Olatz Urkia
LEKU-LEKUTAN

Shinzo Aberen hilketa

2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Japonian Abe ministro ohiaren hilketaren ondoren shocka da nagusi. Tiroketa izan zen mendebaldeko Nara hirian biztanleek lekura gerturatzen jarraitzen dute loreak, mezuak, tea eta zerbeza botilak uzteko. Haren aldekoek eta haren kontrakoek. Gehien errepikatzen dutena da horrelako zerbait Japonian gertatu izana sinestezina dela.

2012tik 2020ra lehen ministro izandako Abek, ofizialki kargua utzita zuen arren, eragin handia zuen politikan, eta, ostiralean, gaurko hauteskunde parlamentarioei begira bere alderdiko hautagai bati babesa emateko mitina ematen ari zen bizkarrean tiroa jaso zuenean.

41 urteko erasotzailea berehala atxilotu zuten. Etxean egindako arma bat erabili zuen 67 urteko politikaria hiltzeko. Hilketaren arrazoia azaldu du: dirudienez, bere ama zorpetu zuen talde erlijioso baten liderra hiltzea zuen helburu, Shinzo Abek talde horrekin harremana zuelako. Bere mitinean liderra izango zen itxaropenarekin gerturatu zenean, liderra ez zegoela ikusi eta azkenean lehen ministro ohiari tiro egiten amaitu zuen.

Lehen ministro ohiarekin kritikoak asko dira Asian, batez ere Txinan eta Hego Korean, bere aitonaren inperialismoaren jarraitzaile gisa ikusten dutelako. Karguan egon den urteetan, defentsan inbertsioa areagotu eta Estatu Batuekiko gertutasuna ere bultzatu du. Hala ere, bai Seulek eta bai Pekinek atentatua erabat gaitzetsi dute.

Etxean fabrikatutako eskopeta bat

Erasotzailea, Yamagami Tetsuya, argazkietan ikusi dugu, ohiko itxura duen gizon argal bat, betaurrekoekin. Bere arma ere lurrean ikusi dugu komunikabideetan, segurtasun arduradunek 41 urteko gizona lurrean immobilizatu zuteneko irudietan: etxean egindakoa; eskopeten moduan bi hodi metaliko ditu, zati desberdinak elkartzeko zinta itsaskor beltza, eta kea eta zarata handia tiroa egitean.

Etxean sortu zuen militar ohiak arma. Japonian suzko armak debekatuta daude, eta haien salerosketa erabat kontrolatua dago. Horregatik, Asiako herrialdean ekitaldi politikoak kalean bertan eta segurtasun neurri handirik gabe antolatzea ohikoena da. Orain arte behintzat; aurrerantzean segur aski hori aldatu egingo da.

Egunotan kazetarien galderei erantzun dieten gehienek diotena da horrelako zerbait Japonian gertatu izana sinestezina dela. Txinan ere sorpresa da nagusi. Japonia bizilagun dute, eta oso gertu sentitzen dute gertatutakoa.

Betiko teoriak eta gorrotoa

Harritzekoa ez dena: hilketa baieztatu eta segituan hasi dira komunikabide batzuetan eta sare sozialetan nahasmena areagotzen: konspirazioak, interes ezkutuak, gertatutakoarekin zerikusi handirik ez duten hausnarketak.

Estatu Batuetako aktibista eskuindar batek Twitterren:

«Orain denok galdetu beharreko galdera garrantzitsuena: ba al zegoen Txinako Alderdi Komunista atentatuaren antolakuntzaren jakinaren gainean. Edo konspiratzaile ultraeskuindar estatubatuar batek: «Txina Japonia asertibo eta indartsu baten aurka egon da beti. Honen atzean egon liteke».

Asiako zenbait herrialdetan, Txinan ere, atentatuak sortu duen sentimendu nagusia shocka izan den arren, lerroburu batzuetan beste sentimendu batean jarri dute arreta: gorrotoan. Agian atentzioa sentimendu horretan jarri nahi dutenak dira azken finean gorrotoa ezkutatu ezin dutenak?

Hainbat lekutan agertu dira horrelako lerroburuak: Txinatarrek Aberen hilketa ospatzen dute. Hasteko, txinatarrak asko dira, eta ezin dira zaku berean denak sartu. Gobernuari dagokionez, Pekinek atentatua erabat gaitzetsi du, baita Seulek ere, Shinzo Aberekin harremanak onak izan ez diren arren. Noski, argi dute, tentsio politikoez haratago, horrelako hilketa bat onartezina dela.

Egia da txinatar batzuek sarean hilketaren ostean hoztasunez erreakzionatu dutela; zauri historikoak hor daude:

Weibon Txinako Twitterren, gazte batek: «Loretxoak Yasukunira bidaliko ditugu, eta bere aitona gerra kriminalarekin ehortziko dute?».

Edo beste batek: «Nanjingeko 300.000 hildakoen arimek beren ametsa bete dute azkenean».

Europak sarritan ahazten duen zerbait du Txinak oso gogoan: Bigarren Mundu Gerran Japoniako armada inperialak egin zuen sarraskia; Nanjingen torturatu, bortxatu eta hil zituzten guztiak. Yasukuni Japoniako memorial gatazkatsu bat da, gerra krimen horiek egin zituztenak heroi bihurtzen dituen lekua hain zuzen ere. Eta Shinzo Abek bertara bisita egin izanak Txinan eta Hego Korean sortu zuen haserrea ez da oraindik erabat itzali. Japoniak ez du oraindik barkamenik eskatu.

Orain, Abe bizkarretik egindako tiro batez hil ondoren, horrelako kritikak kanpora ateratzea ulertezina egiten zaigu: hotza, zinikoa, gizatasunik gabekoa iruditzen zaigu, agian. Eta horri ere ironiaz erantzuten diote sareetan: «Barkatu diezaiola Abek bere hiltzaileari, gorrotoa ahaztu beharreko sentimendua dugu eta».

Hala ere, shocka nagusi

Beste askok ere sareetan japoniarrentzat mezu enpatikoak idatzi dituzte edo ministro ohi japoniarraren alde positiboak gogorarazi nahi izan dituzte. Batek, adibidez, Hangzhouko G20an 2016an Abek hotel bateko garbitzaileari eskerrak emateko txineraz eskuz idatzi zion mezua partekatu du sareetan.

Eta Pekinen, behintzat, kalean, bizilagunekin, merkatuan eta lagunartean galdetuta gehien entzundakoa tristura eta harridura dira: «Baina nola da posible?»; «baina nola sortu du arma hori?»; «horrela bizkarretik hiltzea ere... Gizon gaixoa».

Zauri historikoak ez ditu inork ahaztuko hemen, baina, Japoniak barkamenik eskatu ez duen arren, gehienak gai dira guztia alde batera utzi eta hilketa gaitzesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.