urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Erreferendum erabakigarriena

2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Asteazkenean iritsi zen albistea: urte erdi barru, Kaledonia Berriak independentzia erreferenduma egingo du berriz ere. Hirugarrena izango da hiru urtean, 2018ko eta 2020koen ostean, Noumeako Akordioan adostutako azkena. Lehen bien artean ia urte biko tartea utzi zuten (lehena azaroan, bigarrena urrian), eta orain ere epea ahalik eta gehien luzatzearen aldekoak ziren independentistak. Baina Parisek aurten bertan egitea hobetsi du, gainerakoan presidentetzarako hauteskundeak direla-eta. Le Figaro egunkariak egindako inkesta batek dioenez, Frantziako herritarren % 66k Kaledonia Berriaren deskolonizazioa eta independentzia onartzen ditu. Besterik da Matignonen nola eta zergatik ari diren mugitzen hariak.

Sebastian Lecornu Itsasoaz Haraindiko ministroak Parisera egindako galdeari FLNKSeko bi alderdietatik bakarrak erantzun dio; UC Kaledoniar Batasuna negoziaketetan egon da (datan ezer negoziatzerik izan ez duten arren), eta UNI Independentziarako Batasun Nazionalak Europaraino etortzeari uko egin dio. Ikusi beharko da datorren urte erdian ekintza komunik eratu dezaketen; iazko erreferendumean inoizko emaitzarik onena lortzeko erabakigarria izan zen elkarlan hura, esate baterako.

Gerora, ordea, gaiztotu egin dira gauzak: lehen aldiz independentistak nagusi ziren gobernua eskuratu zuten otsailean, baina ordutik ez dute adostasunik lortu Gobernu horren buru zein independentistak egon behar duen erabakitzeko. Garrantzitsuena ez dela hori argudiatu izan dute, baina zatiketa irudia emateaz gain, lehen ondorio praktikoa aurrekontua ere Parisek inposatzea izan zen, eta unionistek euren argudioak indartzea: zein estatu berri sortu nahi duten, gobernua eratzeko ere ados jartzen ez direnek.

Orain, urte erdian herritarrei aurreko erreferendumetik egindakoaren bilana erakusterakoan, hori guztia izan beharko da aintzat. Lehen urratsa hamaika egun barru izango da, ekainaren 17tik 21era; Noumeako Akordioa sinatu zuten aldeek batzordea eratuko baitute erreferenduma antolatzeko. Gero, azaro amaieran hasiko da kanpaina eta abenduaren 12an egingo dute bozketa.

Sektore independentistak oso gogor kritikatu ditu Parisen jarrera eta aukeratutako data. Parisko elkarrizketetan egon den UCk hasiera-hasieratik eta, herenegun, UNIko buruzagitzak. 2022ko iraila nahi zuten, eta sei hilabete baino ez dituzte orain, «gure historiako unerik erabakigarriena» prestatzeko, Louis Mapou UNIko buruak esan bezala. Ondo dakite, funtsean, metropolitik eta estatutik dagoen kezka handiago baten ondorio dela dataren hautua. Baina maiatzeko presidentetzarakoetatik urrundu nahi izanda ere, ezingo da eragotzi erreferendum-ostea hark baldintzatzea: bai presidentziarako kanpainak, bai eta, zer esanik ez, Eliseoan egon litekeen buruzagiak.

Gakoa, orain inoiz baino gehiago, abenduaren 12a baino, 13tik aurrera zer gertatuko den baita, independentistek salatzen dutenez. «Nork berma dezake trantsizio epe lasai bat, baietzak irabaziz gero, hauteskunde presidentzialak justu segidan deitzen badira? Eta berdin ezetza gailentzen bada». Orain arte argi samar egondako ibilbide orria, hirugarren erreferendumean amaitzen da. Hortik aurrera, Lecornu ministroak iragarritakoaren arabera, urte eta erdiko trantsizio epea legoke 2023ko ekaineko beste erreferendum batera arte: independentzia nagusitu balitz, epe horretan botere transferentzia eta konstituzio berria bozkatzeko, eta unionismoa gailen bada, estatus berri bat adosteko.

2018an %56,7-43,3 izan zen emaitza unionisten alde, eta iaz %53,3-46,7. Bi galdeketen artean egondako aldaketa bera balego hirugarrenean ere (3,4 puntu), independentismoa nagusituko litzateke %50,1-49,9. Baina noski, hori matematika fikzioa da, esnesaltzailearen kontua, banu, balego eta balitz. Argi dago abiapuntua ez dela egokia independentistentzat. Ez dute boikotik aipatu, baina indarrak eta estrategiak bateratu beharko dituzte datozen asteetan; gobernua eratzeko ezin izan duten hori bera.

Besteak beste, 2023ko galdeketa horretarako zalantza asko daudelako, eta horietako garrantzitsuenetakoa, nork izango duen bozkatzeko eskubidea. Noumeako Akordioak zentsu berezia eratzea ahalbidetu zuten, orduko egoera demografikoa desitxuratu ez zedin; hala, ohiko hauteskundeetan bozka dezaketen ia 40.000 lagunek (% 17) ez dute erreferendumean parte hartzerik. Gehienak, Europatik etorritako eta jarrera unionista duten frantsesak dira, eta geroz eta ozenago salatu dute egoera hori.

Orain arte, kanak indigenak bereziki aintzat hartzen dituen zentsua baliatu dute independentistek, Noumeako Akordioari esker. Bide hori amaitzen denean, abenduan, galdera-ikur asko datoz. Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da hirugarren erreferendum hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.