LEKU-LEKUTAN

Alemanian

Urtzi Urrutikoetxea -

2018ko apirilak 1

Bi azalpen, elkarren kontrakoak eta ura nork bere errotara ekarriz: Espainiako zerbitzu sekretuek dena kontrolpean zeukaten, eta Belgikatik urrunen zegoen unea baliatu zuten berriz ere euroaginduak aktibatzeko, hartara hegazkina hartzea eragotzi, lurreko bideari ekin eta espainiar interesetarako egokien den estatuan atzemateko. Frantzia eta Italia ei dira Kataluniako lehendakariarentzat arriskutsuenak diren mendebaldeko estatuak, inolaz ere sartu eta igaro behar ez lituzkeenak. Bertsio independentista horren kontrakoa da, noski: Europako abokaturik onenetakoak ditu Puigdemontek aholkulari, eta kalkuluen barruan dago gertatzen ari den guztia. Gehiegizko konfiantza ematea izan liteke, ustezko prestakuntza zer gutxi den behin baino gehiagotan agerian utzi duen prozesuko politikariez ari garela, baina eutsi diezaiogun pixka batean teoriari. Horren arabera, hilaren 23an Llarena epaileak agindua aktibatu baino egun bat lehenago ezaguna zen hala egitekotan zela, eta gura izatera, lasai asko hartuko zukeen Helsinkitik Bruselarako hegazkina. Azken hori lartxo sinestea izanda ere, Suediara ontzia eta lurreko bidea berariaz hobetsi izana ontzat jota, egia da zentzu gutxikoa dirudiela Belgikako matrikula daukan eta Puigdemontena dela denek dakiten autoan ekitea horrelako bidaiari, ezer ezkutatzeko asmorik gabe (eta egon zen nahasmenik president-aren nondik norakoez, hark hitzaldia ostiralez eman eta igande goizez atxilo hartu zuten arte). Duela hamar eguneko etsipen giroaren erdian, Parlamentuak Jordi Turullek lehendakaritza ezin lortu eta biharamuneko espetxeratzeak horren adibide, eta CUPek oposiziora doala iragartzea, ezin uka prozesua indartu eta arnasberrituta dagoela. Eta gain behera zihoana berriz altxatzea lortzen baduzu, haizea alde ala aurka duzun ez duzu jakingo, baina bai bela berriz ere goratu duzula.

Duela urte erdi, agertoki guztiak aurreikusita eta estatua eratzeko xehetasun txikiena prestatuta zeukan mugimendua irudikatzen genuen Euskal Herritik Kataluniara begira. Konstituzioa zirriborratu eta herritarrek osatzeko aroan behar genuen. Ezin uka ikerketa, txosten eta eztabaida mordoa egin zituztela, eta idatzi eta argitaratu zituztela ehunka orri estatu berriaren elementu gehienei buruz. Baina horiek praktikan jartzeko egitasmo errealistarik ere ez zegoela nabarmen gelditu da, eta inprobisazioaren ondorio izan direla neurri handi baten politikarien urratsetako asko (politikakeriaren hauteskunde kalkuluak gehiegi ez aipatzeagatik).

Ukazioa, gutxiespena eta azken uneko anikilazio-ahalegina izan ohi dira Espainiako politikaren ezaugarrietako bat arazoen aurrean. Katalunian legez, historian beste hainbat alditan. Kontua ez da beste inperio batzuen jarrera zuritzea, berdintsu edo are ankerrago jokatu izan dute Londresek zein Parisek, inorekiko konplexurik gabe, baina pragmatismoz halaber, auzia usteltzen utzi ordez nolabait konpontzeko biderik egon izan bada. Kultura eskandinaviar eta anglosaxoniarretan errotuago dago erreferenduma eta askatasun indibidualetatik kolektiboetara herritarren parte hartzez jotzea, baina Frantziako uniformizazioak ere badu bere alde pragmatikoa, asteon Kaledonia Berriko erreferendumeko galdera bera zelan adostu den horren adibide: unionistek berariaz gura zuten «independentzia» kontzeptua bere biluztasun gordinean agertzea, eta independentistek hobesten zuten «subiranotasun osoa» hitzak halaber jasotzea galderak. «Nahi al duzu Kaledonia Berriak subiranotasun osoa erdiestea eta independente bihurtzea?».

Horren aurrean, Alemanian ebatziko da kale edo bale izango den. Belgikak eta Suitzak argi samar utzi dute ez dutela inor espainiaratuko, eta Clara Ponsatik Eskozian eta Erresuma Batuan lortu duen babesa geroz eta deserosoagoa zaio Madrili. Baina prezio onargarria litzateke hori guztia, Puigdemont Espainiara estraditatzea onartuko balute. Angela Merkelen esku balego erabakia, baliteke presioei entzungor egin eta Europan alderdikide duen eta hegoaldeko estatuetan morroi otzan eta leialena izan duenaren eskaria ontzat ematea, pieza garesti kobratuta betiere (areago, Italiako ezegonkortasuna aintzat hartuta). Europako agintari garrantzitsuena lehen ere argi lerratu da Rajoyrekin, bazterreko ñabarduraren bat gorabehera, Kataluniari nazioarteko dimentsioa ukatzeko. Orain auzi hori etxean lehertu zaio. Companysi egindakoaren memoria ere hor dago, iragana beste inon baino astunagoa den herrialdean. Alemaniak beste inork baino gehiago daki botere exekutiboak eta judizialak erabat bereizita behar dutela. Baina Espainiaren porrotik handiena litzateke nork eta Berlinek esatea ez dutela Puigdemont estraditatuko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Trumpen aldeko kartel bat uretan, Kapitolioko atarian. ©GAMAL DIAB / EFE

TRUMPISMOA UZTEKO GARAIA

Arantxa Elizegi Egilegor

Buruzagi errepublikanoak lau urteotan hartutako erabakiak iraultzea izango da Joe Bidenen legealdiko lanik neketsuenetako bat. Baina ez bakarra. Pandemiaren aurkako neurriak hartu eta errepublikanoekiko zubiak eraikitzen ahalegintzeaz gain, etxean duen zatiketa ere leundu beharko du.
 ©BERRIA

EBk nahi du, baina ez du nahi

Ander Perez Zala

Joe Bidenen garaipenak berritu egin du Europako Batasunak AEBekiko harremanari buruz abiatu duen barne eztabaida: etxeko eta kanpoko testuinguruek ahalbidetzen al dute talde komunitarioa independenteagoa bilakatzea atzerrian?
Soleimaniren hilketa salatzeko protestak. ©RAHAT DAR / EFE

Bidenek beste alde batera jotzeko zain

Ricard Gonzalez

Ekialde Hurbilarekiko harremanak gaiztotu egin dira amaitzear den legealdian. Agintari aldaketarekin testuingurua ere irauliko den itxaropena dute askok, Iranek adibidez. Baina baliteke Bidenen lehentasunak bestelakoak izatea.

Laschet, CDUko buru berria

Gorka Berasategi Otamendi

Kristau-demokraten presidentea «zentrista» gisa aurkeztu dute, eta Merkelen ildoari segida emango diola espero da. Alderdiko sektore eskuindarrenari gailendu zaio kongresuan, %52ko babesarekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.