urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Zergatik eutsi dio Frantziak Kaledonia Berriko galdeketaren datari?

2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Ehun eta laurogei graduko aldaketarik egon ezean, hiru aste barru independentzia erreferendumik zentzugabeena egingo dute Kaledonia Berrian. Frantziako Gobernuak duela hamar egun berretsi zuen maiatzean ezarritako datari eutsiko diola, eta, hala, entzungor egin dio independentistek galdeketa 2022ko irailera atzeratzeko egindako eskaerari. Independentismoak iragarri zuen ez zuela erreferendumean parte hartuko abenduko datari eusten baldin bazitzaion, horretarako baldintzarik ez zegoela argudiatuta.

Maiatzean bertan, errezelo handia piztu zuen hautuak, eta independentisten artean zati batek Parisko negoziazioetara ez joatea erabaki zuen. Edozelan ere, FLNKSren alde guztiek bat egin zuten erreferendumean buru-belarri sartzeko, une historikoaz jabetuta. Ezin ahaztu Kaledonia Berriko indarkeria egoerari amaiera eman zion Noumeako Akordioaren ondorio direla orain arte egindako bi galdeketak, eta egiteko dagoen hirugarrena, eta horrekin amaitutzat joko litzatekeela 1998an abiarazitako prozesua.

Parisek bide orriari ezarri dion hurrengo kapitulua 2023ko ekainerako aurreikusi du: erreferendumaren emaitzaren arabera, estatusa negoziatzeko urte eta erdi hartu eta berriz herritarrei galdetu estatu berri horri buruz. Baina hori guztia Frantziako Estatuak bere kabuz hautatu du —Noumeako Akordioak ez bezala—, eta argitu gabe daude oraindik prozesu horren detaile gehienak. Besteak beste, nork izango duen galdeketan parte hartzeko eskubidea.

Argudiatu liteke, noski, Kaledonia Berria NBE Nazio Batuen Erakundearen Deskolonizazioaren zerrendan dagoen herrialdea izanik, Frantziak egin behar duen gauza bakarra deskolonizazio hori independentzia bidez gauzatzea dela. Baina arrazoi izatea ez da aski izaten helburuak lortzeko. Noumeako Akordioak bide orri bat du, hiru galdeketa eta errolda zehatz batekin, kanak herri indigena aintzat hartuz eta 150 urtetako minorizazioa mugatuz. Erreferendumean kanak guztiek parte har dezaketen artean, europar eta bestelako jatorria dutenetatik luzaroan bertan bizi izandakoek baino ez dute erreferendumean bozkatzerik. Loialistek sarritan salatu dute milaka herritar botorik gabe daudela erreferendumean, esaterako. Baina ezin ahaztu bi aldeek onartutako Noumeako Akordioan jasota dagoela neurri hori, kolonizazioaren ondorioak leuntzeko.

Hirugarren erreferenduma azkena izanik, hortik aurrerako urratsak berriz negoziatu beharko lirateke, boto-emaileen errolda barne. Horrek guztiak egoera agoniko bat ekarri du prozesura, eta tentsioa gora doa egunik egun. Independentistek ez dute boikotik eskatu; data da auzia. Eta nolatan leherraraz dezake prozesu guztia detaile horrek? FLNKS barneko Palika Kanak Askapeneko Alderdiak «gerra deklaraziotzat» jo du erreferendumaren datari eustea. NBEren Deskolonizazio batzordera eramango dute galdeketa, eta lehen ere Melanesiako estatu independenteak euren alde izan dira. Izan ere, zein zilegitasun du herrialde bateko independentzia erreferendumak, bertako indigenei entzungor egiten badiezu?

Aurreko bi galdeketetan ezetzak irabazi zuen, baina independentismoak berebiziko 3,34 puntu egin zuen gora, eta unionismoak behera, noski, lehen galdeketatik bigarrenera. Politika-fikzioa da beste bi urteren buruan joera horri eutsiko ote zaion, baina, %43,33tik %46,74ra igo zirela kontuan izanda, eta unionismoa %56,67tik %53,26ra jaitsi, joera horren segida matematikoak %50,04 independentista eta %49,85 loialista ematen du. Bai, politika-fikzioa da, baina zenbakiak zeinen estu egon litezkeen ere agerian uzten du. Eta Parisen eta unionisten presa azaltzeko ere baliagarri da.

Independentistek lehendik ere bazekiten ahalik eta denbora gehien behar zutela; pandemiak are nabarmenago jarri du errealitatea: urte eta erdi guztiz itxita egon da artxipelagoa, ia kasurik gabe eta zero hildakorekin. Irailean, baina, oldar betean sartu da gaitza: 270 lagun hil ditu, horien %80 kanakak edo Pazifikoko herrietakoak. Giro horretan ez dagoela galdeketarik egiterik salatu dute independentistek, besteak beste melanesiar kulturan doluari ematen zaion garrantziagatik. Nagusikeria kolonialistaz erantzun du Parisek, artxipelagoko herri indigenari entzungor. Ez da tradizio kontua soilik: kanak independentistek badakite irabazteko boto guztiak behar dituztela, azken herrixka eta auzuneraino joan behar dutela jendearen mobilizazioa lortzera, hori atez ate lortuko dutela, ez sare sozialetan. Eta hori ezinezkoa da izurritearen erdian, herriak doluan eta erdi-konfinatuta egonik.

Sinetsita nengoen, beste asko bezala, testuinguru honetan Frantziak galdeketa atzeratuko zuela. Ez zuten zertan independentistei arrazoi eman; osasun-argudioak aski ziren horretarako. Orain eta irail artean presidentetzarako hauteskundeak daude, eta horrek dena zipriztindu du. Besteak beste, eskuin muturrari aurre egiteko, haren mezu eta jarrerak hartzea, bai migrazioari dagokionez, bai frantses inperialismoaren ikuspegitik ere. 23 urteko prozesua kareletik botatzear da Paris, eta hori da larriena, horrek izan ditzakeen ondorioez jakitun ari dela horrela jokatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.