gerraz eta droga trafikoaz aritu da.

Kenyako Baserritarren Ligako idazkari nagusi Sidi Otieno, elastiko gorri batekin. ©OSKAR EPELDE JULDAIN

Kenyako Gobernuaren aurkako salaketa jarri dute transgenikoak baimentzeagatik

Oskar Epelde Juldain

Kenyako nekazari talde batek gobernua salatu du, hazi transgenikoen inportazioabaimentzeagatik. Datorren astean hasiko dute epaiketa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...