urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Maskarak jantzi

2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ni ere hasi naiz. Aurreko astean behin edo behin erabili nuen, eta asteon kalera irten naizen pare bat alditan serioxeago hartu eta maskara jantzita irten naiz errekaduetan. Duela lau hil munduko herrialderik zigortuenetako bat bisitatzeko aukera izan nuenean eskuratutako maskara da, Kongoko Errepublika Demokratikoan. Rwanda eta Ugandako mugetan bertan hartzen zuten tenperatura, baita Goma hiritik irtetean eta bidean zeuden hainbat kontrol-postutan ere, eta denetan eskuak urez eta lixibaz garbitzeko iturri bat zegoen. Baina maskarak Virunga parke nazionalean gorilak ikustera joan ginenean eman zizkiguten: ez ziren gure babeserako, alderantziz baizik, gorilak gure eztul zein doministikutik babesteko.

Jason Hargrove Detroiteko autobus gidariaren bideo tragikoa biral bihurtu da. Zortzi minutuko grabaketa bat da, autobusetik jaitsi eta gertatu zaiona kontatzen: «Profesionala izaten saiatzen naiz, isilik gelditu naiz, baina lekuren batean marra gorria jarri behar da eta aski dela esan. Bortxatua sentitzen naiz, emakume bat autobusera igo eta ahoa estali gabe eztulka hasi zait, bost edo sei aldiz». Detroiteko autobus konpainiak ostegunean jakinarazi zuen Jason Hargrove hil egin zela.

«Maskarak ez dira janzten duena babesteko, egin dezake norbaitek aurpegian doministiku egiten badizu, baina besteak babesteko dira, batez ere jakinda zeinen handia den sintomarik ez duten eta gaitza dutela jakin ere ez dakitenen kopurua», zioen herenegun Jonathan Reiner AEBetako hiriburuko George Washington ospitaleko kardiologoak. Kalean jendeak maskarak erabiltzeari buruz galdetu zioten CNN katean, ez ospitaleetan jantzi beharrekoez; hau da, ea zuzen zeritzon Asian aspalditik erabiltzen diren eta zenbait estatuk derrigorrezko bihurtu den elementu hori baitezpadakoa izatea AEBetan ere.

«Zer egin dute Txinan, Hego Korean? Urruntze sozialarekin batera, mundu guztiak maskara, denei eskatu beharko litzaieke. Aspaldi jakin dugu maskarek transmisioa eragozten dutela, Espainiako gripearen irudiak ikusten baditugu, duela 102 urte, mundu guztiak darama maskara». Reinerrek gogora ekarri zuen urtarrilaren 21ean izan zutela lehen positiboa AEBetan. Gaitza pandemia bihurtzeko beste 50 egun behar izan baziren ere, herrialdeak ez zuen ia inolako prestakuntzarik egin ezinbestean zetorkion hondamendirako. Mendebaldeko herrialde gehienetan bezala.

Europako herrialderen bat hasia zen maskararen erabilera derrigortzen; Austrian ere neurria hartzear dira, Bulgarian ere bai, eta CDC AEBetako osasun zerbitzuak maskara erabiltzea aholkatu du azkenean; entzungor egingo diola adierazi duen lehena Donald Trump izan da. Beste hainbat gaitan bezala —«ez da test masiborik behar, sintomak dituztenei soilik egin behar zaizkie»; «ez da maskararik erabili behar, eskuak garbitzea eta eztul edo doministiku egitean babestea aski da»; «maskara arriskutsua ere izan daiteke ondo erabili ezean»—, duela bizpahiru aste esandakoak gehienez ere erdi-egiak zirela agerian gelditu da, eta, askotan, gezur hutsa.

Urteotako murrizketek lotsariak agerian utzi aurretik jendearen osasunaren gainean gezurretan ibili diren arduradunenak. Etxe Zurian zein Eusko Jaurlaritzan, gezurra nagusi, eguneroko prentsaurrekoek informazio jarioaren itxura eman arren. Gardentasunez mozorrotuta eta informazioz bonbardatuta ere, gezurra bidal daiteke. Egia gordinak ezkutatzea ezinbestekotzat jotzen dutenean batez ere.

Espainia aztoratu egin zen ostiralean Turkiak Txinako hegazkin bat geldiarazi zuelako, eta osasunerako materiala errekisatu. Atzo Andres Mourenza kazetariak argitu zuen Turkiako enpresek egindako materiala zela, eta Ankarak aginduta daukala osasungintzarako materialak herrialdean bertan gelditu behar duela koronabirusaren gaitzak dirauen artean. Europako herrialdeek egin duten bezala, alegia: duela hilabete justu, Frantziako gobernuak errekisatu egin zituen Suediako Molnlycke enpresak Lyongo biltegi baten zituen lau milioi, erdiak Espainiarako eta Italiarako ziren. Biharamunean, hiri bereko beste fabrika bat Erresuma Batuak egindako eskaria bertan behera uztera behartu zuen Parisek, eta Suitzako enpresa bati debekatu egin zion mugaren Frantziako aldean zituen produktuak hartzea.

Martxo hasieran Alemaniak ere debekatu egin zuen herrialdean ekoiztutako osasun-materialak atzerrira esportatzea, eta, hala, Suitzarantz zihoan kamioi bat geldiarazi zuen, 240 mila maskararekin, eta Txinatik herrialde bererako eskularruz betetako edukiontzi bat ere atzeman zuen. Aste berean, Italiara beste 830 mila maskara zeramatzaten bi kamioi geldiarazi zituzten —egun batzuk beranduago itzuli zituzten—. Horrelako kasu ugari gertatu dira. Europak auzo-herrialdeekin adierazi ez duten jarrera erakutsi dute Txinak edo Kubak, bi kasu adierazteko, eta ez dira anekdota soilak izango hau guztia amaitzen denean. Eta asteotan Washingtonen zein Gasteizen esandako gezurrak eta gezurtien izenak ere ez daitezela ahaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.