urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Telefonoaren beste aldean

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Guenter Schabowski. Zenbat aldiz esan izan ote genuen izen hura Berlinen bizi ginela, mende honen hasieran. Izenarekin bat anekdota zetorren, karrera politiko oso batetik geratu zaiona: 1989ko azaroaren 9 hartan, Alemaniako Errepublika Demokratikoko gobernuaren eleduna zela, Berlin ekialdeko Mohrenstrasseko egoitzan prentsaurrekoa egin zuen. Telebista zuzenean zela iragarri zuen aurrebaldintzarik gabeko «bidaia pribatuak atzerrira»onartu zituela ministroen kontseiluak. Lehen aldiz ari zen irakurtzen legea, eta italiar kazetari batek noiz sartuko zen indarrean galdetu zionean, zalantza egin zuen Schabowskinek; betaurrekoen gainetik begiratu zuen testua, eta bere uztatik erantsi zuen: «Nik dakidala berehala, atzerapenik gabe»—Das trifft nach meiner Kenntnis ist das sofort, unverzüglich—. Bestelako edozein erantzunek «ezin dizut orain bertan esan, datozen egunetan jakinaraziko ditugu zehaztasun gehiago...»—, gauza baretuko zuen, baina «berehala»horrek dena prezipitatu zuen.

Irudia ezaguna da: geroz eta jende gehiago pilatzen Bornholmerstrasseko mugako kontrolgunean, inolako informaziorik ez zeukaten mugazainen aurrean. Polizia-auto batetik handik joateko diotse, komisarian bidaiatzeko baimena eskuratu eta itzultzeko, baina ordurako itxita zegoen aldameneko komisaria. Presioa gorantz, jendetza mendebaldera igaro guran —«joan eta etorri, ordu pare bat izango dira», ordura arte Harresiaz beste aldera joateko betiko alde egitea esan gura zuen—, eta muga-postutik, deia nagusiei, ministeriora, ea zer egin behar zuten. Baina inork erantzun ez telefonoaren beste aldean. Hurrengo urteetan gertatuko ziren gauza asko halaxe jazo ziren: telefonoaren beste aldean inor ez zelako egon.

Dresdenen jendetza KGB eta Stasiren bulegoetarantz zihoan hilabete beranduago, abendu hasieran. Aurrera ez egiteko eta sobietarrak armatuta zeudela jakinarazi zieten, eta atzera egin zuten manifestariek azkenean. Baina ordurako espioiak dokumentuak erre eta erre ari ziren bulegoetan, «hainbeste erre, galdara lehertu egin zen» gogorarazi ohi du Saxoniako hirian ziharduen KGBko kide ohi batek: Vladimir Putinek. Diotenez, beste esaldi batek markatu zuen: egoeraren aurrean zer egin behar zuten galdezka, «Moskuk erantzunik ez» ihardetsi zietenean.

Duela 30 urteko goiz hartan gutxik irudikatuko zuten eurak jaio eta hazi ziren estatua ez zela izan ere izango hamar hil barru. Baina hurrengo urrian irentsi zuen mendebaldeko herrialdeak, eta Europako Batasunak ere bere mugak hedatu zituen ekialderantz. 1989 hartatik gaur arteko erdibidean dago EBk inoiz egindako zabalkunde handiena, 2004an 15 estatu izatetik hogeita bost izatera igaro zen; hamar horietatik erdiak baino gehiago, sei, ez ziren existitzen hamabost urte lehenago: Txekia, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Letonia eta Lituania.

Berlingoa gertatu eta urte erdi baino ez zen igaro azken horrek independentzia aldarrikatu zuenerako, 1990eko martxoaren 11n. Baina Alemanian Mikhail Gorbatxov gurtzen zuten bitartean, SESBeko presidenteak legez kanpokotzat jo zuen Vilniuseko aldarrikapena, eta linbo horretan jarraitu zuen herrialde baltikoak urte eta erdiz. Vicent Partalek gogora ekarri ohi du: herrialdeko agintea independentisten esku zegoen, baina aireportura iristean sobietar soldaduak zenituen oraindik zain.

Ñabardura bat: sektore eskuindarrek bultzatutako independentismoa izan arren, Euskal Herrian zalantza gutxi egon ohi zen herrien askatasuna bultzatzeko. 1990eko apirilaren 15ean, Iruñean Herri Batasunak egindako manifestazioan Sinn Feineko eta Korsikako ordezkariak egon ziren berbetan, kaputxadun batzuek ETAren anagrama eta «independentzia eta sozialismoa»leloa zeukan pankarta jarri zuten, eta ekitaldiaren amaieran bi bandera jarri zituzten ikurrin baten ondoan: Hegoafrikatik bereizi berri zen Namibiakoa, eta Lituaniakoa.

Baina Sobietar Batasunak iraun zuen 1990 hartan, baita hurrengo urteko zati handienean ere. Abuztuko estatu kolpeak porrot egitean iritsi zitzaizkion Lituaniari nazioarteko aitortza gehienak. Beste herrialde baltikoek eta Georgiak ere eginak zituzten independentzia erreferendumak, baina beste inork ez zuen batasuna uzteko ahaleginik egin. Hala aitortzen dute Asia erdialdeko, Azerbaijango eta gainontzeko errepubliketako ordezkariek: estatu kolpearen biharamunean, bertako sobietetatik Moskura deitu zutela, «baina ez zegoen inor telefonoaren beste aldean». Eta, hala, sekula independentzia asmorik izan ez zuten hamaika errepublika independente bihurtu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.